Zuzenean

Hiru ahizpetan gazteena da Iraia Oiartzabal. Eta hain zuzen ere, bere ahizpa nagusiaren ezkontza izan zen mugarri, gerora bere ogibide bilakatuko zen munduan barneratzeko. Ahizparen ezkontzarako neurrira egindako soinekoak egitera joan zirenean sentitu zuen lilurak erakutsi zion bidea: bazekien zer egin nahi zuen bere bizitzarekin.
Bide horretan Bartzelonara joan zen jostun eta moda ikasketak egitera. Gogor lan egin zuen urte haietan Oiartzabalek, ikasketak Miguel Elolaren lantegian praktikekin uztartuz. Ikasketak amaitzean, garbi zeukan ez zuela modaren industria erraldoiko pieza bat gehiago izan nahi: berak bere bidea egin nahi zuen, bere lantegia sortu.
Etxera bueltan, Pasai Antxoko amaren etxean, haurtzaroko bere gela izandakoan egokitu zuen bere lehen lantokia izango zena. Bertan jasoko zuen bere lehen enkargua. Berriz ere ahizpak. Bigarren ahizpa ezkontzekoa zen, eta berak egin zion eztei soinekoa. Handik aurrera, mandatuak gehituz joan ziren eta laster geratu zitzaion txiki jostunari amaren etxean atondutako logela.
Donostiara jo zuen orduan, Egaña kaleko lehen pisu batean egin zituen lehen urteak «Fundación Titanic» elkartea bizilagun zuelarik. «Horrelakorik bazenik ere!». Gipuzkoako hiriburuan egonkortuta, Zorroagako gainean ditu orain lantokia eta etxea. Horrela bizi duelako berak ofizioa, edo beharbada horrela bizi duelako bizitza bera. «Bezeroak datozenean, nire etxera datoz, eta naizen bezala agertzen naiz beraien aurrean, horrek asko lasaitzen ditu, eta errazago agertzen dira beraiek ere diren bezalakoak». Eta hortxe dago bere lanaren gakoa: bezeroak ikusten, entzuten, interpretatzen daki. Gorputz nahiz izatera, neurrira egindako lanak eskaintzen ditu Iraiak.


