Zuzenean

Ainara Rodriguez, Hegoi Belategi

Naima El Bani Altuna, Artikoan bizi den euskal geologo baten bizipenak

Tromsø Zirkulu Polar Artikoan kokatuta dagoen 76.000 biztanleko norvegiar hiria da, eta bertan bizi da Naima El Bani Altuna bilbotar geologoa. Hain iparraldean zertan ari den azaltzeko, Informazioaren Harian izan da.

Audio_placeholder

Naima El Bani Altuna, Artikoan bizi den euskal geologo baten bizipenak

Loading player...
Artikoa
Artikoa

Tromsøko UiT unibertsitatean doktoretza bat ikasten ari da Naima El Bani Altuna bilbotar geologoa eta, NAIZ Irratiari adierazitakoaren arabera, ikerketa benetan interesgarria du eskuartean: aldaketa klimatikoen atzean dauden arrazoiak.

Baina ikerketa da ez gaur egun munduak pairatzen duen aldaketa klimatikoetan zentratzen, hau da, estatu industrialek eragindako aldaketa klimatikoan, baizik eta milaka urtez «era naturalean» Lurrean eman diren aldaketa klimatikoak. Zehazki, aldaketa natural horietan itsasoek izan duten eragina ari da aztertzen.

«Iraganean ere izan dira gaur egungoa bezalako aldaketa klimatiko oso arinak. Hala ere, aldaketa klimatiko horiek ez dira izan gizakiok eragindakoak, naturalak izan dira», dio.

Azaldu duenez, Foraminiferoen bitartez ikertzen ari da Artikoan historian zehar izan diren aldaketak. Hauek oskola duten organismo txiki-txiki batzuk dira, eta El Banik argitu duenez, oskol horretan gordetzen dute bizi izan diren uren parametro fisikoak, «adibidez, nolakoa zen tenperatura». «Oskolaren konposizio kimikoa aldatzeko ahalmena dute eta oso tresna onak dira ingurunea eta iraganeko itsasoa ikertzeko», nabarmendu du.

Argitu duenez, Foraminiferoak ez dira dira soilik Artikoan bizi, mundu osoko itsasoetan bizi dira. Izan ere Gradu Amaierako Lana egiterakoan izan zuen hauekin lehen kontaktua, Debako estuarioan.

Eremuko ikerketak eta bulegoko lana

Foraminifero hauen inguruan ikertzeko eremuko ikerketa dezente egin behar ditu. Dioenez, espedizio «gogorrak» izaten dira baina «oso oso politak». Artikoan bertan egiten ditu, Tromsøn, hiru asteko espedizioak izaten dira eta 12 orduko lanegunekin.

«Laginak hartzen ditugu denbora guztian, lan fisikoa izaten da, baina ikusten ditugun paisaiek ez dute konparaziorik. Batzuetan itsas-izotzean ibiltzen gara, beste batzuetan ura ez den beste ezer ez duzu ikusten eta bat-batean bale bat agertzen da. Beste batzuetan fiordoen artean ibiltzen gara laginak hartzen», azaldu du.

Eremuko ikerketaz gain, bulego eta laborategiko lan handia ere badute. «Ordu asko pasatzen ditugu ordenagailuari itsatsita idazten, datuei begiratzen...», gehitu du ikertzaile bilbotarrak.

Doktoretzaren azken txanpan dago, baina El Banik adierazi du bere asmoa Tromsøn geratzea dela. «Gustura bizi naiz hemen, asko gustatzen zait egiten ari naizen proiektua eta honetan jarraitzeko aukera ematen badidate baietz esango dut».

Dena den, Tromsøko ikusten duen natura Bilbon ikusteko aukerarik ez duen arren, Bilboko bizigiroa faltan botatzen duela aitortu du.

Lan aukerak eta lan baldintzak

Beste asko bezala, Euskal Herritik kanpo lanean jarduten duen ikerlarietako bat da. Euskal ikerlariei eskaintzen zaizkien baldintzak duinak ote diren galdetuta, El Banik erantzun du ez dakiela Euskal Herrian duinak ote diren zehazten, bai ordea, «duinagoak» izan daitezkeela, eta zentzu horretan badagoela zer ikasi Norvegiarengandik.

Jaurlaritza Logoa