Zuzenean

Naiz Irratia

Chill Mafia, Nøgen, Julen Alonso eta Ibai Marin, apirileko 'Beste Bat' saioetan

'Beste Bat' saioetako lekukoa hartuko dute apirilean Chill Mafia, Nøgen, Julen Alonso eta Ibai Marin y La Vieja Guardia taldeek. Azken hauek emango diote hasiera hilabete honetako saioei. Gaur bertan, arratsaldeko 15:00etan. 

Beste Bat -Apirila [Julen Alonso, Nøgen, Chill Mafia,Ibai Marin]
Beste Bat -Apirila [Julen Alonso, Nøgen, Chill Mafia,Ibai Marin]

Zein musika entzuten dute Nøgenekoek? Zeintzuk dira Kiliki Frexko eta Flakofonkiren musika erreferenteak? Nondik edaten dute Ibai Marin eta La Vieja Guardiak? Eta Julen Alonso trikitilariak? Duda horiek guztiak argituko ditugu apirileko 'Beste Bat' saioetan. Martxoko musikariei lekukoa hartu eta lauko honek egingo ditu hilabete honetako bazkalosteko 'Beste Bat' saioak. 'Ibai Marin y La Vieja Guardia' taldeak emango dio hasiera hilabeteko honetako saioei gaur bertan.

Julen Alonso oriotar trikitilariak gidatuko du astelehenetan Naiz Irratiko 'Beste Bat' saioa.  Alonso urte luzez ibili da trikitixa txapelketetan eta jaialdietan parte hartzen Eneritz Aulestia abeslariarekin batera. Musikari ezberdinen disko eta zuzenekoetan jotzen ibili ondoren,  bere proiektua propioa ere atera zuen aurrera: 'Sutan Dantzan'.

'Ibai Marin eta La Vieja Guardia' taldeak egingo du Beste Bat saioa astearteetan. Ibai Marin oriotarrak bide berriak probatzea du gustoko, horregatik aritu da taldean eta bakarka. 'Hira' taldearekin aritu zen lehendabizi, eta bakarka bi disko kaleratu ditu, lehena 2018an 'Bidean Naiz', lan autobiografikoa izan zen hura, eta estiloz oso intimista. 2021ean kaleratu du bigarrena,  'Desde lo Salvaje', 8 kantuz osatutako lana da. Azken lan honetan bere rock sustraietara bueltatu da Marin. Hala ere, 'Beste Bat' saioetan ez da bakarrik arituko Ibai Marin, ondoan izango ditu La Vieja Guardiakoak.

Nøgen talde Donostiarrak hartuko du lekukoa asteazkenetan. Abenduan aurkeztu zuten beraien disko luzea 'Under Alt'. Markel Idigorasek Danimarkan egin zuen egonaldi baten harira eman zioten taldeari hasiera. Lehenik hirukote forma zuen taldeak, egun boskote dira. Pop-folk estiloan, ukeleleak egiten ditu berezi Nøgeneko doinuak. Nahiz eta ibilbide motza egin duten (2016an eman zuten lehendabiziko kontzertua) ohiartzun handia lortu zuten hasieratik 'Nora' eta 'Enarak' kantuekin, azken honek milioi bat gorako bisitak ditu Youtuben.

Aurkezpen handirik ez dute behar Chill Mafiakoek. Urtarrilean kaleratu zuten 'Ezorregatik x Berpizkundea' diskoko lehen kantua, Tatxers punk taldearekin egindako elkarlana izan zen 'Zure Kebapa'. Ondoren etorri zen 'Gazte Arruntaren Koplak', eta hor piztu zen sua. Xabier Leteri egindako bertsioak ez zuen inor hotz utzi. Estiloen nahasketak,  sampleak, efektuak, ausardiak eta aukeratutako estetikak egiten ditu berezi Chill Mafiakoak. Beraien ardura izango dira ostegunetako 'Beste Bat' saioak.

Astelehenetik ostegunera dira 'Beste Bat' saioak, arratsaleko 15:00etan. Podcast plataformetan eta gure webgunean aurkituko dituzue orain arteko saio denak. 50 musikari baino gehiago pasa dira Naiz Irratitik 'Beste Bat' saioetan.

Jaurlaritza Logoa