Zuzenean
Naiz Irratian eskainiko ditugu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hiru finalaurrekoak. Igande honetan da lehen hitzordua Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Oholtzako seikotea: Eñaut Martikorena, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Unai Mendizabal, Iñaki Apalategi eta Unai Gaztelumendi. Saio honetan hoberen aritzen denak zuzeneko txartela eskuratuko du Ilunbeko finalerako. Oihane Enbeita bertsolaria ariko da gurean igandeko saioko gidari lanetan eta alboan izango du Ander Lizarralde.
Amagoia Mujika eta Maider Iantzik orain arteko saioen jarraipena egin dute. Bakoitzak bertso sorta bat aukeratu du: Mujikak Azpeitiko saioan Nerea Elustondok eta Oihana Iguaranek egindakoa; Iantzik, aldiz, Andoainen Eñaut Martikorenak kartzelan abestutako bertsoak.
Zeintzuk pasako ote dira finalera? galdera horri erantzun diete eta izen batzuk aipatu. Orain arte nabarmendu ez den gaztetxoren bat finalean egon eta ezustekoren bat ematea nahiko lukete biek. Halaber, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan orain arte izan diren gaien atzean dagoen lana eskertu dute.