Zuzenean

Naiz Irratia

Beñat Gaztelumendi zuzenean Illunbeko finalera

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa jokatu zen atzo Oiartzungo Elorsoro kiroldegian; Gaztelumendi lehendabizikoa geratu eta txartela lortu zuen abenduaren 14an Illunben abesteko. Atzoko bertso sortak errepasatu eta Beñat Gaztelumendiren bizipenak bildu ditugu.

Audio_placeholder

Beñat Gaztelumendi zuzenean Illunbeko finalera

Loading player...
Gipuzkoako Bertso Txapelketa (Oiartzun)
Gipuzkoako Bertso Txapelketa (Oiartzun)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia saio bizia eta maila onekoa izan zen. Gertu dago Illunbeko finala eta, behar bada,  hori presente izan zuten bertsolariek, saioa ez baitzen inongo momentutan erori, eta lortu zuten maila mantentzea. Azkar joan zen saioa eta fin aritu baitziren sei bertsolariak. Horrela geratu zen atzoko sailkapena:

  1. Beñat Gaztelumendi Arandia…..506
  2. Alaia Martin Etxebeste………….493,5
  3. Ane Labaka Mayoz……………...472,5
  4. Asier Azpiroz Iztueta…………….463
  5. Iñigo Mantzizidor Larrañaga…...453
  6. Amaia Iturriotz Etxaniz………….438

Beñat Gaztelumendik saio borobila egin zuen, saioa aurrera joan ahala gero eta lan hobea osatuz, eta dizdira egin zuen kartzelakoan. Hemen entzun ditzakezue Añorgatarraren 3 bertsoak. Alaia Martin ere fin, eta erakutsi du prest dagoela Illunberako. Ane Labakak ere saio ona osatu zuen eta baditu aukerak abenduaren 14ko finalean abesteko. Bere bertso txalotuenak, kartzelako hirurak. Kolorea eta bixitasuna eman zion saioari Asier Azpirozek, kartzelakoan, Behobiako korrikalari baten azaletik osatu zituen hiru bertsoak eta lortu zuen bertan zegoen publikoak harekin batera 22 kilometroko lasterketan sufritzea eman zituen erreferentzia aberatsei esker.  Iñigo Mantzisidorrek amaierako agurrean aitortu zuen ez zela bere eguna izan, baina, nahiz eta ez zuen ariketa guztietan asmatu, utzi zituen perla batzuk. Amaia Iturriotz ere fin, nabarmentzekoa Beñat Gaztelumendirekin egin zuen 6ko motzeko ariketa. Txapelketa honetan dizdira berezia izan du Urretxuarrak.

Datorren igandean Tolosan izango den azken finalaurrekoan zehaztuko da zein izango den Illunbeko zortzikotea. Oraingoz, aulkia ziurtatua dute Beñat Gaztelumendik eta Agin Laburuk.

Beñat Lizaso, Jon Maia, Haritz Mujika, Jokin Uranga, Iban Urdangarin eta Oihana Iguaran igoko dira Tolosako Usabal kiroldegiko oholtzara azken finalaurrekoan. Naiz Irratiak arratsaleko 16:30etan hasiko du zuzenekoa, Oihana Enbeita gidari lanetan, ondoan izanen du Aitor Sarriegi bertsolaria.

Jaurlaritza Logoa