Zuzenean

Naiz Irratia

Hodei Rodriguez (Sukar Horia): «Garrantzitsua da ekologiaz hitz egitea, baina are garrantzitsuagoa ekintzak martxan jartzea»

Sukar Horia kolektiboaren aurkezpen publikoa egin dute gaur goizean, Muskizen, Petronor findegiaren aurrean, «hori baita Euskal Herriko enpresa kutsakorrena». Aldaketa klimatikoa eta krisi ekologikoa landuko dituen kolektibo bizkaitarra da Sukar Horia. Bertako kide den Hodei Rodriguezekin hitz egin dugu Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Hodei Rodriguez (Sukar Horia): «Garrantzitsua da ekologiaz hitz egitea, baina are garrantzitsuagoa ekintzak martxan jartzea»

Loading player...
Hodei Rodriguez, Sukar Horia kolektiboko kidea
Hodei Rodriguez, Sukar Horia kolektiboko kidea

Nahiz eta gaur egin duten Sukar Horiaren aurkezpen publikoa, ez da antolatzen duten lehen ekitaldia. Izan ere, azaroan jardunaldi batzuk antolatu zituzten elkartea ezagutara eman eta ekologismoaren inguruan hausnarketak partekatzeko.

Hodei Rodriguezek azaldu digu behar bat ikusten zutela krisi ekologikoa bere osotasunean eta klima aldaketa landuko zituen kolektibo bat sortzeko, eta esan digu euren helburua «trantsizio ekologikoa eskatzea» izango dela, baina beti ere, «trantsizio ekologiko juxtua».

Kolektibo hau sortzeko ideia «Tosu betirako kolektiboan ibilitako hiru pertsonen aldetik» sortu zen. Jardunaldi batzuk antolatu zituzten Bilbon, eta horien amaieran, asanblada bat deitu zutela esan digu Rodriguezek. Bertan jende gehiago batu zela aitortu digu, eta gaur, hain zuzen, kolektibo osatuaren aurkezpena egin dutela.

'Sukar Horia', izen bitxia izanagatik, Rodriguezek dio, metafora erabiltzen dela aldaketa klimatukoaz aritzean lurrak sukarra edukiko balu bezala; gainera, azaldu digu, sukar horia gaixotasun tropikal bat ere badela, eta horren haritik okurritu zitzaiela izen hori jartzea.     

Ekologia, justizia klimatikoa... gaiak puri-purian daude une hauetan, eta hori ona dela dio Rodriguezek, «baina ekintzak martxan jartzea are garrantzitsuagoa da». «Euskal instituzioetatik berba asko egiten ari dira, berbaz konpromiso handia erakutsi dute, baina gero ikusten dugu nola betiko lojikaren pean segitzen duten». Orain dela gutxi Bizkaian iragarri dute «sekulako tunela egingo dutela itsadarraren lurpetik, martxan jarraitzen du Super Sur-aren hedapenak, Araban gas putzuekin berriz hasteko intentzioa du Eusko Jaurlaritzak... beraz hitz ponpoxo asko erabiltzen dituzten arren, gero ikusten dugu ez dituztela ekintzarik egiten». Beraz, herri mobilizazioa behar-beharrezkoa da, Rodriguezen ustetan, ekintza zehtzak martxan jartzeko.

Klima aldaketaz baino, Rodriguezek uste du klima larrialdia dela bizi duguna. «Klima aldaketari buruz denbora asko daramagu hitz egiten». Nazioartean gaiaz hainbat Kongresu antolatu direla gogorarazi digu Rodriguezek, baina «konpromiso batzuk hartu diren arren, ez dira bete eta berotegi efektuko gas isurketak handituz joan dira azken urteetan. Beraz, gaur egun esaten da larrialdi klimatikoan gaudela eta «lehenbailehen emisio horiek jeisten hasi ezean, benetan oso etorkizun beltza izan dezakegula». 

Mobilizazioak handitzearen poderioz, politikariengan eragiteko parada handiagoa dela uste du Rodriguezek; hori nahikoa indartuz gero, aldaketak gerta daitezkeela dio. «Egia da orain denbora tarte laburra daukagula horiek martxan jartzeko, baina horiei ekin behar diegu».

Erabaki eta neurri indibidualetatik harago, Rodriguezek apustu egiten du erabaki kolektiboetan aldaketak eragiteko. Uste du neurri handiagoan ikus daitezkeela emaitzak modu kolektin¡boan jardunez gero. 

Gaur egin duten aurkezpenean, kolektiboa aurkezteaz gain, Urtarrilaren 30ean Eskubideen Kartarekin bat egiten duten eragile sozialek deitutako grebari atxikitzea ere iragarri dute. Azpimarratu digu Rodriguezek, euren ustez trantsizioa juxtua izatea derrigorrezkoa dela, eta horretarako, langileen munduko erakundeak indartsuak izan behar direla. «Deialdira batuko gara mugimendu hori indartzeko eta diskurtso ekologista bertan presenteago egoteko».

Jaurlaritza Logoa