IRRATIA

Lau kantu ‘Basati’ eta Gilda bat

Goierriko hiru emakumeren batasunetik sortu zen Gilda taldea duela urte gutxi. Amagoia eta Maialen Aiestaran ahizpekin batera Anabel Toral da hirugarren osagaia Gildan eta bigarren lan bat kaleratu dute aurten, ‘Basati’.

‘Basati’ disko laburrarekin beste lau abesti kaleratu ditu Gilda talde goierritarrak. (GILDA)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Betaurreko moreak jantzita ez dituenak, Gildaren musika entzutea besterik ez du mundua ikuspegi horretatik begiratzen hasteko. Horregatik bakarrik bada ere, entzutea merezi duen taldea da goierritarra. Fredi Pelaezekin izan dira Pottoko estudioan beste behin eta Balio Dute kolektiboarekin kaleratu dute bigarren lan hau ere.

Lau kantuz osatzen den disko laburra da. Balada kutsua duen ‘Aurrera egizu’ kantuarekin irekitzen da diskoa, nahiz eta gero lehertu egiten den. Mezu zuzena bezain gordina du ‘Putero bat hil da’ abestiak. Prostituzioaren gaiari adarretatik heldu diote haur kanta baten doinuak burura ekartzen dituen abesti batean. Kalean ikusi zuten emakume bati eskaini diote, berriz, ‘Mariasun’ abestia. Bizitzaren formula haren eskuetan omen da eta, sekretua non dagoen ez badakite ere, hark bezala bizi nahiko luketela kontatzen digute. «Basati jarri nintzen», diskoaren izenburua gordetzen duen esaldia, ‘Oraindik leporaino’ kantuan topatzen dugu. Akorde esekiek eta erdi tempoak kantu goxoa osatzen dute diskoa ixteko.

Konfiantza gehiago dutela berengan argi geratu da lan honetan, aurrerapauso nabarmena eman dute Gildakoek eta zuzenekoetan ere ari dira. Adi, beraz, datozenei. Bitartean, entzun NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa.