Zuzenean

Naiz Irratia

«Duintasunean eta eskubideetan oinarritu behar dugu gure herria»

Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, Euskal Herriko zenbait kolektibo bildu dira, arrazakeriarik gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko. Agurne Gaubeka Behatokiko eledunak azaldu digu, giza eskubideen aldarrikapen unibertsala onartu zela 71 urte badira ere, oraindik ere eskubide ugari urratzen direla.

Audio_placeholder

«Duintasunean eta eskubideetan oinarritu behar dugu gure herria»

Loading player...
Bazterkeriarik gabeko herria aldarrikatu dute giza eskubideen aldeko zenbait kolektibok. (@behatokia)
Bazterkeriarik gabeko herria aldarrikatu dute giza eskubideen aldeko zenbait kolektibok. (@behatokia)

Abenduak 10 da Giza Eskubideen Nazioarteko eguna. 71 urte bete dira aurten aldarrikapena onartu zela eta eskubideen esparruan lan egiten duten zenbait kolektibo bildu dira gaur, benetako berdintasunetik eraikitako herria aldarrikatzeko. Hala azaldu digu Agurne Gaubeka Behatokiko bozeramaileak: «Gure herria eta gizartea eraikitzerako orduan bat egiten dugu: guk pentsatzen dugu pertsona guztiak jaiotzez direla libreak, berdinak eta duintasunean eta eskubideetan oinarritu behar dugula gure herria».

Legeak hori bera aitortzen badu ere, eskubide horiek ez direla egikaritzen ohartarazi du Gaubekak: «Arrazoi ezberdinak medio, interes ezberdinak daude tartean, zapalkuntza ezberdinak jasaten ditugu eta ikusten ari gara, nahiz eta 71 urte pasa diren eta esaten diguten aurrerapausoak ematen direla, oraindik ez direla nahikoa erabateko berdintasun hori bermatzeko».

Guztion bizi baldintzen berezitasunak aintzat hartu eta horietara egokitzeko erraztasunak eskainiko dituzten baliabideak aldarrikatu dituzte, LGTBI kolektiboetako kideak, emakumeak, etorkinak eta guztiek euskaldun bezala pairatzen dituzten diskriminazioak, auzi kolektibo eta politikoak direla ohartarazi dute eta horiekin bukatzeko erabaki politikoak hartzea eskatu du: «Uste dugu neurriak hartu behar direla, batez ere erantzukizunak dituzten horiek hartu beharko dituztela. Bai judizialak, bai hezkuntzari lotutakoak eta lege babesa aldatu behar da».

Jaurlaritza Logoa