[11] ´Egunean behin´ jokoan zenbat galdera asmatzen dituzu zuk?
Este navegador no soporta el elemento audio.
Transkripzioa:
Ioar:
Poz-pozik zatoz, Ander.
Ander:
Egun on, Ioar. ´Egunean behin´ jokoan galdera guztiak asmatzea lortu dut!
Ioar:
Eta zenbat dira guztiak?
Ander:
Hamarretik hamar. Orain arte ez nuen halakorik sekula lortu.
Ioar:
Zenbat taldetan zaude?
Ander:
Kuadrillakoen artean badugu ´Egunean behin´ talde bat. Unibertsitateko batzuekin ere ari naiz. Eta goi-goian nago herriko euskara elkarteak sortu duen taldean.
Ioar:
Ni ez naiz joko horretara zaletu.
Ander:
´Egunean behin´ jokoaz gainera, bestelako batzuk ere plazaratu dituzte. Ezagutzen al dituzu ´Worlde´ eta ´Berbaxerka´? Ni bietan aritzen naiz, eta horrexegatik erantzun nituen beste hiru galdera ondo.
Ioar:
Ez dizut tutik ere ulertu, Ander. Zenbat joko ezberdin daude euskaraz?
Ander:
Aitzindaria eta arrakastatsua “Egunean behin” da. Beste biak berriak dira sarean.
Ioar:
Interneten daude, hortaz.
Ander:
Hori da. Luistxo Fernandez ´Egunean behin´ jokoa lantzen aritzen da. Hark irratian azaldu duenez, ´Berbaxerka´ eta ´Wordle´ jokoei keinua eginez sartu dituzte galdera berriak. Horri esker asmatu nituen atzo galdera gehiago.
AUDIOA-1 | LUISTXO FERNANDEZ
Ander:
Onartu beharra daukat: bizioa sartu zait.
Ioar:
Uste dut jende asko dabilela zure antzera. Kontatu didatenez, barra-barra sortu dira sariak ere.
Ander:
Bai. Gure herriko euskara elkartearen saria, adibidez, astero izaten da. Aurreko astean puntu gehien lortu dituenari kafea doan ematen diote ostatu edo kafetegi batean.
Ioar:
Hamar erantzunak ondo bazenituen, puntu mordoxka bat irabaziko zenuen, ezta?
Ander:
Apurka-apurka puntu franko lortzen ari naiz. Hala ere, nazio mailako sailkapenean asko dauzkat aurretik.
Ioar:
Egia esango dizut: aplikazioa deskargatu nuen, baina aspaldian ez daukat astirik. Ikasketak direla, kirola dela, bilerak... Ez naiz iristen jolasetara.
Ander:
Hamar galdera besterik ez dira. Ahalik lasterren erantzun beharrez, zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta denbora gutxiago igarotzen dut. Asko ikasten ari naiz.
Ioar:
Izurritearen garaian deskargatu nuen aplikazioa, lagunei entzunda. Baina ez diot jaramonik egin.
Ander:
Garai hartan hasi nintzen ni ´Egunean behin´jokoan. Esaten dute 60.000 lagun baino gehiago garela.
Ioar:
Horrenbeste? Ez da broma, gero!
AUDIOA-2 | LUISTXO FERNANDEZ
Ioar:
Luistxo Fernandezen arabera 86.000 lagun aritu zarete azken denboraldian. Txundituta nago. Dagoeneko zortzi denboraldi izan ditu ´Egunean behin´ jokoak.
Ander:
Hamar euskaldunetatik batek jokatzen omen du. Ezetz asmatu 86.000 horien artean zenbatgarren postuan nagoen ni?
Ioar:
Lehen 40.000 lagunen artean?
Ander:
Gorago, gorago.
Ioar:
20.000 lehenengoen artean beharbada?
Ander:
Askoz gorago.
Ioar:
Ez didazu esango aurten finalera helduko zarela, ezta?
Ander:
1723. postuan nago une honetan.
Ioar:
Ez da sinestekoa! Ikasketetan baino hobeto ari zara!
Ander:
Tira, Ioar, orain ere eztena sartu behar didazu?
Ioar:
Nahi nuke, gaia ateratzen duzun hurrengoan egia esatea. Aipatzen ez baduzu, mailan behera egin duzun seinale izango da.
Ander:
Nire ustez, oraingo martxan, egunero ondo antzean ibiliz gero, aste batzuen buruan lehen milakoen artean izango naiz. Garrantzitsua da niretzat.
Ioar:
Hain zuzen ere, Behobia-Donostia lasterketan ez ginateke lehenbizikoekin iritsiko.
Ander:
Horiek zangoak erabiltzen dituzte azkar. Eta nik, burua.
Ioar:
Ez ahaztu, ordea: jokoa ez da errenta!
Ander:
Zer?
Ioar:
Kontuz ibiltzeko.
Ander:
Aizu, mikaztu egin al zara nire mailarengatik?
Ioar:
Ez, lasai horregatik. Asko pozten nau zure aldarte onak.
Ander:
Banengoen ba. Orain, Ioar, utzi egin behar zaitut. Tarte bat libre hartu eta gaurko partida jokatzera noa. Bihar arte.
Ioar:
Adio. Ondo ibili. Baina ez pasa.
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Onomatopeia polit bat.
Ioarrek esan du: —«Kontatu didatenez, barra-barra sortu dira sariak ere».
Ioar:
Euskaraz, hitz ugari osatzen dira errepiken bitartez.
Bor-bor, pil-pil, dar-dar, dir-dir, kili-kili, doi-doi, ozta-ozta, mara-mara, nahas-mahas, duda-muda, zirti-zarta.
Esan ditzagun orain barra-barra erabiltzeko forma batzuk:
—Gure auzoan erdaraz jarduten dute barra-barra.
—Harroputz horrek barra-barra gastatzen du dirua.
—Andreak barra-barra ibili ziren manifestazioan.
—Barra-barra zabaldu da Kuban izan zaretela oporretan.
—Euria ari du barra-barra.
Hemen entzun dezakezue Luistxo Fernandezi egindako elkarrizketa.