«Bakarrik, baina bakardade sentsaziorik gabe», Hego Amerikatik bizikletaz
Fisikoki fuerte egotea baino, mentalki prestatuta egotea da garrantzitsua Unai Mayorarentzat. 2023ko abenduan hasi zuen bere bizikleta abentura Txilen, eta oraindik hala dabil, bizikletaz Hego Amerika ezagutzen. Kolonbiatik, Medellinetik, erantzun du NAIZ Bidaiariko deia.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Unai Mayora Ormaiztegiarrak Kolonbiako Medellin hiritik erantzun digu gure deiari. 2023ko abenduak 12an Atlantikoaren bestaldean bizikleta bidaia bati ekin zion. Txileko errepide australa delakotik abiatu, eta Argentina, Bolivia, Peru eta Kolonbia izan dira zeharkatu dituen herrialdeak. 8 hilabetetan 9200km inguru egin ditu, eta urte bete pasatu eta gero, argi dio: «Bidaiak asko ematen jarraitzen dit».
Fisikoki fuerte egotea baino, mentalki prestatuta egotea da garrantzitsua Unai Mayorarentzat. Autosufiziente izan, kozinatzeko beharrezkoa den guztia izan eta modu minimalistan bidaiatzea garrantzitsua dela kontatu ditu NAIZ Bidaiari saioan.
Zikloturismo munduan, ederra bezain exijentea da errepide australa. Hain zuzen, handik ekin zion bidaiari. Andeetako mendilerrotik gertu doan 1200km-ko ibilbide hau egitea erabakitzen duten bidaiari gehientsuenak, Puerto Montt-en hasi eta Villa O'Higgins-en amaitzen dute, iparraldetik hegoaldera haize baldintza hobeagoen bila. Hala ere, Mayorak alderantziz egitea erabaki zuen, bera ere «nahiko aldrebesa» dela dio berak.
Euskal Herria utzi eta bizikleta hartuta bidaia luze bat egitea erokeria ote den galdetuta, argi dio ezetz. Berarentzako Euskal Herriko egunerokotasunean erori eta, egun bat bai, eta bestea ere bai, tabernara joatearena ere erokeria iruditzen zaio. Hala ere, horrelako bidaia bat egitea animatzeko «ero puntu bat» izatea ezinbestekotzat jotzen du gure elkarrizketatuak.
Argentina hegoaldean dagoen El Calafatetik abiatu eta Txilera, Lago del Desierto muga-pasabidea zeharkatu zuen. Hiru egunez ez zuen zerbitzu bat bera ere ez topatu, glaziarrak dauden guneetan eta txalupa batzuk hartuz. Lotarako eraman zuen anaiaren zakua ere aldatu beharra izan zuela kontatu digu, ez zen nahikoa paraje horietako hotzei aurre egiteko. Errepide australa amaitzeko 400km faltan, Futalefulik, Andeen mendikatea igo eta Argentinara egin zuen berriro, 'Ruta 40' delakotik iparralderantz egitea zen plana.
Atseden luzea hartu zuen El Bolson herrian, etxe baten eraikuntzan lagundu zuen 20 egunez komunitate jator batean. Hangoak ere atzean utzi eta iparralderako bidea hartu zuen berriro Unai Mayorak: Panpako zuzengune luzeak, haizea eta bide arriskutsuak topatu zituen han. Bidean ere topatu zituen bizikletaz bidaiatzen ari ziren zenbait, eta konpainia onean egin zituen makina bat kilometro. Errepide bazterrean bizikleta konpontzen ari zela ezagutu zuen 24 urteko Saskia holandarra, eta berarekin gurutzatu zuen Boliviako muga. «Ingelesa eta gaztelania erakutsi genion elkarri», gogoratu du, eta «barre asko bota genituen».