IRRATIA

Azken astean kaleratutako lanak Jon Eskisabelen eskutik ‘Badok’ tartean

Izaera handiko hiru proiektu aurkeztu dizkigu aste honetan Jon Eskisabelek. Denek ere disko bana atera dute aste honetan eta zeresana emango dutenaren itxura du.

Bandatze taldearekin batera sortu du bere azken diskoa Rolan Garces musikari nafarrak. (Kike BALENZATEGI)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Mundu mailan ez da oso ohikoa asteartez disko bat kaleratzearena, ezta ostegunez kaleratzea ere. Baina, badirudi, Euskal Herrian ostiralean kaleratzearena eta denak batera etortzearena, ez dela askorik gustatzen.

Hartara, aste honetan bertan kaleratutako kantu eta disko bat aipatuz hasi dugu azken Badok tartea Jon Eskisabelekin. Pasadena proiektua aipatuz hasi du hamabosteroko txokoa: «Sorpresan harrapatu gaitu proiektu honek. Jon Basaguren eta Libe Garcia de Cortazarren proiektua da eta Izaki Gardenak taldean berekin dabiltzan beste bi musikarirekin grabatu dute diskoa, baina ezustean atera da. Izan ere, Izaki Gardenak taldeak sormenerako-edo eten bat hartua zuen eta badirudi sormenerako balio izan diela itxialdi garaiak bi hauei eta kantuak plazaratu dituzte. Izaki Gardenak edota Liberen proiektuetako abestiak izan zitezkeen, bien kutsua duelako, baina berezitasun moduan, abesti guztietan biek kantatzen dute», aipatu du Eskisabelek.

Nafarroatik datorren disko bat, asteartearekin kaleratu dena baita ere, ekarri digu bigarren tokian Badok atariko arduradunak. «Proposamen interesgarria da, aurrekoan looper batekin egindako abestiekin osatu zuen diskoa eta hark arreta erakarri zion nonbait GOR zigiluari eta haiekin eta Bandatze taldearekin elkarlanean kaleratu du lan berria. Hainbat musikarik hartu du parte eta badu mendebalde urrunaren ukitu bat», esan du Eskisabelek.

Azken erreferentzia Liher taldeari egin dio kazetari gipuzkoarrak. «Intxaurrondoko aurkezpenean ikusi genuen zer zetorren eta bertako soinuarekin hasiera batean ez nintzen konforme. Baina aurkeztu zigutena oso interesgarria da eta indartsua», kontatu digu Badok tartean.

Hiru kantu desberdin eta hiru proiektu interesgarri, beraz, azken hautaketan:

– Pasadena - Bihotz taupada eta Labana

– Rolan Garces & Bandatze - Sarez sare

– Liher - Nor zaren ere