Indonesian, etxera itzuli ezinda

Urtarrilean joan zen Balira Maddi Amiano Allue altzotarra. Hilaren 15ean etxera itzultzeko gomendioa egin zuen Espainiako enbaxadak, saiatu arren oraingoz ez du lortu, «hiru hegaldi bertan behera utzi dizkigute». Bihar dute hurrengo aukera. 

Loading player...
Ion T. BARRENA|2020/03/20
Maddi-amiano
Maddi Amiano

Sei bat hilabeterako Indonesiara joan zen Maddi Amiano Allue. Urtarrilean iritsi zen Balira eta ekaina bitarte han egon asmo zuen, baina koronabirusaren gaitzak eraginda Euskal Herrira itzuli behar du orain, ez du lortu, ordea. «Orain dela astebete Espainiako enbaxadak ahalik eta azkarren itzultzeko esan zigun. Hegaldiak hartzen hasi ginen, baina oztopoak besterik ez ditugu izan. Hiru hegaldi atzera bota dizkigute eta bihar dugu beste saiakera bat». 

Izan ere, espainiar hiritartasuna duten pertsonen joan-etorriak asko mugatu dituzte hainbat estatuk eta hori da egungo oztopo nagusia; Maddi Amianok NAIZ Irratian azaldu duenez: «Hegazkinak badaude, prezio oso altuan izan arren, baina konpainiek hegaldi asko bertan behera utzi dituzte. Lehen hegaldian Singapurren geneukan eskala eta espainiar nazionalitatea dutenak bertatik igarotzea debekatu dutenez hegaldia bertan behera geratu zen». 

Larunbat honetan dute hurrengo aukera, «nahikoa itxaropentsu» daudela dio Amianok, «ni eta beste lau euskaldun goaz, konpainia honek hegaldi dezente ezeztatu ditu baina denboraz egiten dute, oraingoz gurea ez dute ezeztatu eta beraz esperantza dugu». Dohara doa hegaldi hori lehenbizi eta gero bigarren bat dute handik Madrilera. «Madrildik etxerako bidea falta zaigu lotzea, baina hori ia beste kontu bat izango da». 

Aholkuak bai, soluziorik ez 

Etxerako buelta instituzioek gomendatu arren, horretarako biderik ez dietela erraztu dio Amianok, «Eusko Jaurlaritzak esan digu informazio gutxi dutela eurek ere; kontuan hartzeko bidean geratu ahal garela ez aurrera ez atzera, kontuz ibiltzeko zer hegaldi hartzen dugun... baina hortik aurrera ez digute beste soluziorik ematen». Espainiar enbaxadak, antzera, «ahalik eta azkarren joateko». Azken honek zer konpainiarekin bidaiatu ere esan omen die, «baina atzo bertan Bartzelonara zijoan hegaldi bat Dohan geratu zen. Aholkuak ematen dizkigute baina soluziorik ez». 

Oraingoz Indonesian egoera ez dela larria dio Amianok, baina «larriagotzen» ari dela. Etxean geratzeko agindurik ez du eman gobernuak baina pixkanaka dena isten hasi dira han ere.

Euskal Herrira itzuli nahi dute bertan diren euskaldunek, «bereziki gertukoak lasaiago egongo direlako» baina baita «ez dakigulako Indonesiak nola egingo dion aurre pandemia honi, gobernuak berak aitortu du ez daudela prest horrelako egoera bati aurre egiteko». 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia