«Metalgintzako enpresa handiek hitzarmena blokeatzen dute eta guk beraiek blokeatuko ditugu»

Aceros Inoxidables Olarra enpresaren aurrean agerraldia eskeini dute gaur goizean Bizkaiko metalgintzako sindikatuek. Aurrez, Sidenor eta Artetxe enpresetatik kotxe karabana egin dute. Iratxe Azkue LABeko ordezkariak salatu du «Bizkaiko enpresa handiek hitzarmena bahituta» dutela. «Oso haserre gaude», gaineratu du.

Loading player...
Naiz Irratia|2019/11/05
Metalbizkaia
Bizkaiko metal arloko sindikatuak, Loiuko Aceros Inoxidables Olarra enpresaren aurrean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Urria hasieran astebeteko greba arrakastatsua egin zuten Bizkaiko metal arloan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deituta. Pasa den astean elkartu ziren sindikatuak eta FVEM patronala eta LAB sindikatuko ordezkari Iratxe Azkuek NAIZ Irratian baieztatu duenez patronalak «beste aukera bat galdu zuen benetako negoziazio bat abian jartzeko». «Oso haserre gaude», esan du behin baina gehiagotan eta gaineratu, ez dakitela patronalak zein estrategia duen baina lortzen ari dena oso argia dela: «langileak gero eta haserreago egotea».

Azkuek azaldu du ez dutela edonola hautatu gaurko agerraldiko lekua. Aceros Inoxidables Olarra enpresaren aurrean elkartu dira sindikatuak, aurrez Sidenor eta Artetxe enpresetatik kotxe karabana eginda. «Bizkaian enpresa handiek hitzarmena bahituta daukate, kriston boterea dute patronalaren barruan». LABeko ordezkariaren esanetan enpresa hauek diote sindikatuek eskatzen dituzten hainbat klausula ezin direla sinatu, subrogazioa kasu. Enpresa hauen jarreraren aurrean, «beraiek hitzarmena bloketazen dute eta guk beraiek blokeatuko ditugu», baieztatu du.

Lan gatazka honetan azpimarragarria da sindikatu guztien batasuna eta Azkuek baieztatu duenez, «argi dugu borroka honekin jarraituko dugula». Bide horretan, bihar Bizkaiko metal arloko patronalak BECen egingo duen ekitaldian mobilizazioa egingo dute sindikatuek. Ostegunean, berriz, negoziazio mahaiaren bilera berria izango dute.

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1 · Gernika 96.7
@NAIZIrratia