Zuzenean

Ion GARATE

«UCIri inporta zaiona Tourra da»

UCIk bere egutegi berria argitaratu zuen duela aste batzuk, Frantziako Tourreko datak zehaztuz, besteak beste. Errepideko txirrindularitzan nabari da pixkanaka gero eta informazio gehiago dagoela, baina hori ez da kasua, esaterako, pistako txirrindularitzan. NAIZ irratian izan dira Ana Usabiaga eta Illart Zuazubiskar 'Eustrak-Euskadi' taldeko eta 'BAT Basque Team'-eko txirrindulariak.

Audio_placeholder

«UCIri inporta zaiona Tourra da»

Loading player...
Ana Usabiaga eta Illart Zuazubiskar Kanadako munduko kopan. (EUSTRAK-EUSKADI)
Ana Usabiaga eta Illart Zuazubiskar Kanadako munduko kopan. (EUSTRAK-EUSKADI)

Normaltasuna urrun dago oraindik kiroletan, baina egutegian gero eta gehiago dira zehaztutako datak. Pistako txirrindularitzan momentuz ez dute informazio zehatzik, bai, ordea, errepideko txirrindularitzan. UCIk duela aste gutxi argitaratu zuen egutegi berria, bertan Frantziako Tourraren datak zehaztuz, baina pistako txirrindularitzan galdera ikur handiak daude oraindik.  Gurean izan dira Ana Usabiaga eta Illart Zuazubiskar 'Eustrak-Euskadi' taldeko 'BAT Basque Team'-eko txirrindulariak, eta beraiekin aztertu dugu egungo egoera.

Belodromoak ekainaren 8an dira irekitzekoak, baina oso «baldintza gogorrekin» irekiko direla adierazi du Durangarrak eta beraz, ez dutela oraindik bertara joateko asmorik. «Gure pistako helburuetarako oraindik ere denbora asko dugunez, ez dago behar askorik bertara joateko baldintzak direnak izanda», esan du Usabiagak. 

UCIk argitaratu berri duen egutegiari buruz galdetuta, «UCIri inporta zaiona Tourra da, behin hori ziurtatu beste dana horren arabera antolatuko da» dio Usabagiak. Gaineratu du errepidean saiatu direla ahalik eta gehiena mantentzen, baina pistan ez dutela ezer publikatu. «Hala ere, espero dugu laster informazio gehiago izatea», gehitu du. 

Bestetik, Zuazubiskarrek nabarmendu du, pista kontrolatzeko «errazagoa» dela, aire librean egiten diren kirol-probak baino. «Pelotoi batean 200 pertsona inguru daude ta pistan 24 bat, baina azkenean badakigu Tourra dela dirua ematen duena eta dena horren inguruan antolatzen da», gaineratu du.

Olinpiadei dagokionez, Usabiagak azaldu du «gutxigatik» ez zuela plaza lortu, «baina kontentu nago, dena eman dut». Eta zehaztu du pistako txirrindularitzan «plazak mantendu» egingo direla hurrengo urtera begira.

Bai Zuazubiskarrek eta baita Usabiagak ere, konfinamendua ondo eraman dutela azaldu digute: «zortea izan dugu gure kasuan, gure helburu garrantzitsuenak justu orduan bukatuta genituen, beraz, lasaitasun pixkatekin hartu dugu konfinamendua», dio Usabiagak.

Entrenamenduetan izaten ari diren sentsazioez galdetuta, «ni egia esan espero nuena baina hobeto hasi naiz. Nahiko ondo irten naiz rodillotik eta gainera, lehenengo egunean sentitu nuen askatasun hori kanpora irtetean ikaragarri disfrutatu nuen» dio Zuazubiskarrek. Usabiagak ere pare bat test egin dituela azaldu eta «oso emaitza onak» atera dituela. 

Euskal Herrian dauden baliabideak

Pistako txirrindularitza egiteko Euskal Herrian dauden baliabideei dagokionez, durangarrak azaldu du instalazioak egon badaudela, «baina nik uste egoera, agian, ez dela onena. Anoetan dugu EAEko belodromo itxi bakarra eta neurriak ez dira ofizialak», gaitzetsi du Zuazubiskarrek. Bestalde, Usabiagak nabarmendu du bere alde onak eta txarrak dituztela bertako belodromoek: «nik beti esaten dut munduko belodromorik onena dugula. Ohitzen gara haizea kontran izatea, euria, hotza... eta gero txapelketa batera joatean, egurrezko belodromoan, estalita, kalefakzioekin... autopista bat dela dirudi». 

Biek ere azpimarratu dute zortea dutela BAT Basque Teamen laguntza dutelako eta Eustrak-Euskadi taldeak ere behar dutena ematen dielako. «Ezin gara kexatu, estatu mailan gure taldea erreferentzia bat da eta jendeak ez ditu guk ditugun baliabideak» nabarmendu du ordiziarrak.

Jaurlaritza Logoa