«Hibernatzen zegoen horri forma eman eta gureak diren kantuak kaleratzeko tarte bat sortu da»
Bi Zaldi askori ezaguna egingo zaion proiektua da, izan ere aspalditik emanaldi asko eskaini dituzte Beñat Antxustegik, Eneko Sierrak eta Gartxot Unsainek osatzen duten taldeak. Diskorik ez dute publikatu orain arte, ordea, eta 2014an hasitako bideari forma eman diote orain ‘Lo zena’ kaleratuta.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Dodoa ikusten dugu Bi Zaldi taldearen ‘Lo zena’ diskoko azalean. Gaur egungo dodoaren ahaideak direnen lurraldeetan lozorrotik esnatu dira animaliak eta hemen hibernatzeko garaia denean atera da lozorrotik esnatu Bi Zaldi. «Artisau eran, arkatzez, egin du azala Eneko Etxebestek eta akaso lagun baten oparia garrantzitsuagoa da barruan gordetzen duen prozesua baino», esan digu Gartxot Unsain taldeko abeslariak. Jabier Muguruzak ere dodoa aukeratu du eta ez dira garaiz oso urrun ibili kaleratzerako orduan: «Durangoko Azokan ere ikusi dugu eta bitxia da hori».
Zazpi urtetan bildutako kantak kaleratu dituzte Bi Zaldi taldekoek, izan ere 2014an hasi zen sorkuntza prozesua: «Gustura zaudenean denbora azkarrago pasatzen da eta Bi Zaldiren kasuan are gehiago. Batere espektatibarik gabe sortu zen proiektua, istripu moduan, ni Txustarengana elkartu nintzen abesti bat itzuli nahian, gero gehiago etorri ziren, kontzertuak bata bestearen atzetik eta orain kobazuloan hibernatzen zegoen horri forma eman eta gureak diren kantuak kaleratzeko tarte bat sortu da. Gustatzen zaiguna da, datorrenari naturaltasunez heltzea, Xerra (Eneko Sierra) eta Txustarekin (Beñat Antxustegi) sortzen den dinamika delako, kafearen bueltan. Azken zazpi urteotan talde dinamikan egiten den zerbaiti baino, hiru lagunek sortzen den horri naturalki erantzuteko modua izan da diskoarena, horregatik etorriko zen akaso hain berandu. Baina aizu, badu bere xarma».
Ezinbesteko bidelagunak
Alberto Lizarralde bidaide garrantzitsua dela aipatu digu Unsainek disko honetan: «Alberto Lizarralderi eman diogu gure sorkuntza eta bere ikuspegiarekin busti du, eta horrek ere akaso ekarri du denboran luzatzea. Baina testuinguru hori ere onartu behar da eta hortik ere ikasi dugu. Hortaz, diskoa kaleratzea, prozesu luze eta esanguratsu baten ondorioa da eta ez lehen diskoa kaleratzen duen talde baten egoera soila. Musikak emozioa sortzen du, edo hori da nire ustez haren esentzia, eta Albertok horri buelta bat eman dio. Emozio gordina izan da guretzat ohikoa, zuzenekoetan hori delako eskaintzen duguna, baina gure plaza hori kolore desberdineko farolekin bete dute parte hartu dutenek. Argi gehiago du, akaso tristurara bideratutako argia, baina kandela txiki bat aurkitzen zen Bi Zaldiren musikaren plaza, orain emozioaren forma berriak sentitzeko farolekin bete da. Beste dimentsio batetara goaz diskoarekin, ez oso urrun dagoena, baina diskoa versus zuzenekoa dilema horren ariketa egiteko aukera ematen du».
Aipatu beharreko beste izena Sorkunde Idigorasena da, interludio guztiak hark sartu zituelako. «Zer esan? Plazer hutsa izan da eta gure 10 abesti horietan bost interludio horiek tartekatzea, gainera abesti baten izenaren zatiekin puzzle bat osatuz, musikalki eta logikoki sekulako ekarpena izan da, baina balio humano handiko zerbait bezala ikusten dut batez ere, originala».
‘Oroimin’ kantuan ia-ia ikasgai bat eman digu Unsainek, «Biharra zure buruari zor diozula, ez beste inori» esaten digu: «Bai, eta kasu honetan lehenengo pertsonan ari natzaio nire buruari. Disko honetan errimekin eta jardun dut, beno, ez disko honetan soilik. Bertsolari frustratu buruan ikusi dut beti nire burua, aitarekin asko aritu naizelako eta nire burua ikusi izan dudalako Belodromoko azken puntua abesten. Bromak aparte, bertso idazkera asko erabili dut, erriman eta metrikan buruari asko ematen diodalako eta hortik kanpora kosta egiten zaidalako idaztea. Gainera titularraren bila ere ibiltzen naiz, bertsolariek azken puntuarekin egiten duten moduan, eta letra lodiz jarri ditugu libretoan, abestiaren bukaeran ideia nagusi hori datorrelako. Hitzak idazteko dudan joera ezagutzen duenak, sumatuko zuen bertsolaritzarako dudan tendentzia hori».
Gitarra baritonoa da diskoan agertzen den instrumenturik deigarriena, baina Gartxoti ez dio berezik atentziorik eman: «Txustak inoiz ez bezala esperimentatu du disko honetan. Material pila bat du eta gauza asko ongi jotzeko gai da, zuzenean asko erabili duen gitarra da eta beste batzuetan gitarra klasikoa edota ukelelearekin ikusi dugun moduan, honetan gitarra klase hau erabili du».
‘Etorkizu’ abestian Anjel Unzu izan dute kolaboratzen eta halako soinu bereziak gehitu dizkio kantuari instrumentu-anitzeko musikariak. «Objektiboki abestiaren lehen 25-30 segundoak jenialtasun hutsa direla iruditzen zait. Albertok egin duena gainera… deskribaezina da. Kantu hau goitik behera aldatu da, zuzenekoetan asko jo dugu eta orain beste zerbait da. Hasieran entzuten diren ahotsak berotzen nenbilela grabatu ziren eta horrekin eta Anjelen perkusioarekin egin du halako collage bat… Objektiboki jenialtasun bat iruditzen zait, eta kontrakoa dionari emango diot nire helbidea eta biolentziarik gabe, baina eztabaidatuko dugu», esan digu Gartxot Unsainek.
Gartxot eta hitzekiko maitasuna
Zazpi urte hauetan hitzak bere osotasunean mantendu dituela ere aipatu du: «Ez zen kontzeptu baten bueltan idatzitako diskoa, baina bai hamar kanturekin osatuko zen zerbait irudikatzen nuela. Kontzienteki idatzi nituen, Hego Amerikara egin nuen bidaia batean, gogo-aldarte jakin baten bueltan. Garai hartan, gogorra izan zen bizipen baten aurrean, lo zeuden tresnak esnatu eta hala sortu ziren letrak, bere ordena jakinarekin. Bi zaldiren hasiera bat ekarriko zuen gero horrek».
‘Itzalita egotea’ abestian aipatzen dituen «kontzientzia ezaren lubakiak» askoz ere gehiago bete dira akaso 2014tik hona: «Garai batean idatzitako sentimenduek zazpi urte beranduago zentzua edukitzea eta letra horiekiko atxikipen hori edukitzeak sentimendu bat sortzen didate, ez harrotasuna edota meritua, baina nire buruari hausnarketa hori egin eta paperera eramatean iraungi ez izanak badu balio berio berezi bat, pertsonala bezain unibertsala. Ilusioa egiten dit eta bada kuriosoa».
Talde bakoitzarentzat ez du modu desberdinean idazten Gartxotek: «Unean uneko sentsazioari kasu egiten diot letrak idazterakoan. Azken urteetan hitz jokoei eta hitzen melodiak eta fonetikak asko erakarri nau, horrekin egin daitezkeen jolasak gogoko ditut. Lehen dena olatu moduan idazten nuen, esaldi osoak idazten nituen bai Yaw, Madeleine edota Bi Zaldin. Baina Bananasen eta Ghau proiektuan hitzen melodiarekin eta zenbakiekin jolastu dut asko. Orain esan nahi dudana baino gehiago, hitzen fonetikari egiten diot kasu eta gero datoz hitzak. Adibide moduan, Ghaurentzat ‘Ontza’ soinuarekin abiatuta «hontzak ez zekien nontzan» esaldia etorri zitzaidan, fonetikoki eta melodikoki gustatzen zitzaidalako, eta horrek ez dakit nora eramango nauen… Gaia gerora etorriko da eta lehen akaso alderantziz egiten nuen. Baina beno, esan nahi dudan hori idazteko tresna desberdinak izatea asko maite dut. Sortzaile bezala mundu honetan utzi nahi dudan testamentu xume horrek hitzetan du garrantzia».
Ez da bakarra izan fonetikoki kantuak idazteari heltzen, baina hizkuntza batek duen erabileraren araberako erakargarritasunaren inguruan ere egin du gogoeta bat: «Hizkuntzaren eraldatzeak garrantzia du. Estandarizazioak beharrezkoak dira, normalizaziorako bidean ezbairik gabe. Baina transformazioak eta betiko formuletatik erortzek aldentzen denean, beste erakargarritasun bat hartu dezake. Zenbatek abestu du fonetikoki hitz egiten ere ez dakien beste hizkuntzatan? Erakargarriak zaizkigu beste hizkuntzetako kantuak eta orain modu hori gurera ekartzearen ariketa egin nahi izan dut, eta horregatik fonetikoki lantzearena. Ezerk baino gehiago sutzen naute mezu hilek eta estandarizatutako formek. Gure hizkuntza aspergarriagoa egiten dela iruditzen zait, eta ez naiz inor besteei halako kritikarik egiteko, baina jolas egin nahi dut eta jolas egiteko modu hau ekarpen interesgarria delakoan nago». Musikarekin ere asko jolasten dute eta hori ‘Ilargia’ kantuan agerian geratu da: «Esperimentazioaren ondorio argi bat da eta guk Albertori emandakotik zer eratorri den erakusten du».
Kolaborazio gehiago
Kolaboratzaileen artean Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ ere hartu du parte, baita Adrian Serna, Joshka Natke, Ander Arzelusek eta Garazi Esnaolak ere bai. Piano jo du azken honek ‘Amildegiak’ kantuan: «Ez naiz hasiko hemen Garaziri loreak botatzen, baina nola esan… Musikazaleon, antolatzaileon, medioen… ekosistema honetan askotan txarra aipatzen dugu eta ez diogu erreparatzen dugun altxor sortari eta biosfera honetako espezie maitagarri eta sinestezina da Garazi. Gizatasunez eta talentuz betetako emakumea da, pianoa bere luzapena balitz bezala jotzen du, abilezia natural batekin. Nik desberdintzen ditut instrumentua hain bere egiten dutenak eta besteoi ahozabalik uzten gaituztenak, eta Garazi pianoaren aurrean jartzen denean, horietako bat da. Beti dago prest eta beti dago gogoz eta beti irribarre batekin, hunkitzen zaituen zerbait ekartzen du bere izatearekin eta bere behatzekin eta ‘Amildegiak’ kantuan beste behin hori egin du».
Argitasuna du kantuak bukaeran naiz eta kantu gogorra den: «Bukaerako titular hori. Bihotza apurtzearen metafora dugu eta normalean orbainak zuzenak izaten dira zauria ixtean, baina kasu honetan indartsua iruditzen zitzaidan ‘u’ forman eta irribarre moduan agertzea zauri horren orbaina kasu honetan. Nahi dugunaren eta tokatzen zaigunaren artean, egiatzat dugun hori amildegitik erortzen denean sortzen den sentimendua da. Istripu guztien gainetik, talka bortitz guztien gainetik, arnastea ere bada sari bat eta onartu behar dugu hori ere».
Maitasunaren B aldeak
‘Amaitasuna’ piezak amaiera baten aurrean jarriko gintuela zirudien baina bestelako zerbait da: «Ama, Aita, -suna dago horren atzetik. Gurasoei egindako kantua da. Asko gustatzen zait lau-bost hitzen arteko batuketa bat egitean bakoitzaren garunak nora eramaten gaituen. Amildegia zuloarekin lotzen da beti eta gogoratzen dut ‘Amaitasuna’ idazten ari nintzen bitartean, amildegiaren bi aldeak lotzen dituen zubi hori gurasoek sortu zutela. Nik beti pentsatzen dut nire gurasoek elkar noizbait lehenengoz begiratuko zutela eta bien arteko begirada horretan zubi bat sortu zutenaren irudi metaforiko hori gogoko dut. Hala, ni zubi horretan eserita, amildegitik irteteko laguntzen duen zubi horretan, begirada horrek sortu zuenean ikusi nuen orduan. Hortaz, horregatik kontatzen dut kantuan metafora hori guztia».
Maitasuna egoera bat, emozio bat, dela dio ‘Artea’ pistan Bi Zaldik, aldarte bat eta ez gauza edo pertsona bat: «Ni ez naiz liburu asko gomendatzen dituen friki horietako bat eta aitortu behar dut Erich Frommen ‘El arte de amar’ liburuak nire ikuspegia asko aldatu zuela. Saiakera bat da, ez da auto-laguntza liburu bat, filosofo garrantzitsu honek idatzia. Akaso izango da 10-13 laguni oparitu diedan liburua, sekulakoa iruditzen zaidalako, niretzako badelako maitasunarekiko dudan ikuspegian biblia moduko bat liburu hau. Gauza asko kontatzen ditu, baina erauzi nuena izan zen maitasuna ez dela pertsona bat, geltoki bat edota aurkitzen den eta galtzen den zerbait, baizik eta egunero landu eta garatu behar den aldarte bat dela eta ikasketa prozesu hori arte bat dela dio Frommek. Esaten du, maitasun-tresna asko daudela hor tartean eta ni goitik behera aldatu ninduen. ‘Artea’ kantua, hortaz, liburua irakurri nahi ez duen horri egindako liburuaren laburpena da».
Kolektiboaren balioa
Diskoa ixten duen ‘Lo zena jaiki da gaur’ izeneko kantuan sekulako korala osatu dute abeslari zerrenda luzearekin, diskoan instrumenturen batekin kolaboratu duten batzuez gainera, Esti Beraza, Maddi Gerriko, Lide Hernando, Tristan Mourguy eta Itzal Uranga batu dira: «Zorionekoak gu hainbesteko babesa ematen digun biosfera txiki horren parte izateagatik. Estilo, talde eta proiektu txiki askotan gabiltza, baina nik uste teilatupe berean gabiltzala eta elkar errez atzematen dugula uste dut diskoan parte hartu dugunok. Izan kantari, gaztetxe, antolatzaile, medio… barrutik ari den jende horren biosferaz ari naiz. Inolako lekuz kanpoko anbizio eta gizatasun faltarik gabeko jendea izaten da eta aipatutako guztiak ezagunak eta gertukoak dira. Horrelako proposamen bati bitan pentsatu gabe baietz esaten dioten gizaki puskak dira. Sonikoki entzuten den urre puska horrez aparte, korala ederra delako, hau bada Bi Zaldiren definizio argi bat, saretze hori guztia, zeresana duen zerbait bada».
Balio dute zigiluarekin atera dute diskoa eta kontatu duen horri guztiari zentzua ematen dio kolektiboak. «Ez dakit zeini otu zitzaion, baina oso ondo aukeratutako izena da. Ni izango naiz gutatik gutxien jabetzen dena kolektiboaren funtzionamenduaz, satelite samarra naizelako. Baina bertan ditugun lagunak ikusita, biosfera horren emaitza diren album eta diskoak ateratzen dira eta Durangon Mukuruko lagunekin izan ginen standa partekatzen. Ez dakit jendeak ikusiko duen, baina sorkuntza horri jarraipena emateko sekulako oinarri humanoa dago eta abesti eta diskoak dira horren guztiaren mugarri. Gora Balio dute, gora eman diguten balio eta babesa, eta gora elkarren artean laguntzea eta zipriztintzea».