Zuzenean

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria

Miseria eguneroko lana bilakatzen denean

Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratu du Miren Alcedok 'Schubert nunca trabajo en Justicia' eleberria. Bertan, justizia administrazioaren arrakalak agerian uzten ditu Alcedok, alor horretako langile gisa bizitakoak abiapuntu hartuz.

Audio_placeholder

Miseria eguneroko lana bilakatzen denean

Loading player...
Miren Alcedo
Miren Alcedo

'Shubert nunca trabajo en Justicia' da Miren Alcedoren azken lana da, bere fikziozko lehena, errealitatetik sendo edaten badu ere. Izan ere, Miren Alcedo Justizia Administrazioko langilea da, eta bertako bizipenak ditu abiapuntu, ipuin bildumaz osatutako lanak.

Bizipen gordinak, krudelak, gogorrak… idazlearen hitzetan, miseria, egunerokoa delako bere lanean. Emakumeak dira lan honetako protagonistak, epaitegietako mostradoreen atzealdean lanean ari diren emakumeak. Justizia alorra unibertso feminizatu bat da, patriarkatuaren mesedetan antolatutako unibertso feminizatua Miren Alcedok azaldu digunez.

Bortxaketak, adin txikikoen prostituzioa, desjabetzeak, tortura kasuak... Ez da samurra egunero gure gizartearen miserien errelatoak jasotzen aritzea. Alde horretatik, liburu hau idaztea  terapeutikoa ere izan da Miren Alcedorentzat, askatzailea. Hoztasuna, ezaxola, jarrera bat baino gehiago da langile hauentzat, biziraupen mekanismo bat, eta baita goitik behera etorritako jarraibidea ere. Horixe da, arduradunengandik jasotako lezio bakarretakoa. Ez da samurra justiziaren goiburupean lanean aritzea, egunerokoan zure begien aurrean ikusten duzunean, justizia ez dela guztiontzat berdina, justizia ez dela inondik inora justua.

Justiziaren alor honetan lanean ari diren langileek baliabide gabezia handia dute  lana behar bezala aurerra eramateko, emozioen kudeaketarako zailtasun handiak dituzte, eta ez dute gisa horretako formakuntzarik jasotzen. Lanbide finko bat izatea, pribilegio bilakatu den garai honetan ordea, gisa honetako aldarrikapenentzat apenas geratzen da lekurik.

Jerarkizazioa da liburuan behin eta berriz aipatzen den beste gai bat. Justizia administrazioa oso jerarkizatuta dagoen lan eremua da, 'Schubert nunca trabajo en Justicia' osatzen duten ipuinetan somatzen den gisan. Izan ere,  fikziozko lana bada ere, aldi berean oso lan errealista da. Liburua irakurri duten lankideak ere bat datoz horretan, bizi duten egunerokoaren errelato fina da Miren Alcedok egiten duen kontakizuna.

Jaurlaritza Logoa