IRRATIA
Entrevista
Iñigo Etxezarreta
En Tol Sarmiento taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea

«Oso ondo moldatu gara ekoizlea eta biok, eta eskerrak, ni jasatea ez zelako erreza izango!»

Ekoran sortutako lagunarteko ska-rock proiektu bat formaz zeharo aldatu du Iñigo Etxezarretak eta guztiz aldatuta dator En Tol Sarmiento taldea 2022an. ‘Guretzat’ diskoaren inguruko xehetasunak kontatu dizkigu abeslari eta gitarra-jotzaile arabarrak.

Iñigo Etxezarreta arduratu da En Tol Sarmientoren ‘Guretzat’ diskoaren sorkuntzaz eta ekoizpenaz; urte berriarekin hasiko dira zuzenekoetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Durangoko Azoka bada gainetik pasatzen den karga-tren horietako bat eta akaso oraindik gainean duzula sentituko duzu.

Zuk esan duzu, 17 urte dira proiektua martxan dugunetik eta ez dugu sekula bizi halako azokarik. Bukaerarako ez nekien zer esaten nuen eta geratu eta bizpahiru egun nirekin egoteko behar ditut orain.

Maitasun kantua bada diskoari titulua ematen dion ‘Guretzat’, baina taldeari zuzendutako mezuak daude tartean edo nire irudipena da? 

Diskoaren ‘hook’-a, errepika onena, bilatzen saiatzen naiz eta kasu honetan ‘Guretzat’ izan da. Ez dakit lortu dudan, baina diskoak bizitzari buruz, harremanei buruz, pasatako garai txar honi buruz hitz egiten du eta kantua idazten hasi nintzenean hori laburbiltzen saiatu nintzen. Baina hau reggaetoi bat da, maitasun kantua da %80an, baina bizitza guretzat dela diot kantuaren amaieran eta hori da nabarmentzen dena diskoan. Dena dela, bikote baten irudiak sortzen dira eta maitasun istorio bat dago tartean.

Zuriñe Gil eta Jon Maiaren izenak irakurri ditugu kredituetan, hitzetan haiek lagundu dizute.

Zuriñe Gil nire bikotea da baina bada lehendabiziko filtro hori eta kantu guztien lehen entzunaldia berak egiten dum, tarteka gauzak ere aldatzen dizkit. Aurreko diskoan Pello Reparaz zen ekoizlea eta berak laguntzen zidan testuak zuzentzen, baina oraingoan ekoizle katalana zenez, Jon Maiari deitu nion azken zertzeladak eman zitzan, aurretik ere pare bat abestiren hitzetan lagundu zidan.

Reggaetoia bai, baina pianoa, gitarra akustikoa, klasikoa ere bai flamenkoaren unean… denetarik du abestiak. Noiz erabakitzen duzu bide berrietara salto egitea eta aurrekotik oso desberdina den musika estiloetara joatea?

Duela sei urte taldea uztekotan nintzen, lana eta taldearen lan karga ezin nituelako bateratu. Abestiak nik sortzen nituen eta zaila egiten zitzaidan. Baina 2017ko Durangoko Azokan zerbaitek klik egin zidan nire barruan eta taldean jarraitzea erabaki nuen, baina ahalik eta askeen sentitu nahi nuen sorkuntzan. Une hartan Pello Reparazekin hitz egin nuen eta ekoizle bezala hartu nuen, bizpahiru urte pasa nituen berarekin eta asko ikasi. Rock eta ska ez zen musika sortzen ikasi nuen eta begirada desberdin bat eman zidan.

Baina jabetu naiz pop musika dela asko kontsumitzen dudan zerbait eta baita En Tol Sarmientok funtzionatzen duela sortzen ditugun melodiengatik, letren aurretik daudela. Melodia horiek pop musika dira eta orain arte beste ekoizpen batetara eramaten genuen, guk jotzen genekien musika estilora. Gero, klixea ere izan da poparena Euskal Herrian, baina duela bi urte erabaki nuen salto hori emateko garaia zela, ez da arrakasta lortzeko asmoz hartutako erabakia, ni aske sentitzekoa baizik. Bestela taldea utzi behar nuen, batzuetan preso sentitzen nintzelako.

Kantu honen ekoizpena egin aurretik argi neukan hau izango zela singlea, gitarra eta ahotsa besterik ez zituenean, eta gero konturatu nintzen reggaetoi bat egin zitekeela, baina ez da purua, pop latino bat da eta erreferentzia nagusietako bat ‘Despacito’ izan da. Behin Gatibuko Haimarri entzun nion bi gauza zirela kantu on bat sortzea eta hit bat sortzea, eta hau hit moduan ikusten nuen eta ‘Despacito’ ere hala zenez, bide horretara eraman nuen.

Askok egindako galderari eman diozu erantzuna, zergatik ez zaren bakarkako bidean abiatu.

ETS taldea gara, baina proiektu pertsonala da eta egun soldata bat duen taldekide bakarra naiz. Duela lau urte taldekideekin hitz egin nuen eta hortik aurrera saiatu naiz ahalik eta hoberena ematen profesionala izanaz. Izan ere, horrelako disko bat sortzea musikatik aparteko lanak egiten zauden bitartean, ezinezkoa da.

‘Hemen gaude’ pop abestia da.

Eta diskoaren aldarrikapen nagusienetako bat hori da. Jendearen emozioak gehien aldatzen dituen musika, musika herrikoia, popa, delako, mezuak eta jendearengana gisa honetan iristen dira gehien. Eta beti egon da hori ETSn, baina orain modu agerikoagoan dago.

Ez da kasualitatea Eñaut Elorrieta hautatu izana kantu honetarako.

Konfirmatu genuen azken kolaborazioa izan zen. Hasieran balada bat izan behar zuena, probatan ibili eta pop abesti bihurtu da. Abesti guztiek 8-10 bertsio desberdin izan dituzte grabatu aurretik. Honek hasieran bazuen errepika bat eta gero sortu zen estrofa, baina indar gehiago hartu zuen estrofak. Hala, Bulegoko Tomas Lizarazu etorri zen egun batean nirekin bazkaltzera eta kantua erakutsi nionean berari ere ez zitzaion errepika askorik gustatu. Hurrengo egunean hartu eta aldatu egin nuen eta, ekoiztu genuenean, Eñauten kolaborazioa etorri zen burura. Mezu bat helarazi nion, onartu zuen eta kantu hau bere ahotsarekin entzun genuenean argi eta garbi beste maila batetara igo da.

ETSk badu ereserki kutsuko kantuak egiteko joera. Ardura pixka bat ere emango du ereserkiak sortzeak, ezta?

Bai, baina ez hainbesterako. ‘Zurekin batera’ bezalako abesti baten ostean, lasaitasuna ere badugu halakoak egiteko. Alde horretatik lasai nintzen, publikoaren presiorik ez dut sentitzen, estresatuta bizi naiz, perfekzioaren bila ibiltzen naizelako eta nire burua estutzen dudalako batez ere kantu bat egiterakoan edota disko bat osatzerakoan. Ehundik gora abestiren artean hautaketa egiterakoan, kantu denek onak izan behar zuten, ez zuen balio betetzeko abesti bat diskoan sartzeak. 

Ereserkiak, estiloak… aipatu ditugu. Baina a zer eztanda Sünek eta biok abesten duzuen ‘Gu geu garena’ abestikoa.

Trikia Josunek sartu nahi izan zuen, baina bera joan zen apaltzen ia entzuten ez den uneraino, hala ere hori da Euskal Herriarekin kantu hau lotu daitekeen modu bakarra. Europa, 128 BPM, dancea… hori guztia duelako.

Nola sortu duzu kantu hau?

Orain arte gitarra eta pianoarekin sortzen nituen kantuak. Orain Cubase-rekin erreferentziako kantuak hartu, letrak eta kendu eta oinarriaren gainean hasten naiz melodiak sortzen. Hau ere halako nahasketa baten gainean jolaseanhasi nintzenean sortu zen; irailean-edo, gau batean, etorri zitzaidan abesti hau. Bi egun beranduago melodia etorri zitzaidan, aurre-ekoizpena bidali nion Josuneri eta asko gustatu zitzaion. Nire ekoizleari pasa nion abestia, letrarik gabe, eta kantua egindakoan burua hutsik nuen, Josuneri eskatu nion letra, gero nik bukatzeko. Bion artean egindako hori Josunek bere ekoizleari ere pasa zion eta hark eman zion DJ ukitua, orduan lehertu zen abestia. Itziarra joan nintzen gero eta zertzelada batzuk emanaz bukatu genuen. Horrela sortu zen hit hori, argi eta garbia delako abesti hau ere hit bat dela.

Kolektiboaren aldarria du abesti honek ere. Nitik egin ordez gutik egin dituzu disko honetako hitzak.

Ez nago oso ados. Egia da kolektiboaren aldarri horiek badaudela, baina kantu gehienak lehenengo pertsonan beste bati abestuta daude, ez dira ez ‘ni’ eta ez ‘gu’ protagonistak, baizik eta ‘zu’ da gehien entzuten dena. Diskoa soinu aldetik itsastea ez zen erraza, sonoritate desberdin asko daudelako abestietan, gainera, kantuak indibidualki daude landuta. Bata bestearekin lotzeko elementu nagusia ahotsa izan da, baina irudiekin, bideokin eta kantuen hitzekin ere egin dugu guztien arteko lotura. Hitzak nahita daude ni eta zu arteko elkarrizketa horien inguruan idatzita, zehatzak dira eta pertsona bati zuzenduta idatzita daude.

‘Ez dut gehiago behar’ kantuan nabaritzen da akaso ekoizlearen eskua gehien, Genís Trani batez ere mundu horretatik mugitu izan delako.

Duela urtebete deitu nion kataluniako manager bati eta pertsona baten inguruan galdetu nion eta berak Genís aipatu zidan. Behin Buhoseko abeslariak eta Pellok izandako elkarrizketa entzun nuen eta bertan aipatu zuten ‘Volcans’ kantuaren elektronika hark egin zuela eta bere izena apuntatu nuen. Diskoan kantu hori ‘Sumendiak’ bezala ere aurkeztu dugu.

Bere biografia ikusi nuen eta egindako gauzak gogoko nituen arren, ez nuen estilo hauetan ikusten, baina manager horrek esan zidan gai zela nahi zuena egiteko eta oso inplikatua zela. Bada, egia da halako gauzak askorik ez duela egin, baina aurre-ekoizpenetik elkarrekin aritu gara lanean eta biok oso ondo moldatu gara; eta eskerrak, ni urte honetan jasatea ez zelako erreza izango!

Kantu hau ere pop abesti bat da reggae estilora eramanda. Hasieran organikoagoa zen, baina, elektronika eta musika organikoa erdi eta erdi daudenez diskoan, honekin ere hori egin behar izan nuen. Kantu honen erreferentzia ezin dut aipatu, bestela akabatuko nautelako, baina kantuak lasaitu egiten nau eta letrak ere horren inguruan hitz egiten du, emozio nagusi bakar baten inguruan gustatzen zaidalako lantzea abesti bakoitza.

Arabarrak izan eta euskaraz aritzearen inguruan aurreiritzi gehiegi daude, kokoteraino egongo zarete ezta?

Duplakoek sartu zuten justu zati hori baina oso ondo ekarria dago eta oso ondo lotu zuten. C. Tanganaren abesti batean esaten da, «Y mientras cuentan cuentos, tú y yo solos, bachatas y una botella», bada hori, esan dezatela nahi dutena. Sei-zazpi hilabetez aritu nintzen kantu honekin lanean eta letretara iritsi nintzenean ez zitzaidan natural egiten mezu bortitzak sartzea. Rap zati bat zuen eta Duplakoei esan nien letra ere egiteko. Nora eraman zuten entzutean, harrituta geratu nintzen, Arabari aipamena egiten diolako eta Arabak edota musika estilo batek jasan dezakeen bazterkeria hori salatzen duelako modo oso dotorean, lotura ederra egin dute.

Musikalki ukitu tropikal batzuk ere baditu.

Bi reggaetoi izan behar genituen diskoan, baina, finean, pop latinoa dira. Hemen bonboa eta kutxa askoz ere gehiago nabaritzen dira, baina pianoak dituen kontra horiek abesti poperoagoa, dantzagarriagoa egiten dute. Propio egin dugu, gogorregia izan ez zedin reggaetoia. Jendeari asko gustatzen zaion kantua da, «aski da» esateko ongi datorrena, 2022an gaudela! 

Zuzenean nola defendatuko duzue disko hau?

Metalezko haize instrumentuak kantu guztietan sartzeagatik ezin ziren sartu eta egia da bi mundu direla lehengoa eta oraingoa. Hasieratik kantu berriak zuzenekora begira sortzen hasi izan banintz, sormenean mugatuta ikusiko nitzen eta diskoko kantu erdiak kanpoan geratuko ziren. Hortaz, gero ez baditugu jo behar ere, sartu egin nahi nituen diskoan.

Zuzenekorako kantu hautaketa egiteko begiratzen duzue bakoitzaren erreprodukzio kopurua?

Denak joko ditugu zuzenean, argi gera dadila. G ure datuen arabera azken zazpi egunetan entzunenak diren bederatzi abestiak disko berrikoak dira, hortaz funtzionatzen dute. Gero udako festetarako akaso aldatu beharko dela errepertorioa? Noski.

Ez baita gauza bera plaza edo aretoa.

Guretzat areto bira potente bat egitea ilusio berezia egiten digun erronka da. Eta hor badago kontraesan txiki bat, disko hau herriko jaietara etorri diren zaleei eskainia izan bada ere, aretoetan aurkeztuko dugun diskoa delako. Sarrerak saltzeko jarri dira eta agortu ere bai, hainbat kasutan ordu gutxian; baina etorriko dira saio gehiago.

Bi bonus track badaude, baina ‘Zuengatik topa’ kantua da benetan diskoa ixten duena. EDM egitura duen kantua, beste mundu batetara doana eta zaleei eskainia.

Haiek eman zidaten letrarako ideia. Instagramen galdetu nien zaleei ea zeri buruz idatziko nuen kantua, ideia faltan nintzen. Askok bat egiten zuten herriko jaiei buruz, zaleei buruz eta horrelakoen inguruan idaztea. Bada hor dago beren kantua.

Orain topa egitea falta da.

Ospatzea, hiru urteko kaka-zaharretik atera garelako. Kulturaz, musikaz eta bizitzaz gozatzeko garaia iritsi da.