Zuzenean
El Columpio Asesino talde iruindarrak disko berria plazaratu zuen 2020an sei urteko geldialdia ondoren. ‘Ataque Celeste’ diskoak goitik beherako aldaketa erradikala dela diote taldekideek, eta buruhauste handiak eman dizkiela. Disko horretako abestia da ‘Sirenas de mediodía’. Abesti honen bideoklipa izan da argitaratu duten azkena, eta ikusleen hitzetan ‘aztoragarria da, urduritasuna sortzen du’.
Amar Hernándezen zuzendaritzapean egin dute lan eta halako thriller estiloko laburmetraia modukoa da lau minutu pasatxoko bideoarekin osatu dutena. «Paranoia eta desiraren arteko uztarketa aztoragarri bat da, arrazoiaren eta instintuaren arteko gatazka bat», adierazi du Hernández zinemagileak.
Taldea estatu espainiarreko indie musikan erreferente izan da beti eta nahiz eta sei urte behar izan dituzten disko hau argitaratzeko, bere soinuan aldaketa nabarmenak dituen lan garrantzitsua izan da ‘Ataque Celeste’.
Ibilbide luzeko taldea
Disko garrantzitsuek kontatzeko moduko istorio bat izan ohi dute atzean. Kasu honetan El Columpio Asesino taldea bera desagertzeko arriskuan egon zen ala ez jakitea izan da diskoak gordetzen duen istorioa. Taldekideek kontatu dute aurreko diskoa, ‘Ballenas muertas en San Sebastián’, 2014ean argitaratu eta bira egin ostean, urtebetez elkarrekin taldearen inguruan hitzik ez egiteko konpromisoa hartu zutela, erabat deskonektatzeko.
Horrela, etena egin ostean, 2017an berriz elkartu zirenean beste disko bat egitea erabaki zuten, baina kasu honetan Daniel Ulaciak haien doinu eta musikari bira bat emateko proposamena egin zuen, eta hala sortu dute ‘Ataque Celeste’.
Lanak 31 minutu ditu zortzi abestitan banatuta dago. Horietako bakoitzean letren eta musika elektronikoaren bidez istorio desberdinak kontatzen dituzte El Columpio Asesinoekoek. Egiari zor, lanak ez du inor hotz uzten. Taldekideek argi dute haien jarraitzaileetako batzuk agian aldaketa nabarituko dutela eta gustatu ez arren egindako lana errespetatuko dutela. Albaro Arizaletak azaldu duenez, «El Columpio Asesinok duen eskorpioi espiritua islatuta geratu da: ibaia gurekin gurutzatu nahi baduzu, gurutzatu egiten duzu, baina jakin ezazu gure ziztada bat jasotzeko arriskua duzula».