Zuzenean

«Arazoa ez da emakumerik ez dagoela musikan, baizik eta ez dietela espazio hori eman nahi»

2019an Amagoia Aiestaran eta Anabel Toral musikarekin jolasean hasi eta kantuak sortzen hasi ziren gerora Gilda izango zen proiektuaren hastapenetan. Hurrengo urtea bukatzerako batu zitzaien Maialen Aiestaran eta handik urtebetera estudiora sartu ziren, 2022an kaleratu den ‘Egin albora’ grabatzeko.

Audio_placeholder

«Arazoa ez da emakumerik ez dagoela musikan, baizik eta ez dietela espazio hori eman nahi»

Loading player...
Maialen Aiestaran, Anabel Toral eta Amagoia Aiestaran dira Gilda talde goierritarreko kideak.
Maialen Aiestaran, Anabel Toral eta Amagoia Aiestaran dira Gilda talde goierritarreko kideak. (GILDA)

Ustekabean ezagutu genuen Gilda taldea, sarean ikusitako kontu batzuen harira eta ‘Egin albora’ diskoa kaleratu berritan zirela jakin genuen segidan. Erdi kunbia batekin irekitzen dute lana, baina izpiritu punka dutela urrundik nabari zaie.

Izpiritu punka, baina kantuen trataera beste modu batekoa izan da.

Anabel Toral: Frankenstein abesti bat izan da diskoari hasiera ematen diona. Eta badugu punk izpiritu hori, baina melodikoagoak izaten ere saiatu gara.

Gilda proiektua kasualitate baten ondorio da?

Maialen Aiestaran: Amagoiak orkestratu duen kasualitatea izan dela esan dezakegu. Anabel eta biak elkarrekin abestiak sortzen ari ziren eta ni kanpoan bizitzen nintzen orduan. Bueltan etorri nintzen, deseskaladak erdiz-erdi harrapatu ninduen, ez nekien zer egin eta hauek bateria bai, baina joko zuenik ez zuten. Ea jotzen ikastera animatuko nintzen galdetu zidaten, eta gaur arte.

Gogorra izan al da hain denbora gutxian ikastea?

M.A.: Ez, gozatzekoa izan da. Liburu pare bat erosi nituen, YouTubeko irakasle miragarri horietako bati segika ere aritu nintzen eta abestia jotzeko justu-justu iritsi nintzen diskoa grabatzera. Orain bai klaseak serioago hartzen hasiko naiz eta hobetzeko asmoa dut.

Lehendabiziko mugarri bezala ulertu behar da disko hau, ezta?

A.T.: Momentuz daukaguna hau da eta ez dakigu aurrera begira zer egongo den. Honekin disfrutatzea da gure nahia, eta etorriko da ziurrenik gauza gehiago, martxa behin hartuta hala izaten delako. Baliabide gehiago, gogoa, denbora… halakoak ditugunean etorriko dira etorri beharrekoak, baina hau da egun garena.

Kantuen hitzak ulertzeko betaurreko moreak jantzita edukitzea ezinbestekoa da. Esplizituena, ordea, diskoari izena ematen dion ‘Egin albora’ kantua da, azkena, emakume erreferente sorta luzea botatzen duzuena.

A.T.: Geroz eta gazteagoak direnak ere sartzen ari direla ikusten ari gara eta hori ere pozgarria da. Abanikoa geroz eta zabalagoa da musika estiloei dagokionez eta hori da garrantzitsuena. Eta gero gaude gu, hasten ari den talde bat, gurea egiten eta gureak bezalako proiektuak ateratzen ari direla ikusteak ere poza ematen du.

Ahalduntzea hori ere badelako, izan ere zuek orain eman duzuen pausu hau, akaso duela urte batzuk ez zenuten emango edota beste batzuk ez zuten eman. Bidean ere ezagutuko duzue halako kasuren bat.

M.A.: Hor oso garrantzitsua da erreferenteak ikustea. Zu, musika egiten ari bazara, emakume bezala jaialdi batetara joan eta ikusten dituzun musikarien %99 gizonak badira, akaso ez zara ausartzen pausoa ematera. Baina emakumeak oholtzan ikusten badituzu, baxua jotzen, gitarra elektrikoa jotzen… hau da, orain arte gizonezkoei lotu zaizkien instrumentuak eta gozoak ez direnak joz, posible dela ikusten duzu.

Gizonezkoei ‘Egin albora’ esatea, askotan kosta egin baitzaigu gizonoi guztiok hain gogoko ditugun espazioetan datozenei tokia uztea.

M.A.: Eta hainbeste emakume egonda eta hainbeste estilo desberdinetakoak, gainera. Kuriosoa da emakume musikari asko daudela baina kartel handietan gehienak gizonezkoak direla. Arazoa ez da emakumerik ez dagoela musikan, baizik eta ez dietela espazio hori eman nahi. Hori oso argi dago.

Eta gizonezkoei bakean uzteko mezu nabarmena ere bai ‘Ixildu ai’ kantuan. «Niri bost axola zure lana, zure neska eta zure alopezia, nik dantza bakarrik egin nahi dut», esaten duzue. Barrez ari gara, baina drama bihurtzen da hori askotan.

A.T.: Abesti hau oso Amagoiarena da. Hau arazorik gabe esango dugu letra eta musika, hasi eta buka, hark eginak direla. Bera den bezalakoxea ikusten dugu bertan eta transmititzen duena benetan gertatutakoa da. Egoera horri nola eman forma pentsatu zuen eta kantu hau sortu. Askotan kexatu izan da gauetan aldamenean tipo bat kaka ematen tokatzen zaizula, gauaz disfrutatzen uzten ez dizuna, elkarrizketa batean kateatu eta ihes egiten uzten ez dizuna. Emakume gehienoi pasa zaigu hori eta, ondorioz, abesti hau entzuten dutenean, irribarrea sortzen diegu enpatizatzearen ondorioz. Pentsa, mutil batek ere esan zigun, «niri ere gertatu zait egoera hau, baina ni nintzen astuna», kar-kar.

Diskoa tenpo geldoan egin duzue, kantuak berez azkarragoak izatea eskatu dezake, baina zuek beste hautu bat egin duzue. Lehen diskoa izanik, zuen artekoa enpastatzeko izan da hautu hori?

A.T.: Ez, ez. Lehendabiziko aldia da halako zerbait entzun duguna. Egia da taldearekin aurrera egin edo ez eta diskoa grabatu edo ez erabakitzen denbora asko hartu dugula, baina horraino.

M.A.: Tenpoa pausatua izatearena askotan nahita egin genuen. Izan ere, kontzertuetan, uste gabe, askoz ere azkarrago goaz, motibazioaren kontuak izaten dira. Hobeto jotzeko, lasaiago, tenpoa baretzea ideia ona zen.

A.T.: ‘Ixildu ai’ izan daiteke kanturik azkarrena, eta hala ere ez da swing rock&roll bat.

‘Bi biluzik’ abestiaren letra ere nahikoa esplizitua da, baina biluztea ez da erropa eranztea soilik.

A.T.: Gure inguruko lagun batzuek bizi izan zuten esperientzian dago oinarrituta. Jendeari oraindik ere kosta egiten zaio beren bizitza plenoki bizi ahal izatea. Baina abesti guztiekin gertatzen den moduan, buelta gehiegi ez dago emateko.

Beñat Antxustegirekin grabatu duzue eta justu abesti honetan bateriak soinu desberdina du. Nola izan da grabaketa prozesua, dena segidan edota zatika joan zarete egiten?

M.A.: Lehendabizi instrumentala grabatu genuen eta gero ahotsak etorri ziren, eta konponketa batzuk bukaeran.

A.T.: Eskertzen da komentarioa, izan ere bateriari beste buelta bat eman genion abesti honetan. Guk egin ditugu gauza guztiak eta ez dakigu ia ia instrumenturik jotzen eta justu abesti honetan soinuan fijatzen aritu ginen.

M.A.: Eta Beñat sekulako lana egin du eta pazientzia handia izan du gurekin, oso hasiberritan harrapatu ginduelako grabaketa honek. Pila bat eskertzen diogu.

Gitarran ere pare bat pedal edo hiru eta gauza gehiagorik ez.

A.T.: Nik nahikoa daukat abestu eta gitarra jotzearekin, eta soloren bat egitea ia asko da niretzat. Ikasten nabil instrumentuaren kontrola edukitzeko eta argi daukat ez dudala beste askok izaten duten pedalerarik nahi. Grabatu genuenean ideia gehiago ere bagenituen, bigarren gitarrak sartzea edota koro batzuk egitearena. Gero hotzean pentsatzen genuen eta disko osoegia egin eta zuzenean defendatzeko gaitasunik ez izateko beldurra sortzen zitzaigun. Hala, zuzenekoarekin fidela izaten saiatu gara.

Jolaserako tartea ere hartu duzue hala ere. ‘Amona’ punki samarra atera da ezta?

M.A.: Amona bera ere punki samarra delako, kar-kar.

A.T.: Irudi indartsu bat sortu nahi genuen, nik tatuatu egingo nukeen amona eskopeta eskuan duela. Sortzen zaidan irudia oso garbia da eta asko gustatzen zaigu.

M.A.: Oso abesti bisuala da, kantua entzun orduko denok irudikatzen dugu amona ‘kañero’ bat, inor bere gainetik pasatzen uzten ez duena, gizonak bere tokian mantentzen dituena eta hori da guk izan nahiko genukeen amona.

Bukaerarako ‘Odola’ kantua utzi dut. Garai ederrean dator abesti hau, lege proposamena aurrera ateratzeko bidean denean, baina errealitatea egunero dago hor.

M.A.: Ez duenak ikusten begiak eskuekin estalita dituelako da.

A.T.: Zuzenean aipatzen ez dugunez, aipatzen dugun odola hilekoarena dela ez da konturatzen bat. Hala, kontzertuetan esan egiten dugu zein odoli buruz ari garen abesten.

M.A.: Emakumeek segituan ulertzen dute, entzun orduko badakite zertaz ari garen. Gizonek, ordea, hilekoaren odolarekin izan duten harremanaren arabera. Baina asko gerora konturatzen dira.

A.T.: Beñatek esan zigun uste zuela izen horrekin abesti oso punkia izango zela. Baina konturatu zenean hilekoaz ari ginela, berak ere ulertu zuen.

Ilustrazioa ere aipatu nahiko nuke, Arantxa Alustizak egina. Mendi bat ikusten da hor, zein mendi da ordea?

M.A.: Goierritarrak izanda, Usurbe izan beharra zeukan. Abesti bakoitzaren pertsonaia azalean islatzea zen asmoa, baina Usurbek ere egon beharra zeukan bi beasaindar eta lazkaotar bat egonda taldean.

A.T.: Nahieran egindakoa ere bada, ezta? Astero edo bidaltzen zigun bere ideia eta sortzen zuen marrazkia, eta gogoratzen dut Amagoiak esan zuela batean «oso ondo, gustatzen zait, jarri hor atzean Usurbe eta kitto», kar-kar.

Balio Dute zigiluarekin atera duzue diskoa, haien webgunetik kanpo nonbait eskuratu daiteke diskoa?

M.A.: Beñatekin egin genuenez grabaketa, proposatu ziguten ea haiekin nahi genuen atera diskoa eta gu oso eskertuta gaude emandako aukeraz. Asko lagundu gaituzte eta sekulako babesa sentitzen dugu. Donostialdekoak dira, baina berdin maite ditugu. Kar, kar.

Bada, Gilda, pixka bat donostiarra ere bada…

M.A.: Bada pintxoaren izenetik dator eta Amagoiak entsegu batean bota zuen izena. Gustatu zitzaigun eta aurrera jarraitu dugu. Gero istorioa sortu daiteke, hiru osagai dituela pintxoak, gu ere hiru garela, emakume baten izena, pelikula bat ere bada…

A.T.: Nik uste dut elkarrizketak ematearen poderioz ari garela taldearen izenaren istorioa sortzen, izatez ez daukalako halako sakontasunik. Momentua askoz ere antiklimatikoagoa izan zen.

Uda sasoia nola daukazue kontzertuei dagokionez?

M.A.: Uztailaren 15ean Groseko Zipotz jaietan izan ginen eta abuztuan izango dira hurrengoak. Hilaren 25ean Zarauzko Arranon, 26an Osintxuko festetan eta 27an Hondarribiko Katea festen izango gara.

Mila esker gurean izatearren eta disfrutatu udaz!

Mila esker zuei!

Jaurlaritza Logoa