IRRATIA
Entrevista
Paule Bilbao Ajuriaguerra
Arima taldeko abeslari, gitarra-jotzaile eta liderra

«Nire ziurgabetasun eta kezka nuklearrenak atera nahi izan ditut»

Bakarrik hasi eta pixkanaka garatzen joan den proiektua izan da Arima. Izenak berak dion arren, horixe baita abesti bakoitzean Paule Bilbao Ajuriaguerrak eskaintzen duena. ‘Beldurrez beste egitean’ lau kantuz osatutako diskoa kaleratu berri du Bonberenea Ekintzak zigiluarekin eta hura aurkeztu digu.

Paule Bilbao Ajuriaguerrak estudioko hirugarren lana kaleratu berri du eta hura aurkezten dabil egun. (Eneko PEREZ ARNAIZ)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Kaixo Paule, egun on, zer moduz?

Pozik, pixka bat lanpetuta batetik bestera, egun Madrilen ikasten nabilelako, baina pozik diskoak izan duen harrerarekin.

Martxoaren 17an atera zen ‘Beldurrez beste egitean’ eta nitxo batean behintzat, shoegaze mugimenduaren baitan, kritika oso ona izan du.

Bai, izan liteke.

Dena dela, musika egiteko bide hau guztia nondik datorkizu?

2018an hasi zen Arima proiektua eta une horretan nituen kezka eta ezinegonak plazaratzea zen hasierako helburua. Orduan, bakarrik konposatu nituen abestiak eta gero aita sartu zen bateria-jotzaile moduan eta Josu Gonzalezekin hirukoa osatu genuen. Orain Josu Palacios sartu da gitarra jotzen eta laukote moduan nire erraietako guztia plazaratzea izan da helburua, nire ziurgabetasun eta kezka nuklearrenak atera nahi izan ditut, biluzte moduko bat izan da.

Josu Palacios gehituta, askatasun gehiago duzu abesterakoan?

Konposatzerako orduan ez zen gurekin egon baina, gero, zuzenekoetan, beste espektro bat irekitzen du. Gitarren arteko jolasak egitea eta soinu eta testura asko sortzea ahalbidetzen du. Lehen looperrarekin egiten nituen geruza guztiak, baina orain ate berri bat zabaldu zait eta marjina gehiago dut abesten zentratzeko, nahiz eta ez naizen abeslaria. Urteen poderioz eta kontzertuak egin ostean erosoago nabil kantuan, hala ere gitarra-jotzaile moduan izendatzen dut nire burua, egun abeslariagoa naizen arren.

Diskoko oihartzun eta distortsioek Donostiako euria ekarriko omen digute disko honetan.

Modu sinboliko batean, euriak Donostiako hirian egindako negarrak irudikatzen ditu, baina baita freskotasuna ere. Hori da irudikatu nahi izan dudana. Diskoa bera Donostiari idatzitako agur gutun moduko bat da, agurtzeko modu polit bat. Ez hiriari bakarrik, baita harremanei, geografiari… modu holistiko batean lau urte horiei abesten diet.

Orain ulertzen dut ‘Beldurrez beste egitea’ titulua.

Poetikoki, akaso, bada beldurrak gainditu eta beste etapa baten hasiera markatzen du esaldiak, eta duen soinua gogoko nuenez, izenburu hori jarri nion.

‘Itzalen hutsunean’ kantuak irekitzen du diskoa. Erosoago zaude abesten esan duzunez, eta horrela hasten da diskoa.

Hori da eta diskoaren titulua azpimarratzen, gainera.

Ahotsa espazioan zabaltzea, kantua bete dezala, bada zure marketako bat, ezta?

Disko honetan, ahotsak aurrekoetan baino efektu gutxiago du, gordinagoa eta zuzenagoa izatea nahi genuelako. Hala ere, melodia nahiko atmosferikoak sortzen ditut, horrela ateratzen zaizkidalako.

Atentzioa ematen du instrumentu bakoitza zeinen orekatuta entzun daitekeen diskoan, planoak desberdintzen ere kosta egiten da.

Zaila izan da, diskoa konposatzerakoan maila pertsonalean ez nintzelako nire unerik onenean aurkitzen. Uda osoa eman nuen diskoa sortzen. Abestien muinera joatea zen sorkuntzako ideia nagusia, adierazi nahi nuen hori entzun zedila, kantuak zer behar zuen argi uztea. Aurreko diskoetan xehetasun gehiegi zeuden, geruza gehiegi eta akaso ez zen argi ikusten. Estudiora itxita eraman genuen dena, gero estudioan pare bat pedalekin efektuak doitu genituen, baina gutxi gehiago.

Soinu garbiaren eta zikinaren arteko oreka ere bilatu duzue, ezta?

Hiru abestitan asko nabaritu daiteke, baina bada abesti bat noiseagoa dena, distortsioa modu jarraian duena. Diozun dinamika hori beti maite izan dut eta akaso aurreko diskoetan ez da hainbeste nabaritu.

‘Itzalen hutsune’ irakurtzean sortzen zaidan galdera honakoa da: zalantzak izan dira zure itzal eta hutsune?

Zalantzak askotan iturri izan dira eta beste batzuetan lubaki, ahultasuna ere erakusten du; paradoxa horrekin jolastu dut.

Jendea barrura begira jarri nahi duzu zure abestiekin?

Bai, bai. Batzuetan akaso metaforikoegi jartzen naiz, baina norberak bere irakurketak egin ditzan eta beretik jar dezan gogoko dut, bakoitzak bere mundura eramaten duenean sortzen da kantu baten ederrena.

Letrak eta musikak bat egiten dute ‘Oroigarri bat’ kantuan.

Bai, bai. Erritimikaren aldetik akaso azkarrena da, baina armonikoki iluntasun gehien duena da akaso. Afinazio guztiz desberdina erabiltzen dut eta efektua ere halakoa sortzen duela uste dut.

Nostalgiak gehiegi bizi gaitu?

Bai, baina beharrezkoa da. Iraganeko oroitzapak poto batean gorde eta gerora irekitzean denboran bidaitzen da. Edertasunarekin lotzen dut emozio edo sentsazio hori.

Galdera hori askotan egingo zenion zure buruari eta egingo zizun beste askok ere.

Bai, muga oso lausoa dago nostalgia tartean dagoenean.

Konposatzen hasten zarenean, riff batetik, melodia batetik edota erritmo batetik abiatzen zara?

Normalean riff batetik hasten naiz, baina erritmo bati lotuta doa niretzat. Oso modu perkusiboan jotzen dut gitarra, hasiera batean bateria jotzen nuelako aitak erakutsita. Hortaz, erritmika hori modu inplizituan beti ateratzen da.

Inoiz tentatu zaitu disko bat zuk zeuk osorik egiteak?

Bada, pentsatu izan dut. Baina nik uste dut gainontzeko taldekideek egiten duten ekarpenak aberastasuna ematen diotela idazten dudanari eta asko zabaltzen dela proiektua, bakoitzak bere kutsua ematen dio eta oso berezia da hor sortzen den unea. Partekatu eta zerbait kolektiboa ederra da. gainera. Baina ez dut baztertzen disko bat osorik egitearen ideia.

Diseinuan orain arte zu aritu zara, oraingoan Ramon Zabalegiren artelan bat dago azalean. Zerk bultzatu zaitu aldaketa hori egitera?

Bada ez dakit, baina mihise bat nahi nuen izatea diskoaren azalean eta Ramonen obra asko gustatzen zitzaidanez, bera zen egokiena. Diskoari eta kontzeptuari buruz hitz egin genuen eta oso pozik geratu naiz emaitzarekin.

Diskoa erosten duenak bi artelan eskuratuko ditu hortaz.

Bai, eta fisikoa oso gogoko dudan formatua da. Bai azala, bai biniloa eta baita inserta ere. Gainera, orain, postal batzuk ere egin ditugu Donostian ateratako argazki batzuekin. Gero, atzean testu batzuk idatzi ditut, euskaraz eta gazteleraz, eta Donostian bizi izandako istorio hori guztia ere gordetzen dute postalek.

‘Jarraitzea erabaki nuen’ kantua da diskoa ixten duena. Piroteknia pixka bat badu kantu honek.

Bai bai, bukaeran sorpresatxo bat badu.

Izaki iragankorrak garela diozu, baina aurrera egin behar dugula. Etapa baten bukaeraz ari zara, ezta?

Azken esaldi hori ez neukan oso argi eta estudioan hartutako erabaki bat izan zen. Alde positibo bat ematen dio diskoari, baina ez da diskoa bera gehien ordezkatzen duena. Azkar hartutako erabakia izan zen eta diskoari bidea irekita uzten diola uste dut.

Inplizituki suizidioaren gaia darama abesti honek?

Bada, akaso bai, baina ez nuen sekulan ere pentsatu horretan. Badira pare bat gauza kutsu hori hartu dezaketenak.

Azkenerako utzi dugu ‘Kea eta larruak’. Bideokliparekin dator eta kredituetan ilbeheraren marrazkia jartzen duzula konturatu naiz.

Ez nuen sekula halako galderarik esperoko. Modu kontzientean ez dut pentsatzen halakoetan, baina ilargiaren iluntasuneko argia maite dudan zerbait da eta azken kantuari erreferentzia egiten dio. Hastear dagoen prozesu bati ere egiten dio erreferentzia.

Bideoklipean amama ere agertzen da.

Aitaren ama da, bai. Musikazalea bera.

Eta bideoaren bukaerako testua mardula da. Berez abestiak letra zabala badu, bideoklipak gehiago zabaltzen du irakurketa eta testu horrekin oraindik eta urrunago joan gaitezke. Azken lerro horiek ziren storyboarda?

Bideoa aurkeztu nahi nuen lerro horietan, nahiz eta interpretazioa zabalik uztea gogoko dudan. Galderekin guztia irekita uztea gustatzen zait.

Borroka amaigabea al da desira eta beharraren artekoa?

Harremanetan beti dago dikotomia hori. Izan jende berria ezagutzean edo aurretik sortuta dagoen magiagatik. Baina borroka hori uste dut ez dela inoiz bukatzen, mahai gainean jarri beharreko galdera zen. Planteatu egin behar da askotan harreman baten helburua zein den, horren inguruan nabil hausnarketan azkenaldian eta mahai gainean jartzeko moduko galdera dela uste dut.

Zergatik aukeratu zenuten single moduan?

Nahikoa hautaketa zaila izan zen, baina nik uste dut badela diskoa modu holistiko batean aurkezten duen abestia. Musikalki erritimika aldetik oso desberdina da, rap kutsu bat ere badu eta melodia aldetik eta gitarren aldetik diskoa ordezkatzen duela uste dut. Kantuen hitzetan esaten dena ere nahikoa adierazgarria da. Hortaz, guzti horrek osatzen duenagatik aukeratu genuen,

Kantu bakoitzarekin zenbat ordu pasa zenitzaketen estudioan?

Estudioan ez hainbete, dena astebetean egin genuelako. Baina ni nahikoa obsesiboa naiz konposatzerako garaian, eta gainera ez nengoen unerik onenean, nahiz eta sortzerakoan iluntasuna naturalki etortzeko bidea eman dezakeen horrek. Zaila izan zen guztia sortzea, eta egiari zor, lanik egiazkoena eta zintzoena dela esan dezaket. Une horretan konposatu nuenez ez dago distortsiorik garaiko errealitatearekin, ez nuen iraganeko oroitzapenetan bila ibili beharrik izan.

Izkander Fernandezek esaten zidan Slowdive taldearen musika izan daitekeela zuenarekin alderatzeko modukoa.

Hori hala balitz, izugarria izango litzateke. Duela zortzi urte edo ezagutu nuen taldea eta beti izango da erreferentzia bat niretzat, halako zerbait nabaritzea Arimaren musikan, oso pozgarria den zerbait da.

Ama Say taldearekin oholtza parketatu zenuten duela gutxi, berezia izango zen, ezta?

Haien diskoaren aurkezpena ere bazen eta familian oholtza partekatzea oso polita da. Mendaron eta Hondarribian ere elkarrekin izango gara eta oso polita izango da.

Gainerako kontzertuak noiz eta non dituzue?

Dimako gaztetxean izango gara asteburu honetan, ostiralean, eta, datorren astean, Bilboko Kafe Antzokian izango gara lagunen artean antolatu dugun jaialdi txiki batean, apirilaren 6an. Gero Ondarroan, Gernikan, Beran, Azkoitian, Donostian, Mendaron, Hondarribian edota Andoainen izango ditugu saio gehiago. Zortea izan dugu.

Diskoa non eskuratu daiteke?

Oraintxe web orrialde bat sortu dugu eta bertan eskuratu daiteke, sare sozialetan jarri dugu esteka.

Bada, Paule, bira on!

Mila esker.