Zuzenean
Mugimendu feministak egiten dituen aldarriekin bat egiten du Oneka plataformak, euskal emakume pentsiodunen taldeak. Halaber, euren egoera azaleratzeko eta errealitatearen krudeltasunaz jabetzeko datuez mintzo da Ana Mezo, Onekako kidea: «emakumeen %72k 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dituzte, aldiz, gizonezkoetan %27k. Alarguntza pentsioak ere oso baxuak dira, miseriazkoak»
Gaur egun adinekoak diren askok lanaldi produktiborik ez dute egin, ez dute kotizatu, nahiz eta etxeko lanek BPGan «eragina» izan. «Bikotekidearekin bizi diren emakumeek dependentzia dute ekonomikoki eta hori indarkeria da», ohartarazi du Mezok.
«Isolamendua gehituz doa, emakume horien bakardadea areagotuz, are gehiago, askok baliabide ekonomiko oso urriak dituzte. Egoera ekonomiko horren arrazoia, kotizazio eskubide gabeko lanetan aritu izan direlako», dio Onekako kideak.
Halaber, alargun guztietatik pentsioa kobratzen dutenen artean %94 emakumezkoa da. Gizonezkoek ez dute alarguntza pentsiorik, emaztea etxean egon delako eta hauek ez dutelako kotizatzeko aukerarik izan. Alargun hauek senarraren araberako pentsioa dute, «miseriazkoa». Gizonaren soldataren %60 kobratzen du alargunak, eta Onekak dio emakumearen etxeko lana aitortuz, gizonaren %100 kobratu beharko lukeela.