Zuzenean
Garaian kapital publikoarekin eta zerbitzu publikoa emateko helburuz sortu zen Euskaltelen pribatizazio prozesua burura iritsiko da Mas Movilek hau erosi ostean. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan «aurrekaririk gabeko eskandalu baten aurrean gaude». Operazioaren berri izan ostean Jaurlaritzak «begi onez» ikusten duela jakinarazi du, erreakzio hau «guztiz onartezina» dela dio Casanovak eta «neurriak» iragarri ditu, «oso larria da, ezin dugu horrela utzi».
Casanovak NAIZ Irratian adierazi duenez Euskaltelekin gertatutakoaren parekorik topatzea zaila da, «uste du norbaitek hau posible litzatekeela Alemanian edo Frantziako Estatuan, txalotuko zutela euren telefokomunikazio enpresa nagusia atzerriko funtsen eskutan uztea?», legebiltzarkide independentistaren ustez «hemen ez dago gobernurik, ez dago herri perspektibarik eta ez dago seriotasunik».
Casanovaren iritziz «gezurra esan digute Urkulluk eta Tapiak», bai baizekiten Euskaltelen salmentak modu honetan amaituko zuela, «lasai egoteko esan digute, Euskaltelen errotzea ez zegoela arriskuan, baina bazekiten hau pasako zela». Izan ere, «sekuentzia eztabaidaezina» dela uste du legebiltzarkideak, «A puntutik B puntura joan gara, A puntua zen enpresa publiko bat, zerbitzu publikoa emateko bokazioa zuena, B puntua da enpresa guztiz pribatizatua».
EH bilduk har ditzakeen neurriez galdetuta, operazio hau geratzea zaila izango dela aitortu du Casanovak, «baina berriro halakorik ez gertatzeko» neurriak hartu nahi dituztela aurreratu du. Hurrengo ordu edo egunetan iragarriko ditu talde independentistak bere ekimenak.