Zuzenean

Naiz Irratia

Axun Lasa: «Bi aldeetako biktima askok bat egiten dugu presoen eskubideen aldeko aldarriarekin»

Euskal presoen eskubideen alde Bilbon larunbatean egin zen manifestazioaren amaieran Axun Lasak eta Rosa Roderok, GALen eta ETAren biktimek, irakurri zuten azken mezua. NAIZ Irratian adierazi du «sentsazio onarekin» gelditu zirela baina «garbi» duela «ez dela erraza izango» larunbateko aldarria egikaritzea. 

Audio_placeholder

Axun Lasa: «Bi aldeetako biktima askok bat egiten dugu presoen eskubideen aldeko aldarriarekin»

Loading player...
Sareko ordezkariak, Rosa Rodero eta Axun Lasa. (Gora RUBIO/FOKU)
Sareko ordezkariak, Rosa Rodero eta Axun Lasa. (Gora RUBIO/FOKU)

80.000 lagunek bete zituzten Bilbo eta Baionako kaleak larunbatean Sarek eta Bakearen artisauek deituriko manifestazioetan. Bizkaiko hiriburuan, urte luzez jada, urteroko hitzordua da urtarrilean presoen alde egiten den martxa. Lasa «urtero moduan» Bilbon izan zen, baina aurtengo hitzordua, nolabait, ezberdina izan dela dio. «Berriro hor izan gara jende multzo handia, baina aurten argitasuna ikusi nahirik sentsazioak positiboagoak izan dira egia esan».

Lasak uste du badaudela baldintzak euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika aldatzeko, «baldintzak badaudela esango nuke, garbi daukat baita ere erraza ez dela izango, gauza garrantzitsu hauek zailak izaten dira, baina nik uste baldintzak badaudela, borondatea da behar dena». Gobernu espainiarraren buru izango diren PSOE eta Unidas Podemosi begira, «orain arte asko erakutsi ez duten alderdi batzuek norondate handia jarri behar dute», dio. Ikusteke Madriletik zer nolako pausuak iristen diren, Lasak aitortu du baduela «esperantza» eta horri eutsi nahi diola, «egingo dela zerbait, jarriko dutela borondate gehixeago».

Elkarbizitza dago jokoan GALen biktima honen esanetan. Nabarmendu du Euskal Herrian hainbat pertsonek ongi ezagutzen dutela sufrimendua, eta zehatzago, ongi dakitela zer den «nahita eragindako sufrimendu bat gainean eramatea». Ildo honetan, oraindik «nahita eragindako min bat jasaten ari dira hainbat preso zuzenean eta hainbat famili, haur, guraso eta lagun», esan du eta gaineratu, «elkarbizitza osasuntsu bat nahi dugu baina horretarako ezinbestekoa da presoen egoerari irtenbide bat ematea».

Rosa Roderorekin batera irakurri zuen Bilboko manifestazio amaierako mezua Axun Lasak. GALen biktima da Lasa, ETArena, Rodero. Bakoitzak «bere izenean» hitz egin zuela azpimarratu du Lasak, ez zutela biktima guztien izenean hitz egin. Edonola, biktima askok presoen eskubideen aldeko aldarriekin bat egiten dutela baieztatu du. «Badakigu eta esan digute biktima askok bat egiten dutela».

Ez zutela biktima guztien izenean hitz egin azpimarratzearekin batera, hainbatek biktimen izenean egiten dituzten adierazpenak «lotsagarriak eta mingarriak» direla iritzi dio. «Biktimok nahi duguna da gu entzutea, ez gure izenean inork hitz egitea».

Larunbateko manifestazio jendetsuen ostean, jendartearen mobilizazioaren garrantziaz galdetuta, argi du Lasak. «Beharrezkoa da mobilizazioa,  oso beharrezkoa dela ikus gaitzaten, entzun gaitzaten. Beraien begi aurrean jarri behar dugu jakin dezaten hemen gaudela ez digutelako begiratu nahi eta ez gaituztelako entzun nahi».

Jaurlaritza Logoa