Biolontxeloa poliedrikoa dela erakutsi du Triggerrek bere azken lanean
«Jakintza komunitatearekin elkarbanatzea komunitate bezala aritzeko oinarrizko jarrera bat da» dio Triggeek, eta horixe egin du bere bigarren lanean: ’Poliedro Vol. I’. Bioleontxeloarekin ohikoak ez diren lurraldeak esploratu ditu, eta jarraitutako mapa konpartitu du 11 kapituluko liburu batean.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Mugak ez ditu maite Eñaut Zubizarreta Mendietak, eta gustoko izatekotan, mugaz gaindi aske galtzeko da. Biolontxeloa da bere arma bakarra, eta ez dezala inork pentsa europar mendebaldeko luraldeetan ibiltzen denik. Bach, Beethoven, Chopin eta Debussy ez dira bere kamaradak orain, garai batean, igual. Biolontxeloa beste mundu batzuetara hurbiltzeko saiakera egin du Zubizarretak, a.k.a Triggerek, bere bigarren lanean: ‘Poliedro Vol. I’.
Leintzen sortua, Bartzelonan bukatu ditu biolontxelo ikasketak. 2019ko otsailean ‘Esku bi, hamar hatz’ diskoa kaleratu zuen, eta bi urte beranduago ikusi du argia bere bigarrenak, ‘Poliedro Vol. I’ disko-liburuak.
Lan trifasikoa da, hiru zatitan bildu ditu 19 abesti, zati bakoitzean ikuspuntu bat. Poliedroa, geometrian mugatua den bolumena da eta bista ezberdinetatik begiratu daiteke, eta ezberdin ikusi. Marrazketa teknikoan ohikoak diren hiru bistak, aurretikoa, albokoa eta goikoa, garatu ditu Triggerrek bista bakoitzari zentzu berezi bat emanez. «Zentzu nagusia formazioa da. Hau da, aurreko bistan parez-pare dago txeloa, tranparik gabe. Albotiko bistan, trio formatuan gaude, kolektiboagoan. Goiko bistan, efektuak, pedalak, looperrak sartu ditut...» azaldu digu Triggerrek. Ez da hori egin duen banaketa bakarra, bista bakoitzak kolore eta formetan banatu ditu. Lehena, zorrotza eta gorria. Bigarrena, engranajeen bidez irudikatu du eta beltzez; goiko bista irudikatzeko kolore hotzak erabili ditu eta zirkuluak.
Diskoarekin kaleratutako liburuak 11 kapitulu ditu guztira, eta sekretu denak konpartitzen ditu bertan Triggerrek. Metodo eta partitura guztiak konpartitu nahi izan ditu, eta hori musikarien artean ez da oso ohikoa. «Jakintza komunitatearekin elkarbanatzea komunitate bezala aritzeko oinarrizko jarrera bat da. Ezin gara ibili perretxikoetan ibiltzen direnak bezala: hau nirea da eta ahal den guztia hartuko dut eta besteari batere ez utzi...».
Euskaraz publikatzea hautu politikoa dela dio Triggerrek, «musika ikasten 6 urterekin hasi nintzen eta 24 urterekin bukatu. Ibilbide akademiko horretan ez dago euskararen arrastorik. Egia da ni Kataluniara joan nintzela baina Euskal Herrian geratu izan banintz ere, nekez izango nuke euskaraz aritzeko aukerarik. Gaur egun, ikerketa lan denak, erreferentzia denak, beste hizkuntza batean aurkitzen dituzu. Horrelako lanekin, gabezi hori poliki-poliki atzean utziko dugu eta biharko jendeak eta, gaur egungoak ere, bertako erreferenteak izango ditu bertako hizkuntzan».
Liburuko lehendabiziko bi kapituluak bizipen pertsonaletan daude oinarrituak eta kritika egiten zaio ere egungo mendebaldeko musikari, batez ere, musika klasikoari. «Musika unibertsala da, bai. Baina mendebaldeko ikuspegitik. Europarrek mundua kolozinatu zuten eta historia bakar bat existitzen da. Musikan berdin geratzen da» dio Triggerrek. «Beethovenek lengoaia jakin bat du, baina Asian ez da lengoaia hori erabiltzen, Afrikan ere ez, ezta Brasilen ere... musika klasikoa europarrek egindako muska da. Beraz, ez esan musika klasikoa unibertsala denik, hori europar-zentrista da erabat».
Kritika hori bere bigarren lanera eraman du Eñaut Zubizarretak, eta ohiko moldeak hautsi eta esperimentatu du nahi adina. Berri Txarrak, Sepultura, Kuraia...ditu maite eta rocketik abiatuta estilo ezberdinak garatu ditu hainbat kantuetan. «Eskuineko eskua gitarra bat balitz bezala da. Berri Txarrak totala da hau» dio ‘Arrengura’ kantuari erreferentzia eginez. Harmoniarekin ere jolastu du txeloaren afinazioa aldatuz: «nire ibilbide akademikoan beste afinazio batekin izan dudan esperientzia bakarra Bachen bosgarren suitea jotzean izan da» azaldu du. Ez da hori gertatu ‘Poliedro Vol. I’-en «nik egin dudana esperimentu txiki bat da, baina badago hor mundu bat jorratzeko» dio.
Forbbiden Colours zigiluarekin kaleratu du bigarren lana eta diskoaren grabazioa ahalik eta errealena izatea nahi zuen. Diskoaren lehen zatia, aurrez-aurreko bista, egun bakarrean grabatu zuen Leintz-Gatzagako Dorletako ermitan. «Erresonantzia eta erreberberazio naturala izateko eliza bat bilatu genuen», dio. Diskoaren beste bi zatiak estudioan egin dira, Aretxabaletako kuartel zaharreko estudioan.
Azaroaren 18an Ordiziako Herri Aretoan joko du, azaroaren 23an Soraluzeko Herriko Tabernan bakarka eta abenduaren 5an Markina-Xemeinen izango da ‘Poliedro Vol. I’ aurkezten.