Zuzenean
1.000 egun pasa dira Altsasuko gazteak kartzeleratu zituztenetik. Gaur atera du sententzia Espainiako Auzitegi Gorenak. Espainiako Auzitegi Nazionalak egin moduan, kartzelan daudeen zazpi gazteek preso jarraitu beharko dute, espetxe zigor urteak jaitsi dizkieten arren.
Gorenak, Auzitegi Nazional espainiarrak gazteei leporatutako ‘diskriminazio larria’ eta ‘gehiegizko abusua’ delituak kendu arren, guardia zibilekin ordu txikitan eta festa giroan izandako liskarrengatik espetxe zigor altuak ezarri dizkie. Auzitegiaren iritziz, badira biktimei eragindako lesio fisiko eta psikologikoen froga nahikoak.
«Triste eta haserre» daudela esan digu Bel Pozuetak, Adur Ramirez de Aldaren amak. «Hiru urte hauetan pentsatu dugu justizia egingo zuen zentzuzko norbait agertuko zela, baina ez da hala izan», salatu du.
Herritarrei eskerrak eman dizkie orain arte erakutsitako sostenguagatik. Halaber, justiziaren aldarria egin eta salaketa kanporatzeko, etxean ez geratzeko eskatu dio jendarteari: «Justiziaren parametroetatik etorkizun berri bat eraikitzeko behar zaituztegu, elkar laguntzen eta zaintzen jarraitu behar dugu».