Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

Joseba Irazoki: «Heriotzean ere oso undergrounda izan da Rafa Berrio»

Rafael Berrio artista donostiarra zendu da aste honetan eta gainerako musikariei barrua astindu die albisteak. Sare sozialetan islatu da sentipen hori albistea zabaldu eta berehala, mezuen artean Joseba Irazokirena ikusi dugu eta berarekin egon gara Rafael Berriori buruz hizketan.

Audio_placeholder

Joseba Irazoki: «Heriotzean ere oso undergrounda izan da Rafa Berrio»

Loading player...
Rafael Berrio eta Joseba Irazokik oholtza elkarbanatzen zuten
Rafael Berrio eta Joseba Irazokik oholtza elkarbanatzen zuten

Rafael Berrioren izena askorentzat ez zen ezaguna izango. Eta, hein batean, berak hala nahi izan zuelako da. Musikari aparta dela diote, ordea, mundu horretan sartuta dabiltzan guztiek. Donostian sortua eta ibilbide musikal oparoarekin,  56 urterekin hil da minbiziaren ondorioz. Urrian kaleratu zuen 'Niño Futuro' diska, Donostiako Antozki Zaharrean egindako aurkezpenean ondoan izan zuen Joseba Irazoki, beratarrak penatuta hitz egin du Naiz Irratian «joan zaigu musikari handi bat, eta baita ere, pertsona handi bat» esan du Irazokik «bagenekien gaizki zegoela, baina, beti da kolpea horrelako notizia bat».

Egun bereziak dira hauek, konfinamenduan, ezin elkar ukitu, maite duguna agurtzeko ez dira garai aproposak. Horregatik, aurreratu du Irazokik «hau guztia pasatzean, merezitako omenaldia egin behar diogula esaten ari dira txatetan». Berako musikaria Rafa Berrioren ondoan izan da azkenaldian eta harreman estua izan dute. Kontatu digunez, diskoa grabatzerako bazekiten biriketako minbizia zeukala Berriok, baina ahalik eta normaltasun handienarekin jarraitu zuten elkarrekin lanean, bai diska grabatzen, baita diskoaren aurkezpen kontzertuan ere.

Musikarien artean estimu handikoa zen Rafael Berrio. «Donostian hasi zuen bere ibilbidea, gero Euskal Herrian eta ondoren, Estatura. Baina, beti modu undergroundean» nabarmendu du Irazokik. Musikari beratarrentzat Berriok bazuen ezaugarri bitxi bat «behin hura ezagututa, ezin duzu baztertu bere musika eta jarraitzaile zara betiko, hori du Rafak». Berrio bizirik balego bezala solastu du gurean Joseba Irazokik, orainaldian. 'Duncan Dhu' rekin jotzen zebilela ezagutu zuen Irazokik Berrio, eta hasieran, lan harremana zena,  harreman pertsonalean bukatu zen. Izakokik nabarmendu du erraza zela Berriorekin lan egitea, «eta ez da hau norbait hil ondoko gauza bat. Rafak badu rollo ona generatzeko zera hori, enpatikoa eta humanoa da» azaldu du.

Hemen Rafa Berrioren 'Niño Futuro' azken diskoko kantua, 'Dadme la Vida que Amo'.

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa