Zuzenean

Naiz Irratia

Jardunaldi Feministak: azkurea eragiten duten eztabaidak, etorkizunera begiratzeko

3.000 emakume bilduta, jardunaldi historikoak izan dira asteburuan Durangon, Mugimendu Feministak antolatuta. Saretzeko eta hausnartzeko balio izateaz gain, Mugimendu Feministaren barruan askatu gabeko zenbait korapilo mahaigaineratzeko ere balio izan dute Jardunaldiek. Maider Galardik, Klitto agerkari feministako kazetariak, egin digu zenbait eztabaida nagusiren errepasoa: burujabetza feminista, dekolonialitatea eta biolentzia.

Audio_placeholder

Jardunaldi Feministak: azkurea eragiten duten eztabaidak, etorkizunera begiratzeko

Loading player...
Euskal Herriko Mugimendu Feministak jardunaldi nazionalak egin ditu durangon. (Endika Portillo))
Euskal Herriko Mugimendu Feministak jardunaldi nazionalak egin ditu durangon. (Endika Portillo))

Durangon asteburuan izan diren Jardunaldietako ekitaldiek arrakasta handia izan dute. 'Bizitzak erdigunean jartzea' izan zen Jardunaldiei hasiera eman zien mahai inguru zentrala: kapitala erdigunetik kendu eta zaintza zentroan jartzea aldarrikatu zuten. Hain zuzen, «lurraldearekin dugun harremana eta elikadura nabarmendu zituzten, burujabetza feministarako bidean», Galardik azaldu digunez.

Biolentziaren inguruko mahai inguru nagusian, diskurtso berriak ere antzeman ditu kazetariak: «Feminismotik zilegizko indarkeria aldarrikatu da azken urteetan: Farrukas taldea, esaterako, gaueko manifestazioak antolatzen hasi eta lehenak izan ziren ‘beldurra aldez aldatuko dugu’ esaten. Mahai inguruan argi geratu zen, gizarte utopiko batean indarkeriarik ez balego, Mugimendu Feminista ez litzatekeela aurka egongo».

Dekolonialitatearen inguruko mahai nagusiak «azkurea eragin» zuen, Galardik azaldu digunez: «Zapalduaren paperean egotea zer den badakigu, baina urrats bat egin beharko genuke eta, testuinguruaren arabera, zapaltzaile garela ohartu. Gure pribilegioek eragin negatiboren bat badute, aztertu eta hausnartu beharko genuke, eta gero deseraiki. Feminismoan asko hitz egiten da deseraikitzeaz, eta guri ere tokatzen zaigu». Itziar Gandarias, Jardunaldien antolakuntzan ibili den kideetako baten hitzak ekarri ditu kazetariak, gogoratuz «aniztasuna izatez gatazkatsua dela, elkarbizitzak talkak ekarriko dituela, baina hori onartu eta korapiloak askatzen asmatu behar dugula».

Jaurlaritza Logoa