Txomin Lasa (ELAko erresidentzietako arduraduna): "Gudara bidali dituzte langileak babeserako materialik gabe, eta hori ez da posible"

Aspaldiko aldarrikapenek egunotan berebiziko indarra hartu dute Zahar-egoitzeko langileen lan baldintzei dagokienez. Hala uste du Txomin Lasak, ELA sindikatuko erresidentzietako arduradunak. Koronabirusagatik sektore kolpatuenetakoa izaten ari den Zahar-egoitzeko errealitatea gerturatu du Naiz Irratira.

Loading player...
Naiz Irratia|2020/03/25
Tolosa
Tolosako Iurramendi zahar-egoitza

Egoera normalizatu batean "ratioak eskasak badira eta langileek ez badute gehiagorako ematen", egoera hori "are eta okerragoa da" larrialdiko egun hauetan. Hala dio Txomin Lasak, ELAko erresidentzietako arduradunak. Espainiar Estatuak agindu du Zahar etxe eta hirugarren adineko zentroek martxan segi behar dutela, beharrezko neurri guztiak hartuz. Halaber, oniritzia eman die autonomiei neurri osagarriak martxan jar ditzaten. Aukera hori baliatuz, langile gehiago kontratatu ditzatela eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. 

Egoera zentro horietan benetan larria dela azpimarratu du Lasak. Gipuzkoako zenbait erresidentzietan hainbat positibo kasu ezagutu dira -Tolosan edota Irunen, esaterako-, eta beste batzuetan langileak zentroetan geratzeko hautua hartu dute kutsatze gehiago ekiditeko. Lasak aipatu duenez, asteak zeramatzaten esanez egoerak okerrera egingo zuela: "Gudara bidali dituzte gure langileak babesteko materialik gabe, eta hori ez da posible. Instituzioen arduragabekeria izugarria izaten ari da. Materiala gaizki eta berandu iristen ari da".  

Gaur egungo protokoloek diote, Lasak azaldu duenez, zenbait babeserako baliabide egoiliarraren egoeraren arabera erabili behar direla. Berak dio, ordea, jakinik zernolako sektore den, derrigorrezkoa izan beharko lukeela langile guztientzat. Lasak ez du ulertzen, halaber, horrelako egoera batean nola ez zaizkien langile guztiei koronabirusaren froga egiten. "Materiala edota testak iristen direnerako, egoitza infektatuta dago". Hain juxtu, egoitzetako desinfekzio lan horretan suhiltzaileak dabiltzala baieztatu du Lasak.

Zahar-egoitzeko langileek egunotan, adinekoen behar fisiologikoak artatzeaz gain, konpainia handia egiten diete egoiliarrei; izan ere, egoitzetan bisitak debekatura daude duela aste batzuetatik hona. Zentzu horretan, ELA sindikatuak euren familiekin kontaktua edukitzeko euskarriak eta baliabideak eskatu dituzte. "Toki batzuetan hasi dira bideo-deiak egiteko baliabideak ezartzen, baina ez denetan. Egoera hau oso gogorra da adinekoentzat eta euren familientzat".     

Grebaren atzeratzea

Lasak gogora ekarri du krisialdi hau etortzerako greban zirela Gipuzkoako zein Bizkaiko erresidentzietan. Koronabirusaren krisiak dimentsio handia hartuko zuela aurreikusiz eta lankidetza ezinbestekoa zela ikusita, erabaki gogorra izan arren, "greba atzeratzea" erabaki zuten. Argi du, ordea, grebara itzuliko direla, "protestetan eskatzen genituenak are eta nabarmenago ikusten direlako egun hauetan".

 

 

 

 

 

 

 

 

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia