«Disko honetan dena galderak dira, erantzunik ez da»
Unai Aretxabaleta, Xabat Ituarte eta Beñat Eizagirre dira Dena osatzen dutenak. ‘Ezer sentitzeko’ debuteko lana atera zutenetik bi urte pasa dira eta borobilagoa den ‘Zure mugadun hutsune’ diskoa atera dute ondarroarrek. MusikHaria saioan izan da Beñat Eizagirre abeslari eta gitarra-jotzailea.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Lehendabiziko lana atera zenutenean, lore asko jaso zenuten kritikatik. Bigarren lan bat egiterakoan sortzen al du buruhausterik?
Ulertzen dut esaten duzuna, baina guk musika egiten dugunean benetan sinisten dugulako egiten dugu. Proiektuan benetan sinisten dugu eta guk nahi duguna egiten saiatzen gara. Inkontzienteki akaso bai egon daiteke zerbait, zuzenean zerbaitek ondo funtzionatuko duela edo halakoak pentsatuz, baina geuri ez bazaigu gustatzen, ez doa inora.
Bigarren lan hau borobilagoa dela iruditu zait, lehenengoaren eklektiko izaera horrekin alderatuz bai behintzat.
Kantuak oso segidan entzuteko daude sortuta eta pentsatuta. Diskoaren ideia presente geneukan momenturo, kanta bakoitzaren atzetik eskatzen zigun segida hori sortzen genuen.
Noiz jarri zineten martxan disko berriari begira?
Aurreko diskoa kaleratu bezain pronto.
Akaso ideia batzuk gordeta ere izango ziren.
Nahikoa zerotik hasi ginen disko hau sortzeko.
Intro azkarra duen ‘Mugadun hutsune’ kantuak irekitzen du diskoa. Atentzioa ematen du gitarra garbi-garbi entzuteak.
Distortsioaren ganantzia asko jaitsi dugu disko honetarako. Gitarren desberdintasuna asko nabari da, aurreko diskoan askoz ere potoloagoak ziren eta orain dirdira gehiago dute. Hiru instrumentuek aldi berean ondo funtzionatzeko hautua izan da, loditasuna baxuak ematen diolako eta bateriarekin batera konstantzia eskuratzen dugu. Falta zen hori eman nahi izan diogu gitarrarekin, beste testura bat. Gitarra testuretara mugatzea nahi genuen eta beste guztia oinarri sendoa izan zedila.
Izan duzuen teknikariak lagunduko zuen bide horretan, ezta?
Guk egin duguna eginda, Txap beti izan da erreferente bat. Beti izan gara Lisabören fanak, Txapek egin dituen diskoak gogoko ditugu eta Txapek sortzen dituen soinuak, bateria grabatzeko modua, geruzak… hori guztia gogoko genuen. Estudioan ahal duguna esperimentatu dugu, nahi baino gutxiago, baina hurrengo baterako utzi dugu. Oso gustura egon gara berarekin.
Mugadun hutsunea aipatzen duzunean, zer esan nahi duzu zehazki?
Uneen definizioa da. Gure momentu bateko bederatzi argazki dira diskoa osatzen duten bederatzi kantak. Bizi dugun errealitatea gure adinarekin, etxetik kanpora bizitzen hasita eta trantsizio garai batean bizi gara. Hutsune batean bizi gara, ez gara umeak baina helduak ere ez. Ez gara herrian bizi baina hirian ere ez. Zer galdu dugun eta zer irabazi kontatzen dugu abestietan, ditugun hutsuneak eta horiek sortutako galderak. Eta horri guztiari aurreko diskoari jarraipena emango zion zerbaitekin, ‘Ezer sentitzeko’ horri segida ematen diolako ‘Zure mugadun hutsune’ lanak.
‘Gil drama’ kantuan bada une bat baxua ia bakarrik geratzen dena, eta hor ikusten da, biluztasun horretan, zenbateraino den baxu baten soinua kantu bat betetzeko gai, ezta?
Justu zati hori oso dotorea da, bateria kontran duelako baxuak eta gitarra xehetasun batzuk gehituz baino ez. Esango nuke diskoko kantu asko baxutik hasi garela sortzen, baxua oso finkatuta zegoen diskoan. Erritmikoa, sinple baina behar duen lekuan sartuz. Espazioak betetzen eta husten ibili gara. Kantu honetan nota batekin sartu eta irteten ibili da espazioak betetzen edo besteentzat uzten, eta horrek erakusten du bere funtzioa.
Segidan ‘Bide batez’ dator. Diskoko lehendabiziko hiru kantuak jarraian grabatuta daude? Lotu behintzat lotuta daude diskoan.
Ordena grabatzen hasi aurretik pentsatuta geneukan eta ordenan grabatu genituen abestiak, baina kantuz kantu joan ginen. ‘Gil drama’ kantuaren bukaerako akordeak, esaterako, ‘Bide batez’ kantuko estrofan erabiltzen dira. Kantu hau bakarra bezala zegoen pentsatuta, baina gero erabaki genuen bitan zatitzea. Kantu honen hitzak, berriz, gure gurasoak baino okerrago biziko diren belaunaldi batekoak garela aipatzeko dira. ‘No future’ delakoa, punkyen mugimenduan asko erabili dena, gure egin dugu. Ezjakintasuna geroz eta handiagoa da, gazteok prekarietatera bizitzera kondenatuta gaude eta ez dakigu zer datorren.
Disko honetan nabari den beste gauzetako bat amorru gehiagorekin, screamoaren bidea ukituz, kantatu duzula zuk Beñat.
Hasierako diskoan ere gehiago nahi genituen sartu screamo eta post-hardcore influentziako ahots batzuk, hori delako gehien gustatzen zaigun abesteko modua, baina erosoago nintzen melodiak abesten. Oraingoan melodiak mantendu ditugu, baina garrasika abestu dut.
Zenbatetan geratu zara ahotsik gabe aldaketa horretan?
Motibatzen naizenean gehiago izorratzen dut ahotsa.
Kantu instrumentala da ‘Nada’ baina badu tartean esaldi bat benetan amorruz abesten dena.
Justo abesti hau aurreko diskoari erreferentzia egiten diona da. ‘Zerbait’ kantuko esaldi bat eta abesti horretako zubian duen melodia berdina da.
Kantu hau bera ere zubi moduan hartu daiteke; baina, akaso, ‘Malva rosa’ kantuari lotu nahi izan diozue bateriaren jarraipen horrekin.
Melodia sartu eta lotu nahi genituen berez, baina azkenean bateriarekin lotu genuen.
Zergatik ematen diozu lore horren izena abestiari?
Askotan arazoei aurre egin baino ezkutatzea edo azala aldatzea erabakitzen dugu, zure izateko moduari uko egin eta aurkezten duzu zure burua. Lore honek kolorez aldatzeko gaitasuna du eta horregatik, aurretik aipatu dizudanagatik, eman diogu kantuari izen hori.
Baina «berriz ere interesek mugitu naute» esaldian ere egin nahi nuke azpimarra azalez aldatzeaz harago. Interesengatik gehiegi mugitzen gara?
Nik pentsatzen dut baietz. Autokritika moduan hartu behar da baita ere. Ea gauzak ze puntutara arte egiten ditugu benetan nahi dugulako, interesagatik… Disko honetan dena galderak dira, erantzunik ez da, kar-kar.
Tempo geldoan egindako abestia da hau, post rockeko hainbat kantutan entzun izan dugun gitarra soinua duena. Ez dakit, zerbait berria moduan bezala hartu dut Dena taldearen kasuan.
Kantu honen inspirazio iturri izan dira Whirr eta Nothing taldeak, shoegazearen olatu berrikoak direnak, asko kontsumitzen dugu Estatu Batuetatik datozen halako taldeenak. Baina baita Arima bezalako euskal taldeenak ere. Hortik etorri da abesti hau.
Disko honetarako zerri eman diozu garrantzia gehiago, melodiari edo erritmoari?
Biei esango nuke, baina erritmoak hasieratik sortzen dira eta denbora asko eskaini diegun zerbait da. Hala ere, ez daude erritmo aldrebes eta konplikatuak. Disko hau hirurok batera funtzionatu eta engranajeak bagina bezala elkarrekin makina bat martxan jartzearen ideia genuen buruan, hori konplikatuagoa baita askotan 10/8ko konpasak sartzea baino. Hori ere gustatzen zaigu eta saiatu gara sartzen e? Baina beste lanari eman diogu garrantzia.
’Vivac bat’ abestia emozioen gotorleku bezala ulertu dut, jakinda vivacak non egoten diren gainera. Baina zergatik hautatu duzue elementu hori?
Abesti honek erlazioen inguruan hitz egiten du, izan sentimentalak zein laguntasunezkoak. Erlazioek duten funtzioaz hitz egin nahi izan dugu, ea ihesbide bezala erabiltzen ditugun, aterpe moduan… Horren inguruko hainbat galdera botatzen ditugu, erlazioen funtzioaz gogoeta egiteko. Hurrengo kantua ‘Nanga Parbat’ denez, mendiaren iruditeria sartu nahi izan dudalako hautatu dut vivac hitza. Inprobisatua den aterpe bat da eta momentu baten aurrean inprobisatua den ihesbide bat ere bilatzen dugu askotan erlazioetan.
Abesteko modua rapetik gertu dago eta rap-core garaiko elementuak baditu, ezta?
Hori baino gehiago esango nuke, gaur egungo traparen eraginak daudela. Bada kontsumitzen dugun estilo bat eta nahi genuen gurera ekarri, benetan sinisten genuen horrelako kanta bat egitean.
Izkanderrek asmatu du, ‘Nanga Parbat’ kantuan trapa aurkitu zuelako. Niri gustatzen zait esaten duzuena; burua beti gailur bila dabilela eta errealitatea grabitate lanetan.
Nanga Parbat metafora moduan erabili dugu, mendi altua delako. Beti aurrera egin nahi dugu baina badago pisuren bat lurrera itsasten gaituena, iraganari begiratzen diogunean ere aurrera egin ezin izatearena.
Bonberenea Ekintzak zigiluarekin atera duzue diskoa. Nola sortzen da harremana, zuek haiengana jota edo haiek zuengana etorrita?
Guk argi ikuste genuen zentzua zuela disko hau Txapek grabatzea eta harekin hasi ginen kontaktuan. Gero, kontzertu bat eman genuen bertan eta harremana sortu zen eta gero Patxik deitu zigun eta etorri da etorri dena.
Bideoklip parea ere egin duzue, biak ere oso desberdinak. Zer transmititu nahi izan duzue bigarrenarekin, ‘Gil drama’ abestiaren bideokliparekin?
Zuzeneko sentsazio hori transmititu nahi izan dugu. Nik hori ikusten dut eta motibatu egiten naiz, zuzenekoetara gonbidatu nahi izan dugu jendea.
Orain arte ez zarete kontzertu gutxi emanak, baina gehiago beti nahi izaten dira disko bat eskuartean denean. Martxan hasita zaudete dagoeneko, baina zeintzuk dira hurrengo datak?
Tzarrekin Ondarroako Portuko Ranpin eta Bermeoko Kafe Antzokian Etxekalterekin izan gara. Orain, 28an, Getariako gaztetxean izango gara Shibari talde ondarroarrarekin, gero, ekainaren 4an Bonbereneak 20 urte egiten ditu eta sekulako festa izango da, eta, ekainaren 11n Gasteizko Txagorritxuko festetan izango gara Lukiek taldearekin.
Oholtza ari zarete partekatzen interesgarriak diren proiektuekin. Lehendabiziko kontzertuetako bat Habi taldearekin ere eman zenuten eta kantu batean Yerai Gascón izan duzue abesten.
Beno, eta Jon Ander Artolak bateriaren plater bat utzi digu, disko guztian entzun daitekeena. Crowdfundinga egin genuen lehen diskoa egiteko eta Yeraik parte hartu zuen bertan, hor sortu zen harremana. Kolaborazio hau bada hori eskertzeko modu bat ere. Baina kontzertu batzuk eman ditugu batera eta hor ere sendotu da harremana eta ea gehiagotan ere partekatzen dugun oholtza.
Hor, ‘Atzera bueltarik ez’ kantuan, «orain zer?» galderari beldurra azaltzen duzu eta Yeraik ematen ditu erantzunak.
Nik modu nostalgikoan abesten dut eta Yeraik argia ematen dio, bakarrik ezin dela aurrera egin esaten digu. Atzera begiratuko duzu, baina aurrera egiteko jendearen beharra izango duzu.
Bada, hemendik aurrera atzera bueltarik ez, diskoa aurkeztea baino ez da geratzen, disfrutatuz, hori izaten baita lan bakoitzaren helburua.
Hori da, eskerrik asko!