«Eskubide asko ditugu aitorturik, baina bermaturik ez hainbeste»

400 lagun bildu dira Donostiako Kursaalean, Elkartu Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Gipuzkoako Federazioak antolatutako nazioarteko kongresuan. Mikel Malcorra, Elkartuko zuzendariak azaldu digu giza eskubideen ikuspegitik landu dituztela aldarrikapenak.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/08
Img11_0
Irisgarritasun unibertsala aldarrikatu dute kongresuan (Elkartu))

Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Gipuzkoako Federazioa sortu zenetik, duela 40 urte, aurrera urrats asko eman dirra irisgarritasunari dagokionean, Mikel Malcorra Elkartuko zuzendariak azaldu digunez. Nazioarteko kongresua antolatu dute urteurren borobilean eta giza eskubideak izan dituzte ardatz nagusi bezala. «Batzuetan ikuspuntu paternalista izaten da eta guk giza eskubideetan oinarritutako ikuspuntua aldarrikatzen dugu. Herritarrak gara, berdintasunean egon behar dugun herritarrak. Gure helburu nagusia da gizartearen parte izatea».

Espazio guztietan egoteko eskubidea aldarrikatu dute, halaber: «Ez gara pertsona bereziak, baizik eta beste edozein bezelako pertsonak. Gure ikuspuntua eta mugarriak ezagutaraztea da kongresuaren helburua. Pozik gaude partaidetzarekin».

Elkartuko zuzendariak nabarmendu du erakundeetako ordezkariak kongresura gerturatu izana: «Oso garrantzitsua da erakundeen inplikazioa, eskubideetan aurrera egiteko: azken finean, politika publikoak diseinatzen dituzten pertsonak dira, beraz beraiek barneratzea eskubideen prisma hori, gure eskubideak bermatzen dituen nazioarteko konbentzioa, oso garrantzitsua da. Gure funtzioa da lankidetzan aritzea, politika publikoak diseinatzerako orduan, gure aldarrikapenak kontuan izan ditzaten».

Desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen alorrean aurrera urratsak eman badira ere, aldarrikatzen jarraitzeko beharra ikusten du Malcorrak: «40 urte hauetan, eskubideak aldarrikatu, lortu eta defendatu ditugu. Baina gaur ikusten dugu eskubide horiek ez daudela erabat gauzaturik. Etorkizuneko erronka da erabat gauzatzea eskubide horiek: eskubide asko ditugu aitorturik, baina bermaturik, ez hainbeste».

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1 · Gernika 96.7
@NAIZIrratia