IRRATIA

Botak lokatzetan | Sugegorria

Ba al zenekien Euskal Herrian hiru sugegorri mota ditugula? Eta ezetz jakin sugegorriak kumeak izaten dituela eta ez arrautzak paratu. Hilabetero bezala gauza aunitz ikasi ditugu Aranzadiko Iñaki Sanz Azkuerekin.

Sugegorri kantauriarra (Ander Izagirre Egaña)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Udaberria badatorrela antzematen hasiak gara giroan eta baita animalietan ere. Zozoak kantari hasiak dira, uhandre palmatuak putzuetan sartzen...sugegorriak ere badira udaberria datorrenaren seinale. Botak jarri ditugu hilabete honetan ere Aranzadiko Iñaki Sanz Azkuerekin eta sugegorrien bila atera gara.

Izenez behintzat aski ezaguna da Euskal Herrian sugegorria. Baina zer dakigu narrasti honen inguruan? Euskal Herriko sugegorriaren populazioaren inguruan gutxi dakigu, «tamalez fama txarra duen animalia da eta zaila da diru laguntzak lortzea hura ikertzeko» aitortu du Saenzek.
Euskal Herrian hiru sugegorri mota ditugu: Sugegorri kantauriarra (Vipera seoanei), Aspis sugegorria (Vipera aspis) eta Nafar Hegoaldean dagoen Lataste sugegorria (Vipera latasti)

Nola bereizi sugegorria?

Sugegorria bereizteko gorputza begiratu behar zaio. Txikia du, metro erdi ingurukoa, sendoa, potolo samarra eta isatsa segituan estutzen zaio.Baditu bi bereizgarri oso nabarmen, Lehena da begi niniak bertikalak dituela. Bigarrena, ezkatak. Gorputzekoen tamaina bertsua izan dute sugegorrian buruko ezkatak ere, eta gainontzeko sugeetan ez da hori gertatzen. Normalean burukoak handiagoak dira gorputzekoak baino.

Martxoan hasten dira atertzen sugegorriak, nahiz eta oraindik suge garaia ez izan. Sugegorria baina tenperatura baxuetan aktibo egon ohi da. Eguneko lehen orduetan eta ilunabarrean topatuko ditugu sugegorriak. Ugal garia martxotik aurrera dute, apirila eta maiatzean batez ere, eta hor bereizgarri bat dute sugegorriek. Suge denak arrautzak jartzen dituzte, baina sugegorriak ez, zuzenean dituzten kumeak, baina, noski, hori ikustea oso zaila da.

Zer egin sugegorri bat ikusterakoan?

Suge guztiekin egin behar dena da segurtasun distantzia bat hartu, behatu nolakoa den sugea eta gero etxean kontsultatu. sugegorriak pozoia dutela jakina da, baina Euskal Herrian oso istripu gutxi daude suge hauekin, eta bai, istripuak izan ohi dira segurtasun distantzia hori ez mantentzeagatik. Normalean sugeak ihes egingo du, baina bere burua alde egiteko aukerarik gabe ikusten duenean egiten du haginka.