Zuzenean

Ion T. Barrena

NAIZ Irratia berrogeialdian

23.07an idatzi du lankide batek, sukarra du. 23.16an koronabirusaren jarraipenerako ardura duenak, «azken hamabost egunetan berarekin zuzeneko tratua izan duzuenok etxera». 7.00etan NAIZ Irratiak ez dio ekin ohiko programazioari. Egoerara moldatutako programazio berriarekin ekingo dio berriz asteazken honetan. Ez dadila Haria eten. 

Irratiaren set bat, etxean.
Irratiaren set bat, etxean.

Erredakzio huts baten ekin dio asteari NAIZ Irratiak, GARA eta NAIZeko erredaktore denak, teknikariak, administraziokoak, sarrerakoak... etxetik ari dira lanean eta irratiko lanak elkarren ondoen ez aritzeko moduan antolatu dira. Ongi.

Elkarren gertu egon diren apurrek beharrezko distantziak mantendu dituzte, ez dute mikrofonorik elkarbanatu, ez dira elkarrengandik bi metro baino gertuagora egon. Alarma egoerako lehen laneguna pasa da eta dena ongi doala dirudi.

Lan taldeko whatsappa:
[23.07] Lankidea A: «Iepa! Ea ba... egoera bitxi eta zail honetan. Nire bikotea atzo hoztua bezala zegoen eta gaur aldiz eztul eta sukarrarekin dago. Bere medikua deitu du eta badaezpada 2 aste etxean egoteko esan dio, arriskurik ez hartzeko. Ez dakigu 'korona' duen edo ez. Frantziar Estatuan egoera txarrenetan bakarrik egiten dute proba. Beraz, ez dakigu... Hauteskundeak izan direla eta, joan den ostiraletik ez naiz berekin egon. Gaur ongi nengoen eta gaueko 8ak aldera etxera iritsi eta sukarra.
[...]
[23.16] Arduraduna: «Bueno ekipo, egoera ikusirik neurriak hartzea erabaki dugu. Berarekin kontaktu zuzena izan duzuen pentsatu behar duzue. Makinak ukitzea ere kontuan hartu. Azken kontaktu horretatik zenbatuta 15 egunetan lanera ez joatea eskatzen zaizue. Edozein sintomaren aurrean abisatu, mesedez. Zaindu eta joango gara hitz egiten».

Elkar babesteko mezuak izan dira hurrengo dozena bat inguru. Goizaldean jaso dute batzuk albistea, Informazioaren Hariaren lehen edizioa prestatzeko jaiki direnean.

[03.38] Lankidea B: «Animo piloa! Zaindu zu eta ingurukoak! Mezu bat idatziko diet gaur programatuta genituen elkarrizketatuei...»

5.55ean begiratu diot nik telefonoari. Lau dei galdu, 58 notifikazio whasappean eta 14 telegramen. «Maaaloo».

[7.01] Entzuleen whatsappa: «Zer gertatu da? Ez dago Haria, X Gasteiztik»

Bi aste atzera burua, atzoko kafea, ostiraleko bilera, pasa den asteazkeneko tertulia... Aukera gehiegi.

Pare bat txiolari adar jotzen izan genituen astelehenean irratiaren frekuentzien mapak koronabirus kasuen berri emateko hedabide batzuk erabili dituzten infografien antz gehiegi dutela eta, «koronabirusa iritsi da NAIZ Irratira», idatzi du batek, ironiaz. Ez dakigu iritsi den, iritsi balitz bezala jardutea erabaki dugu, ordea.

Birusak ez du itxaron agintariek neurriak hartzera, hura bere bidean doa, eta gu ere gure bidean joan gara, bideak gurutzatuko zirela pentsatu gabe. Berandu iritsi da alarma egoera eta honen osteko neurri sorta, programazioa eten dugu egun batez, beranduegi izan ez dadin, eta berrogeialdian dago irratia.

Asteazkenetik, programazio berria

Asteazkenean berrekingo dio irratiak bere programazioari, egoerak ahalbidetzen duen neurrian entzuleei informazioa eta etxean egon behar horretan konpainia gozoa eskaini asmoz.

13.00etan izango da bihartik aurrera informazioaren erreferentzia, Informazioaren Hariaren edizio bakarrarekin. Etxeko oihartzun eta ezusteko zarataren bat edo besterekin, baina herritarren bizipen eta iritziekin osatu asmo dugu berrogeialdi honetako programazio parrilla. Astelehenean abiatutako bidetik, kultur sortzaileak eramango ditugu zuen etxeetara, herritarren bizipenak, kanpoan diren euskaldunenak, egoera honetan okerren daudenen testigantzak, denbora pasa atsegina egiteko balio duten emankizunak, etxeko txikienek irratia bizitzeko aitzakiak...

Zuek ere behar zaituztegu hurrengo egunetarako; zuen hitza entzuteko, zuen bizipenak elkarbanatzeko, zuen iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Elkar zaintzeko. Irratiaren whasappa: (0034) 644632994

Ez dadila Haria eten, bihar entzungo dugu elkar berriz, show must go on.

Jaurlaritza Logoa