naiz irratia

Koronabirusaren krisia Italian, Lombardian dagoen tolosar batekin

Italiak egoera larria bizi du koronabirusaren harira. Dagoeneko 7.000 pertsona baino gehiago daude kutsaturik eta 463 hildako eragin ditu birusak. Naiz irratian izan da Unai Arregi, Lombardian (Italia) aurkitzen den tolosarra eta aipatu du aurreko asteetan nahiko bizitza normala egin dutela, baina orain gauzak «asko larritu» direla.

Audio_placeholder

Koronabirusaren krisia Italian, Lombardian dagoen tolosar batekin

Loading player...
Bi pertsona maskarilekin Italiako kaleetan zehar. (Miguel MEDINA / AFP).
Bi pertsona maskarilekin Italiako kaleetan zehar. (Miguel MEDINA / AFP).

Italia egoera larrian da koronabirusaren ondorioz. 7.000tik gora dira dagoeneko bertan kutsatutakoak eta 463 hildako kontatu daitezke. Naiz irratian izan da Unai Arregi, Lombardian (Italia) master bat ikasten aurkitzen den tolosarra, «aurreko asteetan nahiko bizitza normala egin dugu, baina orain egia esan gauzak asko larritu dira», bere esanetan.

Guztira sei lagun bizi dira etxe berean baina koronabirusaren eraginez alde egin dute bere hainbat pisukidek. «Oraintxe pisuan beste batekin nago. Seitik bi besterik ez gara geratu, eta Estatuko beste lagunak ere etxera bueltatzen hasi dira». Asko ez dela iritsi zen Italiara,  «ni otsaila erdialdean iritsi nintzen, aireportuan sukarraren neurria hartu ziguten, baina ez zen beste munduko ezer. Zerbait entzuten zen koronabirusaren inguruan, baina ez Italian bertan».

Lombardia da, hain zuzen ere, Italiako Gobernuak dekretu bidez itxi zuena, orain Italia osora zabaldu den erabakia. «Atzo gauean Italiako herrialde osoa zona gorritzat jarri zuten. Printzipioz, neurri gisa, bidaiak kontrolatzen ari dira eta leku publikoetan jende multzo handiak ez elkartzea eskatzen dute. Taberna asko itxita daude eta supermerkatuak ere arratsaldeko 18:00etan itxi egiten dituzte. Beraz, oraingoz neurri hauek ari dira hartzen».

Apatu du ere, Brescian, une honetan, ez dutela printzipioz kalera ateratzeko debekurik. «Hemen printzipioz ez da debekurik, egia da kalean ez dela jende askorik ikusten, baina ni goizean supermerkatuan izan naiz, eta jendea ateratzen ari da, hori bai, maskarilekin eta guanteekin. Printzipioz guri ez digute esan etxean geratzeko. Egia da beste inguruko herri txikietan otsailetik daramatela hori esaten, baina guri momentuz ez digute abisu hori pasa».

Informazio falta

Informazio faltaz mintzo da Arregi, «hemen orokorrean, informazio falta nabari da. Pixkanaka joan dira asteroko informazioa emanez unibertsitatean. Ez zekiten nondik joko zuen birusak. Nik, esaterako, kide bat daukat praktikak egiten banku batean eta berari ere lana kendu diote, beraz egoera larria dela dio, baina, nolabait, ezjakintasun handia ere badago».

«Ni sei hilabeteko egonaldian nago. Printzipioz erabaki dut hemen geratzea. Autoritateak asko ez bidaiatzea gomendatzen dute, eta gainera, Euskal Herrira itzultzea, nire burua eta nire ingurukoena arriskuan jartzea iruditzen zait, orduan nahiago ditut egun hauek hemen lasai pasa eta espero dut behintzat egoera bere normaltasunera itzultzea».