Zuzenean

NAIZ Irratia

Grebarako testigantza adina arrazoi

Bilboko Atxurin, Gasteizen, Santurtzin edo Donostian, denetan errepikatzen da ikasturte hasierarekiko kezka. NAIZ Irratian izan diren hezkuntza komunitateko kide denek nabarmendu dute informazio eta aurreikuspen falta Hezkuntza sailaren aldetik. Eta iragarritako 1.000 irakasleen errefortzu hori? Ez da euren arrastorik. 

Audio_placeholder

Grebarako testigantza adina arrazoi

Loading player...
Ikasturte hasiera Atxurin. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Ikasturte hasiera Atxurin. (Aritz LOIOLA / FOKU)

 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan sindikatuek hezkuntzan deitu duten grebaren jarraipen bereziaren baitan tokian tokiko testigantzak jaso ditu NAIZ Irratiak. Informazio falta, aurreikuspenik ez, baliabide gehigarrien arrastorik ez... Guztiek antzeko egoera deskribatu dute. 

Igor Uribe, Atxuriko eskolako irakaslea 

Ikasturte hasieran dezenteko oihartzuna izan zuen Bilboko Atxuriko eskolan gurasoek eginz uten protestak. Aldarri asko zituzten, tartean bi garrantzitsu: jantoki zerbitzua martxan jartzea eta eskola inguruko trafikoa erregulatzea haurren sartu-irtenean, koronabirusaren inguruko protokoloak arriskua areagotu baitute eskola inguruan. Lehenaren inguruan aurrerapen bat izan da, etzi jarriko baitute martxan jantoki zerbitzua. Igor Uribe gurasoaren ustez, hala ere, lorpen honek aldarriekin jarraitzeko balio behar du, «harago joan behar dugu eta mahai gainean jarri behar ditugu goitik etorri den kudeaketa txarraren ondorioz hartu diren neurrioker denak». 

 

Maribel Alberdi, jantokietako langilea 

Bilbon bezala, hainbat ikastetxe publikotan hasi dira aste honetan jantoki zerbitzua eskaintzen. Horietako batean lan egiten du Maribel Alberdik, «atzo izan genuen lehen eguna eta hitz baten bila aritu naiz deskribatzeko, kaotikoa esango nuke, urduritasuna, zalantza pila bat, protokolo pila bat, aldrebesa...» 

Alberdiren esanetan ez da da planifikaziorik egin eta adibide gisa honakoa: «bizikidetza talde deitu dituzten horietan ratioak jarri dituzte ikasgeletarako, baina guretzat ez, eta gure ratioak ez dira horiek eta ez datoz bat ikasgeletakoekin, beraz ezinezkoa izaten ari da hori guztia antoaltzea». 

 

Patxi Ibarzabal, Gasteizko Errekabarri ikastetxeko irakaslea 

Grebaren arrazoiekin bat egin arren lanera joan da Patxi Ibarzabal Gasteizko Errekabarri ikastetxeko irakaslea, gutxieneko zerbitzuetan lan egitea egokitu baizaio. «Langileon %100ak egin dugu bat grebarekin, lanean zerbitzu minimoetakoak gaude, bi familia etorri dira, baina buelta eman dute eta une honetan haur bakarra dago eskolan». 

Lakuak 1.000 irakasle berri iragarri zituen orain dela egun batzuk, horien inguruan galdetu diogu Ibarzabali, «hemen ez da inor azaldu». Berriak ez ezik, lehengoak ordezkatzeko ere ez da gai izan delegaritza, PCR proben emaitzen zain etxean isolatuta diren bost irakasleen ordezkorik ez dute bidali Errekabarrira. 

Eneko Serantes, Santurtziko Gidari gurasoen koordinadorako kidea 

Grebaren arrazoiekin bat egiteko mobilizazio propioa deitu du Santurtzin bertako ikastetxe publikoetako gurasoen elkarteak batzen dituen Gidari koordinadorak. Eneko Serantes da kideetako bat eta azaldu du oso kezkatuta daudela, «hasieratik hona egoerak okerrera egin du, ratioak ez dira errespetatu, sarrera-irteerek ez dute fundamenturik... Eskatu dugu laguntza Udalean, baina ez dugu erantzunik». 

Jaurlaritza Logoa