IRRATIA

Oñatitik Euskal Herrira. Zarramarra umore saioak denboraldia abiatuko du NAIZ irratian

Zaila da ‘Zarramarra’ definitzea. Argi dago umore saioa dela eta partehartzaileek ongi pasatzen dutela. Entzuleek ere bai. Bost oñatiar mahaiaren bueltan eta gonbidatu bat astero. Tesa Andonegi izango da lehena, gaur gauerdian (00:00). 'Hasieren' inguruan hausnartuko dute, hausnartu edo...

Zarramara saioko kideak (Andoni Canellada | Foku)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Oñatitik Euskal Herrira egingo du salto Zarramarra saioak Naiz Irratiaren bidez. Asteazken honetan, gauerdian estreinatuko du denboraldia. Lehenik uhinen bidez, eta igandean, irudi eta guzti zabalduko da saioa NAIZ-eko Youtube kanalean eta podcast plataformetan.

Ez da erreza Zarramarra saioa definitzea. Beraz, has gaitezen errazenetik. 45 minutuko iraupena du saioak, umore saio bat da eta astero izango da. Bost lagunek osatzen dute Zarramarra, denak oñatiarrak, eta taldeari gonbidatu bat gehituko zaio saio bakoitzean. Estreinaldikoan, Tesa Andonegi aktoreak urtuko du izotzaldia. Gai monografiko bat, potoloa, hartuko dute hizpide eta bertso kolektibo batekin emango diote amaiera saioari. Hori da oinarria, hortik aurrera gertatuko dena ezin jakin, eta horixe da Zarramarra saioak duen onena.

Iker Plazaola da Zarramarra saioko gidaria, «Zarramarra da mundu aldrebes honetako gai eta gaitzen aurrean, jarrera bat» dio. Eta gehitu «guk gonbidatuari gai potolo bat planteatzen diogu, gai horri buruz aritzen gara, gaiaz asko jakin gabe!», azalpenak barre algarak sortu ditu estudioan. Saiatu dira are gehiago definitzen Zarramara, «gure iritzi eta paranoiak umorez kontatzeko plaza da», eta inspiratuta bota du hirugarrenak, «Zarramarra da umorearen epitemo absatraktua!». Hain zuzuen, hori da saio sarrera denetan adituko den esaldia. «Ongi etorriak denak Zarramarrara, Umorearen epitemo abstraktura».

Itziar Arkauz, Josu Zubia, Iñaki Zabarte, Eneko Ibabe eta Iker Plazaolak osatzen dute Zarramara. Azken lauak izan dira Bigarren kafea saioan, Zarramarra aurkezten. Bosteko taldea gutxi ez eta korrespontsal berezia Madriletik gehituko da tarte batzuetan: «‘Espettek’ da gure jainkoa, Madrilen dago orain eta handik hartuko du parte. Baietz Santiago Bernabeun publizitatea jarri!», diote bere kideek.

Asteazken honetan NAIZ irratian denboraldia estreinatuko dute, baina entrenatuak heldu dira. Konfinamenduan hasi ziren podcastak egiten, gero telebista saio batzuk egin zituzten eskualdeko telebistan eta orain NAIZ irratira egin dute salto. «Gure helburua lortu dugu!» esan du Plazaolak barrez, eta eskaria egin «Sare sozialak ditugu, jarraitu. Eta nahi duenak egin dezala bizum bat ere», barrez jarri ditu beste denak.

Asteazken honetan gauerdian izango da Zarramarra saioaren estreinaldia NAIZ irratian eta Tesa Andonegi izango da lehen gonbidatua. Lehena izaki, 'Hasierak' da aukeratu duten lehen gaia. Hurrengo gonbidatuak Txan Magoa, Bego abeslaria, Jon Iraola aktorea, Gari Arroyo musikaria eta Nerea Arriola aktorea, Danae Riaño aktorea eta Mirari Martiarena umoregilea.