Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

Maisha MC: «Euskal Herrian mantso ari da gertatzen musikaren eraldaketa»

Elektronika eta musika urbanoa delakoaren bueltan lan asko egindakoa da Maisha MC barakaldarra. Haren musika '121 krew' edota 'Patrol destroyers' taldeetan entzun eta gero, bakarkako lehen lana atera du 2020an. Hala, bere diskoa aurkezteko baliatu dugu MusikHaria saiora egin duen bisitan. Izan ere, astelehenetan 'Beste bat' saioak egiten ari dela izan da horretarako aitzakia. Kalifornia eta Euskal Herria lotu ditugu bizkaitarraren eskutik.

Audio_placeholder

Maisha MC: «Euskal Herrian mantso ari da gertatzen musikaren eraldaketa»

Loading player...
Maisha MCa bere azken lana eskuetan duela. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU).
Maisha MCa bere azken lana eskuetan duela. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU).

Barakaldon jaio eta Oxford, Cambridge eta Bostonen egon eta gero, Kalifornia aldean bizi da Maisha MCa. Elkarrizketaren hasieran argi utzi digu: «Nire urterik onenak izaten ari dira San Frantziskokoak».

Baina txikitatik dago musikara lotuta Maisha. «Amari eskolatik deitu zioten musika eskolara joateko eta joan nintzen. Baina sormena zen nirea eta ez nuen denbora gehiegi iraun bertan. Hamabi urterekin pletina bikoitzeko irrati-kaseta geneukan etxean eta, hip-hopa batetik, eta, musika elektronikoa bestetik, nahasten nituen bertan. 'Scorpia', 'Jazz-Berri'… halako diskoteken kantuekin 'mixtapeak' egiten nituen eta batean eta bestean zabaldu ziren. Horrelakoa izan zen nire hastapena», kontatu digu barakaldarrak.

«Dena dela, askok ez dakien arren, nire lehen taldea ez zen rap mundukoa izan, Ska talde batean hasi nintzen» aipatu digu Maishak. Gazte denborak ere izan ditu gogoan Maishak: «Pentsa garai gogorrak bizi izandakoa naizela, nire testuingurua gogorra zen, droga asko zegoen Barakaldo batean hazi nintzen, kaleko giro gogor batean. Eta horrek guztiak eragin zuzena izan du nire inguruan eta musikan», azpimarratu du musikariak.

Raparen inguruan kokatu izan den artista bada ere, elektronikarekin lotura handia izan du. Izan ere '121 krew' talde urbanotik 'Patrol destroyers' elektronikora egin zuen salto. Gogoan du, gainera, garai hura. «Inflexio puntu bat egon zen Euskal Herrian. ETAk armak utzi eta musika elektronikoaren gorakada batera etorri ziren. Mezu politikoa utzi eta burmuinik gabeko festara bideratzen ari zen guztia. Guk 'Patrol Destroyers'ekin bizi izan genuen aldaketa hori, baina 'jaia bai, baina borroka ere bai' mezua aldarrikatzen genuen. Gure festak erokeria hutsa ziren, baina mezua geneukan, euskal kulturari buelta bat eman nahi izan genion, eta bazirudien deabrua etorri zela» gogoratu du Maishak.

«Tradizioa eta eraberritzea da nire musika definitzeko modua» esan ostean, honakoa gaineratu du: «Esaterako, Mikel Laboa edota Oskorriren hiruna binilo ditut etxean, edota Oaklanden erositako Arriagaren binilo bat ere badut; haiengatik ikasten jardun naiz. Azken diskoan ikasketa prozesu handia egin dut, baita musika tresna tradizionalen inguruan ere. Baina beste begia beti musika elektronikoan, dubstep edota trap musikan jarrita mantentzen dut. Dena dela errespetu masiboa daukat gure musikaren sustraiekiko» esan digu barakaldarrak.

Eraldaketa, ordea, «mantso» doala dio Euskal Herrian. «Rocka esaterako gure musika bezala daukagu dagoeneko, eta Estatu Batuetatik iritsi zen. Bada, Hip Hoparekin gauza bera gertatzen da, baina oraindik zerbait arrotza bezala ikusten dugu eta kontzertu bukaeratan halako keinu 'raperoak' egiten etortzen zait oraindik ere jendea».

Ibilbide luzea da Maishak musikan daramana, nahiz eta askorentzat ez izan hain ezaguna. «Hogei urte daramat honetan, errespetu pixka bat eskatzen dut. Gogoratzen dut Otegi kartzelatik irten zen batean, Aritz Sound System eta biok euskaraz rapa egitera joan ginenean gertatutakoa. Elgoibarko gizon bat etorri zitzaidan eta 'egin euskal musika' esan zidan. Nire erantzuna euskarazko musika ari nintzela egiten izan zen, ea zer nahi zuen entzun. Eta haren erantzuna 'Barricada' jartzeko izan zen. Rocka eta erdaraz. Hori da gure Euskal Herria eta horrek ere bere xarma ematen dio» kontatu digu umorez Maishak.

'Vmme Sahar' da bere azken lana. «Martera doan euskaldun baten istorioa jaso nahi izan dut. Horretarako, besteak beste, Marteko haizearen soinua ere sartu dut diskoan», aipatu digu Maishak. Bere musikaz gainera, ordea, besteena ere maite du eta euskal musika urbanoarekin ekin zion 'Beste bat' saioen ibilbideari. Bigarrena, aldiz, Jazz munduaren bueltan egin digu eta elkarrizketan agindu zigun gaztetan entzuten zuen elektronikarekin onduko zuela baten bat. Itxaron egin beharko dugu.

Jaurlaritza Logoa