2024ari errepaso musikala: jaiotza eta heriotzaz betetako urtea
Gaurkoa urteko azkena izango da aurten estreinatutako saio honetan; eta urtearen hondarretan egin ohi den bezala, Ad Libitumeko atal honetan urteari errepasoa egingo diogu Euskal Herrian eta euskaraz argitaratutako zenbait diskori aipamen berezia eginez.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Hasteko, esan behar da oso urte oparoa izan dela 2024a Euskal Herriko argitalpenei dagokionez: 212 diskoren informazioa bildu dugu behintzat Naiz irratian, eta baliteke gehiago ere izatea.
Atal hau, urtarrilean inongo aurreikuspenik gabe argitaratu zen lan bati aipamena eginez hasiko dugu: Gorka Urbizuren 'Hasiera bat' diskoko 'Janela bat' kantuarekin, alegia. Ostera, 2024ak jaiotzen ikusitako hainbat proiektu berriren inguruan hitz egingo dugu: Aiert oñatiarraren pop akustiko-elektronikoa, Heitxiren triki-pop elektronikoa, Iruñeko Borla eta bere pop-rocka, Lapurdi eta Behenafarroatik etorritako Maskak taldea, edota Skakeitanen errautsetatik sortutako Marte Lasarte, besteak beste.
Ostera, aurten argitaratutako beste zenbait diskori jarriko diogu azpimarra. Aurtengo argitalpenen artean batzuk hautatzearren, Olatz Salvadorren Zainak Eman diskoak gure atentzioa deitu du; Tatxers talde iruindarrak ere bere soinuari distira atera dio 'Ezpatei disdira' izeneko lan berrian; J Martinaren Negu Gorri ezin aipatu gabe gelditu; edota Eneritz Furyaken HHH disko berria.
Amaitzeko, urte hau ere penaz oroituko dugu talde edo proiektu askoren agurra suposatu duelako: Chill Mafia, Gatibu, Willis Drummond, Liher, Benito Lertxundi… agur eta ohore denei! Eta zuei, urte berri on!