IRRATIA

Ibai Aizpurua: «Gaur egun bideojokoekin jolastea inoiz baino errazagoa da»

‘Barraka’ bideojokoa sortu du Ibai Aizpurua Arakamak, 2021eko Durangoko Azokako Sormen Bekari esker. Orain arte ordenagailuarekin jolasteko pentsatua zegoen arren, Android mugikorretarako moldatu berri du. 

Ibai Aizpurua bekaren dirulaguntza jasotzen. (DURANGOKO AZOKA)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ez da mundu berria bideojokoena Ibai Aizpurua Arakamarentzat. Horixe du ogibide Zomorro Studion eta azken urtea ‘Barraka’ bideojokoa garatzen igaro du. Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen 2021ean eta duela hilabete eskas egin den Azokaren ekitaldian aurkeztu zuen bideojokoa sortzaile irundarrak.

Parke tematikoen inguruko bideojoko bat egitea izan zuen lehen ideia baina urrun geratzen zitzaizkigula ikusita, herrietako barrakak, jolasak, txurroak eta beste hainbat elementu nostalgiko hartu ditu ardatz gisa. «Gustatzen zait garatzen ditudan bideojokoetan gaia gertukoa izatea: Euskal Herria, etxea, auzoa...», esan digu Aizpuruak. 

Ainhoa du protagonista ‘Barraka’ bideojokoak; herriz herri txurro postuarekin dabilen amari laguntzen dabilen neskatoa. Jakinmin handia du Ainhoak eta horrek sorgin bat askatzera bultzatuko du. Handik aurrera, sorgina garaitzea izango da Ainhoaren helburua.

Sormen prozesu guztiaren inguruan hitz egiteko Bigarren Kafeko laborategira gonbidatu dugu Ibai Aizpurua Arakama.

Jokoa Durangoko azokan aurkeztu zenetik ordenagailurako eskuragarri zegoen, eta orain mugikorretan jolasteko Android dendan ere badago. «Oraingoz iritzi gutxi jaso ditut. Espero dut hemendik aurrera gehiago mugitzen hastea. Muga ugari jarri izan dizkiot orain arte: euskaraz da, indie bideojoko bat da eta ordenagailuarentzat bakarrik zegoen. Androiden jartzea aurrera pausoa bat izan da, eta hizkuntza gehiagotan jarri nahi dut baita ere. IOS-erako ere eskaini nahiko nuke, eta nire asmoa da denbora batera Steam plataforman jartzea», azaldu du.

Aizpuruarentzat, bideojoko bat sortzeko modurik egokiena honakoa litzateke: mekanikak edo jokagarritasuna garatu, eta horren inguruan mundu bat eta istorio bat sortzea. Beste modu bat izan daiteke istorio batetik hasi eta hori joko bihurtzea. «Nik ‘Barraka’-rekin nahasketa egin dut. Nik bekarako aurkeztu nuena ideia bat zen, prestatu nituen irudi batzuk, baina jokoa ez zen existitzen. Gaia finkatu ondoren jokagarritasuna lantzen hasi nintzen», adierazi du.

Gaiari dagokionez, parke tematiko batera joan zela kontatu du, eta asko gustatu zitzaiola. Horren antzerako zerbait egin nahi zuen baina handia geratzen zitzaion, eta jorratzen dituen gaiak gertukoak izatea gustatzen zaionez, barraketan pentsatu zuen.

Bere ustez, ‘Barraka’ edozeinek jokatzeko moduko bideojokoa da. Nahiz eta jokalari bakarrarentzako den, arrunta izaten da etxean batek jokatzea eta gainontzekoek jokoa komentatzen joatea.

Soinu banda Gonzalo Sardon lagumin musikariak konposatu du. «Bideojoko askotan musika aldatzen da gertatzen denaren arabera, baina hemen ez. Leku bakoitzean dagokion tracka dago. Musika adaptatiboak sekulako lana du», argitu du.

Bideojokoak, eskuragarriagoak

2015ean, lagun batzuekin lehen bideojokoa egin zuenean, pixelart moduan egiten zituen. «Azkarra da animatzea eta polita gelditzen da», dio. Azken urteetan, berriz, esperimentu desberdinak egin ditu plastilinarekin edo felparekin. «Animazioa eta bideojoko sorkuntza irakasten egon naiz urte askotan, eta biak batzeko gogoa nuen. ‘Barraka’rako plastilina erakargarriagoa zen; gainera, bideojoko gutxi egiten dira plastilinaz».

Puzzle txikiz osatutako jokoa da eskuartean duguna. Pantaila laburrak dira, batetik bestera azkar pasatzen da, eta abentura ere nahasten da. Esplorazioa ere badu eta giltzak eta puztukiak lortu behar dituzu. Pantailak barraketan egon ohi diren elementuak ageri dira: beldurrezko etxea, gantxo makina, autotxokeak, guakamolea, sorginaren trena, magia aretoa, zirko txikia...

Aizpuruaren ustez, gaur egun gauza asko sortzen ari dira Euskal Herrian. «Komunitate bezala lan handia egiten duen talde bat dago, Game Erauntsia. Hauek asko lagundu didate. Badaude eskola pare bat, eta gero eta sortzaile gehiago, gertatzen dena da asko atzerrira joaten direla. Gauza batzuk euskaratu egiten dira, baina gero eta gehiago sortzen ari gara zuzenean euskaraz».

Gazteen artean dauden joeretaz ere mintzatu da gonbidatua: «Gure garaian gaztetxoak jokalariak baginen, baina gaur egun nor ez da ibiltzen bideojokotan? Lehen etxean kontsola zutenek zortea zuten, baina egun denek dute mugikorra, eta joko asko doakoak dira. Bideojokoetan ibiltzea inoiz baino errazagoa da orain».