Zuzenean

Euskaltel: Merkatuak eta neoliberalismoak salbatuko gaituzte?

Mas Movilek Euskaltel erosteko eskeintza egin ostean, Joseba Permach ekonomilariak Naiz Irratian ohartarazi du «Madrilen, Bruselan edo munduko edozien lekutan hartutako erabakiek» gidatuko dutela aurrerantzean diru publikoarekin sortutako euskal enpresaren etorkizuna.

Audio_placeholder

Euskaltel: Merkatuak eta neoliberalismoak salbatuko gaituzte?

Loading player...
Euskaltelen denda bat Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Euskaltelen denda bat Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

«Oso negatiboki» baloratu du Joseba Permach ekonomilari eta EHUko irakasleak Euskaltelen salmenta iragarpena. «Herri ikuspuntutik eta kudeaketa politiko eta instituzionalaren ikuspuntutik desastre handi baten aurrean gaude, termino horietan baloratu behar da».

Lakuako gobernuari gezurra esatea egotzio dio segidan. «Azken orduetako gauzarik larrienetako bat da Lakuako gobernua esaten ari dela Euskaltelek Euskal Herriko beste enpresa batekin egingo duela bat». Ez da hala Permachen esanetan. «Mas Movil inbertsio funtsen esku dago eta Madrilen du bere egoitza, beste gauza bat da hemen marka bat izatea, baina hortik haratago Lakuak oso ongi daki Mas Movil Madrilen egoitzan duen enpresa bat dela».

Euskaltel 1995. urtean sortu zen eta akziodunak Lakuako gobernua eta euskal kutxak izan ziren. «Guztion diru publikoarekin sortutako enpresa bat da», gogoratu du Permachek. Ordutik «erabaki okerrak» bata bestearen atzetik iritsi dira ekonomilariaren iritziz.

Permachen esanetan jeltzaleen pribatizazioen aldeko joerari erantzuten dio gertatzen ari denak. «EAJk uste du merkatuak eta neoliberalismoak salba gaitzaketela. Sinestarazi nahi digute gure herriaren ekonomiaren garapena merkatuetatik eta kanpoko inbertsioetatik etor daitekeela eta ez bertako aurrezki, inbertsio eta instituzioen apustuetatik. Merkatu global horretan inbertsio funtsak dira agintzen dutenak, eta ez dute etikarik, epe motzeko etekina bilatzen dute bakarrik».

Euskaltelen salmenta ekiditea zaila izango da, baina Permachek uste du «behar bezalako» erantzuna ematea ezinbestekoa dela «aurrera begira erantzun berbera eman ez dezaten». Eta adibide bat ere jarri du mahai gainean, arrisku erreal bat. «Denon artean presiorik egiten ez badugu horrelako egoera batekin aurkitu gaitezke Kutxabanken kasuan hurrengo hilabeteetan».

Orohar, mundu mailan, egoera ekonomiko larria bizi dela baieztatu eta aurrera begirako erronkei dagokionez, «ezin dugu gure herriaren ekonomiaren garapena kanpoko funtsen esku utzi, guri dagokigu erabakiak hartzea», dio.

Azkenik, bestelako alternatibak bultzatzeko beharraz mintzatu da, dagoeneko hainbat proiektu martxan direla gogoratuz. «Energia, telefonia eta beste esparru askotan ari dira sortzen kooperatibak, garrantzitsua da gure herrian sortzen ari diren kooperatiba eta proiektu eraldatzaileak babestea eta bultzatzea denen artean».

Jaurlaritza Logoa