Zuzenean

Ion GARATE

Unai Ugartemendia: «Iker biluztea zen helburu, nahiz eta galtzontziloekin geratu den»

"Bidea Ipar" liburua aurkeztu dute Unai Ugartemendia kazetariak eta Iker Karrerak. Liburuan, Ugartemendiak Iker Karrerak lehia utzi aurretik egin zuen ibilbidearen inguruko balantzea jaso nahi izan du, betiere modurik zintzoenean, «esajeraziorik gabe». NAIZ irratian izan dira bi protagonistak, eta Ugartemendiaren helburua «Karrera ahalik eta gehien biluztea» bazen ere, honek «galtzontziloekin behintzat» geratu dela azaldu du.

Audio_placeholder

Unai Ugartemendia: «Iker biluztea zen helburu, nahiz eta galtzontziloekin geratu den»

Loading player...
Iker Karrera eta Unai Ugartemendia.
Iker Karrera eta Unai Ugartemendia.

Irailaren 30ean, Tolosan, aurkeztu zuten "Bidea Ipar" liburua Unai Ugartemendia kazetariak eta Iker Karrerak. Amezketarra aski ezaguna da mendi lasterketen munduan eta beti ibili da lehen lerroan distantzia luzeetan edo muturreko hitzorduetan. Eta hain zuzen ere, Karrerak lehia utzi aurretik egin zuen ibilbidearen inguruko balantzea jaso du Unai Ugartemendiak liburuan. Hori bai, betiere modurik zintzoenean eta «esajeraziorik gabe». Gurean izan ditugu bi protagonistak, eta Ugartemendiaren helburua amezketarra «ahalik eta gehien biluztea» bazen ere, Karrerak azaldu du «galtzontziloekin» behintzat geratu dela.

Liburuaren formatua elkarrizketan oinarrituta dago, eta hain zuzen, zein formatutan egitearen zalantza izan da Ugartemendiak izan duen erabakirik zailena. «Konturatzen nintzen esajeraziorako ohitura asko dagoela, eta nikuste Ikerrek inoiz ez duela esajeraziorako joerarik edo tendentziarik izan. Ondorioz, erabaki nuen formala izatea, berak kontatu bezala nik idaztea», azaldu du andoaindarrak.

Honen harira, Iker Karrerak azaldu du bazituela beste proposamen batzuk, baina gazteleraz, eta horrek ez zuela konbentzitzen. «Zalantzak nituen, baina nire ibilbidearen inguruko liburu bat idatzi beharko banu, euskaraz izan behar zuela sentitzen nuen», aitortu du amezketarrak. Gaineratu du, sare sozialetan gehien bat gazteleraz aritu izan dela, eta ondorioz, nolabait, «zorretan» zegoela euskararekin. 

"Bidea Ipar" izenburua zergatik aukeratu duten galdetuta, hauxe azaldu du Karrerak: «Bidea, ibilibidea... bere baitan gauza asko esan ditzake, eta ipar, ipar orratza, helburua, norantza... beraz, nolabait adierazi nahi du helburu zehatz bat baino, bidea bera izan dela orientatu edo gidatu nauena».

Edukiari dagokionez, Iker Karreraren kirol ibilbidearen inguruan hitz egiten da, baina amezketarrak berak aipatu du ez dela denboretan edo zifretan oinarritzen, «bidean izandako bizipenetan baizik». Hausnarketak indar handia du liburu honetan.

Gainera, euskara hutsean argitaratu dute liburua, eta kasu horretan, ausardia izan duen argitaletxea Madrileko Desnivel Ediciones izan da. «Argitaletxeak lehenengo edizioan euskara hutsean ateratzen duen lehen liburua da», azaldu du Ugartemendiak.

Hitzaurrea Kilian Jornetek idatzia, liburuaren lehen alea EMMOArentzat, Euskal Mendizaletasunaren Museoarentzat, gorde nahi izan zuten. «Museoa lan bat egiten ari da eta aitortza bat da gure aldetik beraien lanari. Mendiko ekosistemaren elementu txikiak garen heinean, gure eskerrak eta errekonozimendua egiten ari diren lan guztiari», nabarmendu du Karrerak.

Jaurlaritza Logoa