Zuzenean

Naiz Irratia

«Tubacexen jarduera ez da funtsezkoa, ekoizpen hutsa da, baina lanean ari gara»

Haserrea eta kezka dira nagusi oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoetan lanean ari dira langileen artean. Tubacexeko enpresa batzordeko Jonatan Garciak azaldu digu bizi duten egoera.

Audio_placeholder

«Tubacexen jarduera ez da funtsezkoa, ekoizpen hutsa da, baina lanean ari gara»

Loading player...
Tubacex enpresaren Laudioko lantokia. (Google Maps)
Tubacex enpresaren Laudioko lantokia. (Google Maps)

Koronabirusak sortu duen osasun krisiaren baitan, oinarrizko ez den jarduera ekonomiko oro eteteko agindua eman zuen Espainiako gobernuak, dekretu bidez, pasa den martxoaren 29an. EAEko gobernuaren eta patronalaren kritika gogorra eragin zuen erabakiak. Gaur gaurkoz, oinarrizkotzat jo ezin den jarduera ugari martxan da, sindikatuek salatu dutenez trikimailu ezberdinak erabiliz.

Tubacex enpresak 900 langile inguru ditu Laudio eta Amurrioko hiru lantokietan. Hodi herdoilgaitzak edo inoxidableak ekoizten dituzte. Jonatan Garcia Tubacexeko enpresa batzordeko ordezkariak argi dio beren jarduera ez dela oinarrizkoa, baina zuzendaritzaren aginduz enpresaren ekoizpena martxan da. «Haserrea eta beldurra», horiexek dira langileen artean nagusitu diren sentipenak.

Krisi hau lehertu zenetik «milaka gauza» gertatu dira Tubacex enpresan. Lehenik, alarma egoera ezarri zenean, langileen ordezkariak eta zuzendaritza arriskuen kontrako protokoloa hasi ziren prestatzen. Garciaren esanetan, ordea, «Tubacexek, orokorrean, ez ditu ondo betetzen segurtasun neurriak eta ikusi genuen ez zela beteko martxan jarri nahi zen protokoloa». Ondorioz, martxoaren 17an planto egin zuten langileek, ekoizpena eten zuten. Martxoaren 23an, ordea, lanera itzuli behar izan zuten Lan Ikuskaritzak plazaratu zuen ebazpen baten ondorioz. Beldurra zabaldu zen orduan langileen artean, kutsatzeko beldurra.

Pasa den igandean, berriz, Espainiako gobernuaren errege dekretua iritsi zen. Tubacexek berak ondorioztatu zuen lantokien jarduna eten egin behar zuela. «Baina hurrengo egunean informazio-ohar bat atera zen eta Tubacexek erabaki zuen zabalik jarrai zezakeela». Hala, lanera itzuli behar izan dute langileek.

Oinarrizko jarduera oro eteteko agindua ematen duen dekretua indarrean egonik, Garciak argi dio: Tubacexen egiten dutena «ez da funtsezko jarduera, ekoizpen hutsa da». Hodi herdoilgaitzak egiten dituzte, «energia eta ura eramateko erabiltzen dira, batez ere zentral nuklear eta termikoetan».

Une honetan langileak haserre daudela dio Garciak, baita «beldur handiarekin» ere. «Albisteetan ikusten duzu zelan doan aurrera birusa eta etxean egon behar dugu egunero baina lanera joan behar gara horrek langileontzat eta familientzat dakarren arriskuarekin».

Babes neurri egokiekin lanean ari diren galdetuta, ezetz dio. «Tubacexek ia 1000 langile ditu eta badakigu logistikoki oso zaila dela protokolo guztiak betetzea». Garbitasuna da, Garciaren iritziz, elementurik kezkagarriena.

Egoera honetan, salaketa berria aurkeztu dute Lan Ikuskaritzan. Edonola, Tubacexeko enpresa batzordeko ordezkariaren iritziz, «Lan Ikuskaritza Jaurlaritzaren kontrolpean dago» eta, azken batean, «kapitala» ari da agintzen «pertsonen gainetik».

Jaurlaritza Logoa