IRRATIA
Entrevista
Garbiñe Etxeberria
Realeko kirol zuzendaria

«Aldaketa handia eman da emakumezkoen futbolean, baina ezerezetik gatozelako!»

Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresuko azken ekitaldiko protagonista nagusia da Garbiñe Etxeberria. Realeko kirol zuzendaria eta futbolaren garapena lehen pertsonan eta lehen lerroan bizitakoa. Asko da aurreratutakoa, bere hitzetan, eta asko dira erronkak. 

Garbiñe Etxeberria NAIZ Irratiaren Irungo FICOBAko setean (Jagoba Manterola | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Emakumezkoen futbola barru-barrutik bizi izan duzu. Zein hazkunde izan du zu hasi zinenetik orain arte?

Izugarrizkoa, izugarrizkoa. 80ko hamarkadan hasi ginenean ez zegoen ezer egituratua. Aldaketa handia da, izugarria. Orain ikustea liga profesionala, zein talde dauden, zein izen dauden... Mutilen egitura profesional horien babesean bizi gara gu oraindik, baina izen handiko taldeak daude hor. Hedabideetan ere hasi gara... Aldaketa izugarria da, handia, baina ezerezetik gatozelako! Honek ez du esan nahi dena lortuta dagoenik. Gauza asko daude oraindik egiteko.

Zoritxarrez, eta hau esango dut, emakumeen kirolean gauza negatibo gehiago ateratzen dira kirol arlotik kanpo, kirol gaiengatik baino gehiago izaten gara albiste horiengatik. Uste dut hori aldatu egin behar dela eta hitz egin behar dugula eguneroko kirolari buruz, nola aldatu den kirola, zein jokalari ditugun, zein lanketa egiten den kirolari horiek lortzeko... Horretaz hitz egitea gustatuko litzaiguke.

Garbiñe Etxeberria. (Jagoba Manterola | FOKU)
Garbiñe Etxeberria. (Jagoba Manterola | FOKU)

Zertan hobetu da gehien zu hasi zinenetik?

Nik uste dut aldaketa handia dagoela entrenamenduetan, hor ere jende gehiago, pertsonal gehiago ere badagoelako. Arlo asko lantzen dira, lehen baloia eta zelaia bakarrik zegoen. Orain badago indarra lantzeko, gimnasioa, nutrizio arloa, burua lantzeko, adimen emozionala... arlo asko daude. Jokalarien ingurua aldatu egin da eta horrek plus bat eman digu. Gure gorputzak arinagoak dira, eginagoak eta futbola biziagoa da. Joko aldetik ere aldatu da, ez da beti joko motza erabiltzen, joko luzea ere sartu da... Horrek ekarri duen guztia asko da.

«Beti kanpora begira bizi gara, ez? Hark hori egin behar du eta horrek hori egin behar du... baina batzuetan norberak ere egin behar du. Iruditzen zait jokalariek ere hausnarketa hori egin beharko luketela» 

... eta zer dago hobetzeko orain?

Iruditzen zait oraindik ere hobekuntza asko daudela egiteko, gure espazio horiek oraindik ere naturalago bizi behar ditugu. Gero beste kontu bat ere badago, nire ustez jokalariak berak ere ulertu behar du egindakoak ez diola balio eta berak ere asko jarri behar duela hobetzen jarraitzeko. Beti kanpora begira bizi gara, ez? Hark hori egin behar du eta horrek hori egin behar du... baina batzuetan norberak ere egin behar du. Nire aldetik pentsatu behar dut nola egin hobetzen jarraitzeko. Iruditzen zait jokalariek ere hausnarketa hori egin beharko luketela. ‘Tira, hobetzeko zer egin behar dut?’

Aipatu duzu lehen entrenamenduetan baliabideak asko hobetu direla. Uste duzu horren eraginez jokalari gero eta hobeak ateratzen direla?

Dudarik ez. Beste gakoetako bat oinarrizko futbolean egon daiteke. Oraingo jokalari hauek, neska hauek, neska gazte hauek, lehenago hasten dira jokatzen. Antolatuago dago dena. Txikitatik aritzearen ondorioz jokalariak oinarri hobearekin datoz. Oraindik baditugu gauzak hobetzeko, baina guk eduki ez genun hori orain gaztetxo hauek badute.

Aldatuko al zenuke zure garaia oraingoarekin?

Ez, ez. Ez nuke aldatuko. Askotan egin didate galdera hori, baina ez nuke aldatuko... Oso pozik nago, niri futbolak gauza asko eman dizkit: nire bizitza futbolean oinarritu da, kirola egin dut, lagun talde bat eman dit, kuadrilla... nire ingurua futbolaren inguruan dago. Gainera, gauza on asko bizi izan ditugu, titulu aldetik ere bai. Neronek Erreginaren hiru Kopa ditut jokatuak Oiartzunekin. Zer gertatzen da? Garai hartan inor ez zela enteratzen. Oraingo Erreginaren Kopa irabazi denean, 2019an, ekarri duen oihartzuna ez da berdina, baina nik Kopa berdina jaso nuen garai hartan. Gauza on asko bizi izan ditut Oiartzunekin, futbolarekin, Realarekin... ez nuke atzera egingo ez.

Emakumezko futbolarien lehen nazioarteko kongresua hemen egiteak zer esan nahi du?

Gipuzkoan gaude eta Gipuzkoak zeresan handia du emakumeen futbolean, 80ko eta 90ko hamarkadan hasi ginelako eta jende on askorekin. Hemen egitea, Gipuzkoan, ez da kasualitatea. Kongresu garrantzitsua da, jende garrantzitsu asko dagoena, izen handikoa. Elkarren ondoan egoteak, elkarrekin gai berberei buruz hitz egiteak, gure pozak eta penak, elkarbanatzeak, hobekuntzak eta erronkak... gai horiek guztiak ateratzea uste dut izugarria dela.