Zuzenean

Naiz Irratia

«Trinitate plaza Donostiako Piratena ere badela erakutsi nahi dugu»

Pandemia batean erdian aurkituko ez bagina, Donostiako Aste Nagusia lehertzear legoke. Aurten ez da hala izango, noski, baina Donostiako Piratek manifestazioa eta jai eguna antolatu dituzte, Udalaren «oztopoak» gainditu ostean.

Audio_placeholder

«Trinitate plaza Donostiako Piratena ere badela erakutsi nahi dugu»

Loading player...
Donostiako Piratek manifestazioa eta jai eguna antolatu dituzte, abuztuaren 8 eta 10erako. (Twitter @izanpirata ).
Donostiako Piratek manifestazioa eta jai eguna antolatu dituzte, abuztuaren 8 eta 10erako. (Twitter @izanpirata ).

Bittor eta Ane piratek azaldu dute Naiz Irratian Donostiako Piratek bizi duten egoera. Lehenik, bihar, larunbatez, manifestazioa deitu dute hiriko hainbat jai batzorderekin batera jai herrikoiak aldarrikatzeko. Bittorren esanetan momentu zailak bizi izan dituzte jaiak antolatzeaz arduratzen direnek eta horregatik batasuna aldarrikatu du, «inoiz baino gehiago egon behar gara elkarrekin».

Parean, Donostiako Udalaren aldetik jasandako tratua kritikatu dute. Lehenik, aldebakarrez hartu zituelako Aste Nagusiaren inguruko erabaki guztiak, eta ondoren, festa masiboak baztertuz, ekimen txikiagoak antolatzeko hamaika oztopo ezarri dizkielako izan piratei, izan jai batzorde ezberdinei. Aneren esanetan, gainera, gogorra izan da herri mugimenduari muga oro ezarri eta Udalak egitarau zabala antolatu duela ikustea.

Azkenean jai egun bakarra «lortu» dute. Datorren astelehenean, Donostiaren abordatzea litzatekeen egunean, jai eguna antolatu dute Trinitate plazan. «Trinitate plaza beti izan da garrantzitsua guretzat, aterpe izan dugu beti». Udalak bertan egingo ditu, hain justu, abuzturako antolatu dituen ekimenak. Honen aurrean, Donostiako Piratek erakutsi nahi dute Trinitate plaza beraien «etxea» ere badela. Kaia da piraten beste gune garrantzitsua baina udalak ez die utzi bertan ezer antolatzen. Hiriko espazioen erabilera aldarrikatzetik haratago, «herriaren baliabideekin ere gauza txukunak egin daitezkeela erakutsi nahi dugu», azaldu du Anek.

Astelehenerako «aukera anitzeko egitaraua» antolatu dute, noski, segurtasun neurri guztiekin. 12.00etan haurrentzako ikuskizunak egongo dira, 16.30etan J Martinaren kontzertua, 19.00etan bertso musikatuak eta, azkenik, 22.00etan ‘Izan Pirata’ dokumentalaren proiekzioa.

Jaurlaritza Logoa