IRRATIA

Sistematik kanpo bizi daiteke?

Sistema batek eskatzen duena da egitura bati jarraituz funtzionatzea. Zenbateraino dugu, ordea, sistema baten premia? Zein baldintza eskaintzen eta eskatzen dizkigu? Bizi gaitezke sistematik kanpora? Hausnarketarako gaia zabaldu nahi izan diogu Jone Ojea Agora filosofia elkarteko kideari.

Jone Ojeda filosofoa eta Agorako kidea (Jone Ojena)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Batzuetan badugu gizartetik aldendu eta distantzia hartzeko desira. Filosofiaren historian lantzeko erakargarria izan den eremua da, gainera.

Etimologikoki erreparatuz gero, eremita hitza latinezko “basamortua” hitzetik dator, beraz, eremitek badirudite bizitza bakarti eta estetikoa aukeratzen duten pertsonak direla. Askotan ikasketa erlijiosoekin edo peregrinazioarekin lotu izan da, baina, gaur egunera begira, esan genezake gero eta ohikoagoak direla meditazioan eta yogan ardaztutako erretiro espiritualak, agian, gizarteak hartutako errendimenduaren logikatik aldentzeko beharretik sortuak. Filosofiari helduz, adibide paradigmatikoena Diogenes izan daiteke. Muturreko pobrezia bertute moduan hartu zuen eta, bizitzeko oinarrizkoa denarekin soilik biziz, momentuko balio sozialei kritika egin zien. Halako ibilbide klasikoei begira, ordea, planteatzen zaigun galdera honakoa da: gizartea aztertzerako orduan, hobe da distantzia hartu eta kanpotik ikertzea? Are gehiago, hori posible da? Onuragarria da? Bada, 1845ean Thoreauk erabili zuen estrategia horixe izan zen, banantzea, distantzia hartzea eta kanpotik hausnarketa bat egitea. horren lekuko dugu Walden, bere obra famatua.

Thoreau-ri erreparatuko diogu, hain zuzen ere, egin zuelako gaiari lotutako esperimentu bat, ezta?

Esperimentu sinboliko bat egin zuen Walden lakuaren ondoan zegoen etxola batean bakartuta. Esan behar da, etxola bizi zen herritik kilometro pasatxora zegoela, bakartzeko ez zuela distantzia handirik behar izan. Bertako gogoetekin osatu zuen bere obrarik ezagunena. Horrela, bere helburua ez zen natura basatia desafiatzea, baizik eta bizitzeko benetako beharrak zein diren identifikatzea. Batzuetan, ematen du BThoreaurenak ideiak atzerakoiak direla, baina, berak ez du aurrerapena bere baitan kritikatzen, baizik eta garapen horrek ekarritako berritasunen ustezko onura eta horien beharra. Fokupean jartzen du premiazkoak ez diren gauzekiko desira.

Gainera, XIX. mende amaierako testu bat den arren, ez zaio gaurkotasunik falta eta mahai-gaineratzen dituen kritiken artean daude jabetza pribatuarena, arroparena eta modarena, kontsumismoarena, instituzioena edo lanarena.

Sistematik aldentzea planteatzen du Thoreau-k, bakarrik. Esperimentu hau taldeari aplikatuko balitzaio? Posible da sistematik kanpoko egitura bat mantentzea?

Saiakerak, behintzat, badaude eta, iruditzen zait, edozein utopia izan daitekeela horren adierazgarri. Zentzu horretan, oso gomendagarria da Layla Martínezen “Utopia ez da irla bat” liburua ikuspegi interesgarri batetik arakatzen dituelako. Sozialismo utopikoa ere adibide egokia da, natura presente izanda eta industrializazioaren kontra, gizarte ideal bat eraikitzeko nahia dute. Historikoki, XIX. mendearen lehen erdian, praktikara eramateko saiakera ugari izan ziren Estatu Batuetan eta, gaur egunera ekarrita, gaia pixka bat zabalduz, bi adibide datozkit: alde batetik, ekoaldeak eta horrelako herri txiki autogestionatuak eta, bestetik, autogestioan oinarritutako auzoak eta proiektuak.

Beraz, atera gintezke sistematik edo bizi daiteke sistematik kanpo?

Sistematik atera eta kanpo bizitzea posible den ez dakit baina uste dut garrantzitsua dela distantzia hartzea eta horren aldarrikapena egin nahi dut. Gure momentu historikoari begira, era baliagarri batean uler genezake Thoreau, zarata eta erritmo kapitalistaren kontrapisu modura. Irakaspen modura, berriz, atera daitekeena da, gure gizarte frenetikoaren aurrean, zeinen baliagarria den geratzea, pausatzea eta entzutea.