Zuzenean

Naiz Irratia

Montauk, Zazkel, Furyak eta Morau, azaroko 'Beste bat' saioan

Irratia eta lagunak beti izan dira musika banda berriak ezagutzeko bideak, eta goitik behera betetzen du hori NAIZ Irratiko 'Beste bat' musika saioak. Izan ere, saioak aukera ematen du euskal musikarien erreferentzia musikalak eta kantu kuttunak ezagutzeko. Gaurtik aurrera, Gasteizko Montauk eta Bilboko Zazkel taldeak eta Irungo Eneritz Furyak eta Hernaniko Andoni Tolosa Morau bakarlaria arituko dira.

Audio_placeholder

Montauk, Zazkel, Furyak eta Morau, azaroko 'Beste bat' saioan

Loading player...

Ambience rock estiloan aritzen den Montauk talde gasteiztarrarenak izanen dira astelehenetako bazkalosteak. Beñat Goitia abeslariak aurreratu duenez, «bizitza betetzeko kantuak» aukeratuko ditu “Beste bat”-erako.

Astearteetan, Zazkel taldea arituko da, euskal pop erradikala aldarrikatzen dute beren doinuetan eta taldearen sorrerarako erreferenteak izan diren talde eta kantuak aukeratu dituzten lehen saiorako. Etxahun Arregi taldeko abeslariak gidatuko du saioa «agian, hitz potoloa da baina saio 'eklektikoa' izango litzateke» dio Arregik, «saio anitza gaurko eta atzoko taldeen musikarekin» zehaztu du. Beti ere, XX. mendeko bigarren erdialdetik hona sortutako musikak izanen dira astearteetako 'Beste Bat' saioan adituko direnak.

Eneritz Furiyak bakarlari irundarrak hartuko du txanda asteazkenetan,  saioak «topatu nauen» musikari buruzkoak izango direla aurreratu du irundarrak. «Musikaren zaleok musika etengabe bilatzeko joera dugu. Eta bilatzea, batzuetan, lan nekeza da. Beste batzuetan, musikazalearen bizitza samurra da, musikak topatzen duelako musikazalea...» azaldu dio Furyak Naiz Irratiari.

Ostegunetan Andoni Tolosa Morauk. Azken honen saioak bi zutabe izango ditu. Alde batetik, mundu zabaleko kantautoreak aukeratuko ditu eta bestetik, «munduko herri musikek beste generoekin bat egiten duten esparru zabala» landuko du.

Zuzenean eta podcast bidez

Abuztuan ekin zion 'Beste bat' saioak NAIZ Irratian. Gidari lanetan aritu diren musikarien artean daude: Miren Narbaiza, Amorante, Ibon RG, Petti, Mikel Markez, Ane Garcia, Dupla, Nizuri Tazuneri, Birkite Alonso Birkit, Asier Beramendi Eraul, Ibil Bedi edota Olatz Salvador.

'Beste bat' saioa 15.00etan emititzen da zuzenean FM eta streaming bidez, eta nahieran ere entzun daitezke saio guztiak NAIZ Irratiaren webgunean bertan eta ohiko podcast plataformetan.

Jaurlaritza Logoa