Agin Laburu: «Egin nahi nuenetik oso gertu geratu naiz»

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalista da Agin Laburu. Arrasateko finalaurreko saioa irabazi du astigarragarrak eta zuzeneko txartela eskuratu du. Oiartzungo eta Tolosako irabazleez gain, puntu gehien lortuko dituztenek osatuko dute abenduaren 18ko finaleko zortzikotea. Laburu pozik mintzatu zaigu Arrasaten egindako saioaren biharamunean.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/18
Aginlaburu
Agin Laburu saioaren irabazlea, pozik. (Gorka RUBIO/FOKU)

Horrelako saioetako urduritasunak ez dio lo sobera egiten utzi Agin Labururi, baina «lo gutxi eginagatik, deskantsatuta» aitortu digu. Pozik mintzatu da. Irunen finalaurdena irabazita, zuzenean finalaurrekora; eta finalaurrekotik zuzenean Illunbeko finalera.

Saioa hasi eta gutxira jo zuen kolpea mahaian Laburuk; Unai Gaztelumendirekin zortziko txikian algaraka jarri zuen Uarkape pilotalekua. «Diferentzia markatu nuen eta hortik aurrera asko ez arriskatzeko lasaitasuna eman zidan, gakoa hor egon zen», dio Laburuk.

Bi saio egin ditu eta bietan lehenengo geratu da. Finalerdietan «askoz erosoago» sentitu da bertsolaria final-laurdenetan baino. Gainera, egin nahi zuenetik «oso gertu» egon zen atzo Arrasaten. 501 puntu lortu zituen Laburuk eta bigarrena Nerea Elustondo izan zen 467 punturekin. Artigarragarrak uste du Elustondok aukera asko dituela finalean egoteko: «orain dela lau urte atarian geratu zen eta merezi du Illunben egotea». 

Finaleko saioa prestatzeko ia hilabete du Agin Laburuk, baina horrek ez du kezkatzen. Txapelketako prestakuntza egutegiaren arabera egin du, txirrindularia bailitzan, lehen saiora sasoi gutxiagorekin ailegatu eta finalera egoerarik onenean iristeko.

FM Bilbo 92.2 · Gasteiz 91.5 · Donostia 93.8 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia