Zuzenean
Herri txikia izan arren, bizitza kultural handikoa da Zalduondo, hala nabarmendu digu Gustavo Fernandez alkateak. Beraiei ere, noski, eragin die koronabirusaren pandemiak eta eguneroko bizitza alde batera uzi behar izan dute. Herri txiki bat izateak badu bere abantaila koronabirusa kontrolatzeko hartutako neurrietan «gehienek lorategi bat dugu, terreno txiki bat eta horrela eramangarriagoa da egoera» dio Fernandezek. Baina herri txikietan beti baduzu ondokoaren berri, eta horixe ez galtzeko, konfinamenduaren argazki lehiaketa jarri dute martxan.
Beste udaletxeek egin bezala, Zalduondoko udaletxeak ere prebentzio neurriak hartu zituen: esparru publikoak itxi, garbitu....Zaintza sare bat ere sortu zuten, 183 biztanletik 22k eman dute bolondres aritzeko izena:erosketak egin, botikak etxera eraman... «herrian ere badaude bi 'manitas', eta urgentziazko gauzak konpontzeko prest agertu dira» dio Zalduondoko alkateak. Eta noski, elkartasun keinu ederrak ere izan dira : «aurrekoan, bizilagun batek pankarta baten bidez eskerrak eman zizkion okinari, egunero ogia» gogoratu du alkateak.
Baina hori guztia nahikoa ez, eta elkarren berri ez izatearen penaz, martxan jarri dute udaletxetik argazki lehiaketa hau. «Zerbait positiboa antolatu nahi genuen herritarren artean» azaldu digu Zalduondoko alkateak, eta hortik sortu zen konfinamendu egun hauek erretratatzearen ideia. Jasotako argazkiekin erakusketa bat egingo dute gero, eta herritarren bozka bidez aukeratuko dute irabazlea, «sormena da baloratuko dena» dio.
Dagoeneko hasi dira lehen argazkiak jasotzen, «denetarik jaso dugu, batzuk oso deskriptiboak, beste batzuk, artistikoak» dio Gustavo Fernandezek. Orain arte jasotako argazkiak kontutan hartuta, «jendeak nolabait bere egunerokotasunari heldu dio» dio Fernandezek, «egurra lantzen zuenak, orain ere lantzen du, baina denbora tartez luzeagoan».
Argazki lehiaketan zalduondoarrak eta bertan bizi ez, baina, etxea duten bizilagunek hartu dezakete parte, azken finean, helburua, elkarren berri izatea baita.