Zuzenean
Pasaden ostiralean atera zen Almeriatik Mediterraneo erdialdera Aita Mari ontzia. Gaur goizaldeko 6ak aldera noraezean zegoen ontzi bat ikusi eta erreskateari ekin diote. 102 pertsona zeuden barruan eta bi bat ordutan denak zituzten ontzian Izaskun Arriaranek, Aita Maritik kontatu digunez: «oso ahul daude, argal. Gasolinaren eraginez erredura batzuk dituzte eta orokorrean makal daude».
Behin erreskatea egin eta beste ontzi bat ikusi dute noraezean, 46 pertsonarekin. «Gure araua da 120 pertsona baino gehiago ezin ditugula eduki ontzian, ez genituen bakarrik utzi nahi. Jana, edaria eta txalekoak eman eta Lampedusaruntz bideratu ditugu»
Eurak bakarrik daudenez erreskateak egiten ingurune hartan, ezin izan dute laguntzarik eskatu.
«Gaurko ereduak argi utzi du zein den mediterraneoko egoera. Ordu gutxitan lau ontzi ikusi ditugu noraezean, mugimendu handia» ohartarazi du Aita Mariko kideak. Diote GKEren esku baino Europako Batasunaren esku, Frontexen esku behar lukeela erreskateak.
Aita Mari koronabiruserako prestatu dute. Babes neurriak eta antigenoen testak dituzte ontzian. Gaur denei egin dizkiete antigenoen testak eta batek positibo eman du, «EPIak jantzi, musukoak banatu eta isolatu egin dugu pertsona hau» esan du Arriaranek.
Lehenengo atea Maltan jo dute eta «ezezkoa» jaso dute. Orain, Italiarako bidean daude eta Erromako aginduen zain daude. «Pertsona hauek duintasuna behar dute, berehalako asistentzia eta espero dugu Italiak baiezkoa ematea». Horretarako, ordea, «presioa» egitea nahi dute Espainiar Estatutik.
Italian lehorreratzean itsasora itzultzeko asmoa dute erreskateak egiteko, baina aurreko esperientzietan Italiak jarritako «trabak» aurrekari dira.