Garikoitz Plazaola: «Jaurlaritzak ez du benetako informazioa eman»

Zaldibarko zabortegian izan den luiziaren ostean hiru egun hartu ditu Eguzki talde ekologistak hausnarkeketa egin eta bere iritzia plazaratzeko. Azaldu dute zantzu guztiek erakusten dutela ezbeharra zabortegiaren kudeaketa txarraren ondorioz gertatu dela. Garikoitz Plazaola taldeko kidea Naiz Irratian izan da.

Loading player...
Naiz Irratia|2020/02/11
Garikoitzplazaola01
Garikoitz Plazaola. (Andoni Canellada/FOKU)

«Zantzu guztiek hori esatera garamatzate». Patxadaz baina zuhurtzia handiz mintzatu da Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kidea Informazioaren Harian. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo eman zuen hauteskunde aurrerapena iragartzeko prentsaurrekoa. Kazetariek Zaldibarren gertatutakoaz ere galdetu zioten, batez ere lau egunean inolako adierazpenik egin gabe egotearen inguruan. Lehendakariak adierazi zuen fisikoki ezetz, baina lehen minututik egon dela gaia zuzenean jarraitzen. «Urkulluk berak jakingo du zergatik jokatu duen horrela. Ez da administrazio on baten adibide».

Orokorrean informazio eskasia dagoela salatu du Plazaolak. «Argi salatu dugu gure ustez zabortegiaren kudeaketa txar baten ondorio dela gertatutakoa». Kudeaketa informatiboa aldiz oso enpatia gutxikoa izan dela adierazi du. 

Ezbeharra gertatu ostean, langileak inolako babesik gabe aritu zirela gaineratu du. «Kontuan eduki behar duguu erregistroaren arabera hondakindegi horretan gai toxikoak zeudela, amiantoa kasu honetan, eta inork ez zuela ezer esan». Plazaolak ez du uste borondate txarrez egindako kontua denik baina desinformazioaren erakusle argia dela adierazi du.

«Denek erreparoa dute gaiari heltzeko». Egoera kaotiko samarra dela adierazi du Plazaolak. Kutsadurari dagokionez jaurlaritzak jarri duen neurgailu mugikorraz zalantza agertu du, «kontua da zer neurtu behar den jakin behar dela». Gaineratu du hondakinen inguruan ere erabakiak hartu beharko dituztela nora eraman edo zer egin argitzeko. 

Egoerari buelta emateak denbora asko hartuko duela adierazi du Plazaolak. Eguzki taldeak aurrera begira zabortegia itxi egin beharko dutela uste du. «Horrelako zoritxar bat baliatu gauzak ondo egiteko».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia