Zuzenean

Joseina Etxeberria: «New Yorketik etortzen den horrek, halako interes berezia piztu izan dit»

Abenduaren 22an elkarrizketa musikatua izan genuen MusikHaria saioan. Irratiaren munduan musikari buruz asko eta asko hitz egin dezakeen Joseina Etxeberria izan zen gurean. Bi orduz aritu ginen irrati-esatari ataundarrarekin hizketan.

Audio_placeholder

Joseina Etxeberria: «New Yorketik etortzen den horrek, halako interes berezia piztu izan dit»

Loading player...
Bizi erdia baino gehiago darama irratigintzan Joseina Etxeberriak. (Maite BIDARTE | Naiz Irratia)
Bizi erdia baino gehiago darama irratigintzan Joseina Etxeberriak. (Maite BIDARTE | Naiz Irratia)

Irratigintzan 30 urte bete ditu aurten Joseina Etxeberriak. Bizi erdia baino gehiago, beraz, medioari eskainita. Bizipen ugari izan ditu, tartean, Euskadi Gaztearen sorrera. Egun, ordea, bestelako kontuetan dabil Euskadi Irratian, ‘Kantu kontari’ irratsaioa gidatzen.

Musikazale amorratua da eta, hartara, bere gogoko kantuen zerrenda batekin etorri da MusikHaria saiora bisitan. Guk, ordea, bere ibilbideari errepasoa egiteko ere aprobetxatu dugu okasioa. New Yorkera joan zen garaiaz, burua soiltzeko erabakia hartu zuenaz eta bestelako kontuez ere aritu da gurekin. Baina baita irratitik kanpora egindako lanez ere.

Esaterako, ‘E-klipsea’ izeneko bideoklipen programa aurkeztu zuen hainbat urtetan. «Donostiako belodromoan egiten ziren kontzertuak eskaintzen hasi ginen. Oso merkea zen telebistarentzat hura eta gainera Metallica bezalako izen potoloak genituen. Baina zer gertatzen da Euskal Herrian. Musika telebista bidez kontsumitzen duen populazioa txikia dela, haietatik ETB1 ikusten dutenak gutxiago eta horien artean heavy metala entzuten dutenak oraindik eta gutxiago. Hartara, datu kaskarra ematen genuen eta telebistak badakigu nola funtzionatzen duen», kontatu digu Etxeberriak.

Hartara, handik bideoklipetarako saltoa «kasualitatez» eman zela aipatu digu: «kontzertu guztiak emanda genituen eta azken saio bat falta genuen. Bada, bakoitzetik zati bat hartu eta huraxe eman genuen. Programa hark eman zuen daturik onena eta hortik sortu zen bideoklipen programa sortzearena», esan digu ataundarrak.

Telebistan gauza gehiago ere egina da eta irratirako ez ezik, telebistarako ere elkarrizketatu izan ditu artistak. Haien artean, Joxe Mari Iriondok eskatuta, Juan Carlos Perez elkarrizketatu zuen. «Pasarte mingotsa da niretzat elkarrizketa hura. Sekula egin dudan akatsik handiena egin nuelako orduko hartan. Elkarrizketatuari aurretik zer galdetuko nion esan. Ez nuen sekulan ere hori egin behar», azpimarratu du Etxeberriak. Beste hainbat istorio ere kontatu dizkigu, tartean Red Hot Chili Peppersenak ere bai. Izan ere musikari handiak elkarrizketatzeko aukera izan du bere ibilbidean.

Ezkontzetan eta ekitaldietan ere aritzen da musika jartzen. «Baina ezkontzetako kontuekin Las Vegasekoekin bezala gertatzen da, bertan geratzen dira. Oso pribatua den zerbait bezala ulertzen dut zeremonia hori eta, hartara, emazteari ere ez diot esaten ez nor ezkontzekoak diren ez eta zer gertatzen den bertan», dio irrati-esatariak.

Kantu aukeraketa oso zabala da egin diguna, eta ez da harritzekoa, denetarik entzuten baitu. «Irratian hasi nintzenean, musika klasikoa ezagutzen hasi nintzen. Eta ordutik hona nire bilduma txikia osatu dut. Baina Van Morrison edota Ramones bidean utzi gabe. New Yorketik etortzen den horrek, halako interes berezia piztu izan dit».

Horiek guztiak eta gehiago, azpiko zerrendan.

Jaurlaritza Logoa